GAUR8

Messi jainko baten pare Argentinan

Urrezko Baloia zortzi aldiz irabazi ostean, esan dezakegu Lionel Messi argentinarra aktiboan dagoen futbol jokalaririk onena dela, nahiz eta baten batek zalantzan jarriko duen baieztapen hau. Bere jaioterrian jainko baten pare kokatu dute, ikur bat da, eredugarria denontzat. 

Kirola eta identitate nazionala nahasten dira Argentinan Lionel Messiri buruz hitz egiten dutenean, futbolaria harrotasun bat delako bertakoentzat, baita eredu bat ere. 39 urte bete berri dituen futbolaria jokatzen ari diren Munduko Kopan, momentuz, gol gehien sartu dituen jokalaria da.

«Messi ilusio bat da. Messik Maradonak bere garaian eman zigun poza berreskuratu du. Gure Jainkoa da», dio Brenda Ballok bere jatetxearen aurrean. Temple du izena eta tenplu bat izango balitz bezala, Messi abadez jantzita ageri den argazki bat du leiho batean.

Sergio Pereira turismoa egiten dago Argentinan, eta Messiren irudia daramaten souvenirrez betetako denda batean dago, gauzak begiratzen: «Ni txiletarra naiz baina Argentinarekin noa zeren nire herrialdea ez da Munduko Koparako klasifikatu. Argentinak futbol ikonorik handiena duenez, Argentinako selekzioa babesten dugu», aipatu du.

Walter Alegrek uste du Messi «sentimendu nazional bat» dela. «Izan gaitezken guztiaren ideia da eta artearekin, gogor saiatuz eta bihotza jarriz munduko gailurrera iritsi gaitezkela pentsatzearen harrotasuna ere bada», azpimarratu du. Honek ere bere jatetxea du, non izarraren irudia ez den falta, Rodrigo Moreiraren jatetxean bezala. «Irabaziko ahal du beste kopa bat! Ondo merezia du! Baldin badago norbait kopa irabaztea merezi duena, hori Messi da», iritzi du honek.