Laurogeita hamar
Erraz esaten da laurogeita hamar, baina mundu oso bat ere bada. Laurogeita hamar urte bete dira egun hauetan espainiar Estatuan gobernu errepublikanoaren aurka eta, oro har, emantzipazioaren aurka abiatu zen estatu kolpe hartatik.
Sanferminak joan zaizkigu eta joan ziren 1936koak ere; 7Krako idatzi zuen erreportajean kontatu zigun Pello Guerrak duela pare bat aste. Izen propioak agertzen ziren: Mola, Garcilaso, Fanjul, Benito, Rodeznoko kondea kolpea prestatzen edo hartara batzen, eta jaia bera ere horretarako aprobetxatzen. Toki esanguratsu batzuk ere bai: Gaiarre antzokia, Euskal Jai, Gazteluko plaza. Leku batzuek antzeko jarraitzen dute, beste batzuk desagerrarazteraino eraldatu eta bota dituzte azken mendean. Sanferminen inguruko kronika txikia ere bazekarren Guerrak; entzierroen edo dianen ordutegia desberdina zen, festen iraupena ere bai.
Uztailaren 18 hartaz geroztik, Iruñean bertan prestatu zen kolpe hura eraman zuten aurrera kolpistek, eta Errepublikari eta gobernuari leial izan zirenek ezin izan zuten askorik egin. Nafarroan ez zen gerra-fronterik egon, eta ehunka eta ehunka pertsonaren etorkizun hurbilak bide-bazter batean amaitu zuen, tiroz hilda. Beste askok ihes egin behar izan zuten beren herrietatik, eta beste hainbesteri lapurtu zieten zeukaten guzti-guztia.
Mundu berri baten aldeko hazia ereiten saiatu ziren milaka eta milaka pertsonaren aurkako kolpea. Ez dugu sekula jakinen nola joanen ziren azken laurogeita hamar urteak estatu kolpeak porrot egin izan balu, Euskal Herrian bertan ere zein botere eta nazio emantzipazio maila izanen genukeen. Baina badakigu nola egin zuen Euskal Herriak itxaropenetik ikararako bide lazgarri hura. Hori baita, azken finean, faxismoa: ametsak nola edo hala lurperatu nahi dituen mugimendua, edozertarako prest dagoena.
Joan dira laurogeita hamar urte. Eta orain, zer?
Espainiar Estatua abila izan da amnesia kolektiboaren bilaketan; diktadorea hil ondoren ere hemen ez da egon ez erantzukizunik, ez aitortzarik, ez hausturarik. Botere-guneek eta botere-konfigurazioek berdin jarraitu dute. Faxistak demokrata altxatu ziren, gauetik goizera.
Euskal Herrian, azken hamarkada luzeetan, aldiz, memoria historikoari begirako lan eskerga egin da. Eremu askotatik eta ahalik eta informazio, lekukotza eta dokumentazio lan handiena eginez. Leku batetik edo bestetik, ehunka izan dira bide horretan ekarpen txiki eta handia egin dutenak: lekukotzak bilduz, unibertsitateko memoria-fondoan, literaturaren bidez kontatuz, hezurrak lurpetik aterata, omenaldiak eta hilarriak eginez.
Galdera da hemendik aurrera nola izanen garen kapazak egin den horri guztiari jarraipena emateko, baina bereziki eta batez ere gertatutakoa transmititzeko, interpretazioak egiteko, historia errepika ez dadin lan egiteko eta itxaropen izpi haien jarraipen izateko. Memoriak, eta horretaz -gustatu ala ez- badakigu zerbait Nafarroan, atxikimendu eta lotura garrantzitsuak egiten ditu, ezinbestekoak eta borrokarako helduleku direnak. Nire ustez, beste molde batzuk asmatuko dira eta memoriarako beste tresna batzuk existituko dira -Iruñeko memorial antifaxista, adibidez-.
Urrunegi daude beharbada ehun urte, baina faxismoa eta mugimendu erreakzionarioak ez dira atzoko gauza. Memoria ere bada haiei aurka egiteko bide eta herri berri baten alde borrokatu zirenei omenaldi. •

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

«Gerra Zibilak etena ekarri zuen euskal kulturara, baina ez zen basamortua izan»

