Demokraziaren ajeak eta beste esklabotza batzuk
Ameriketako Estatu Batuetako demokraziaren kalitateak nabarmen behera egin omen du. Suediako V-Dem Institutuaren aurtengo txostenaren arabera, Orbanen Hungariaren edo Erdoganen Turkiaren pareraino jaitsi da azken urtean. Nolanahi ere, batez ere kanpo politika kontuan izanik, AEBk ia bere sorreratik etengabe egin izan duena baino ez du egin azken urtean ere.
Demokrazien kalitatea neurtzen hasita, ez da adierazle txarra iragan astean Ceutan gertatutakoa, nabarmen utzi baitzuen herrialde sorta mardul baten izaera. Marokok inoiz ez du zalantza handirik egiteko motiborik eman; Europar Batasuneko estatuak, Demokraziaren balioen zaindaritzat joak, gaur egun ez daude disimuluan ibiltzeko eta Ceutako gertakarien ondoren immigranteen kontrol zorrotzagoak ezartzea erabaki dute.
Marokori protagonismoa kendu gabe, AEBk eta Israelek ez dute alferrik galdu beren kalitate demokratikoa neurtzeko hamaikagarren aukera, egunero genozidio, bonba, muga-zerga, ICE eta mehatxu gisa eskaintzen dituzten adierazleak osatuz, inongo instituturen azterketaren beharrik izan ez dadin edo.
Maiz gogorarazten da lehenbiziko demokrazian, Grezia klasikoan, esklaboek ez zeukatela botoa ematerik. Pentsa, Periklesen Atenas liluragarrian. Aristotelesek, hurrengo mendean, esklabotzaren zentzua aztertu eta haren azalpena eman zuen “Politika” obran. Esklabotza berez zuzena eta beharrezkoa dela idatzi zuen, agintzeko jaiotzen direnen eta obeditzeko jaiotzen direnen arteko banaketa naturalaren araberakoa. Izan ere, herritar edo hiritar libreek ezin zuten lan fisikorik egin, politikan eta filosofian jardungo bazuten. (Antzeko zerbait aldarrikatu zuen Bertrand Ru-ssellek 24 mende geroago “Aisiaren laudorioa” saioan, baina ez esklaboen bizkar, lanaldia murriztuz baizik. Herritar guztientzako aisialdiaren beharra nabarmendu zuen, artea, zientzia, pentsamendua lantzeko aukera izan zezaten).
Aristotelesek dioenez, esklaboak aginduak ulertzeko gaitasuna du, baina ez du bere erabakiak hartzeko edo bere bizitza gidatzeko behar besteko arrazoimenik. Emakumearen antzera; hori bai, mazedoniar filosofoak onartzen du emakumeak baduela berez erabakitzeko gaitasuna, baina ez aginpiderik, «gizon inperfektua» baita. Gogorarazi beharra balego ere, emakumeek ez zeukaten bozkatzerik.
K.a. IV. mendean Aristotelesek esklabotzaren inguruan eman zituenen antzeko argudioak eman zituen XIX. mendeko zientziak, are flipagarriagoak. Munduko lehen demokrazia modernoak, AEBk, besteak beste, erruz baliatu zuen esklabotza, eta hura desagertu edo, hobeto esateko, abolitu baino askoz geroago arte emakumeek ez zuten bozkatzerik izan, ez han, ez mundu osoan. Gaur egun munduko herrialde gehienetan bozkatzen dute; hala ere, haien esklabotza sekula aitortu gabea oraindik ere ez da abolitu.
Joxe Azurmendik zorrotz aztertu zuen munduan nagusi den demokrazia eredua. Ez zuen soluziorik eman, baina bai bidea seinalatu: demokrazia, gizatalde baten proiektu guztiak legez, egin egin behar da. •

«Langile batek urtean egiten dituen orduak guk sei hilabetetan egiten ditugu»
Kasketa euskarafoboak

«Abesti-omenaldi hau grabatzea niretzat zirkulu bat ixtea bezalakoa izan da»

Israelek 54 adingabe hil zituen iaz Zisjordanian; honela gertatu zen

