Kasketa euskarafoboak
Ez dira atseginak kasketak, ez umeenak ez helduonak. Inguruko umeren bat neka-neka egina dagoenean, edozerengatik purrustaka, batere arrazoirik gabe topatzen duen guztia lurrera botatzen hasten denean, begiak zeharo estutuz malkoren bat ateratzeko, «kasketa» hartu duela esan ohi dugu. Lagunartean ere maiz erabiltzen dugu terminoa, eztabaida antzuetan bueltaka ibili eta arrazoirik ez duen lagunak onartzen ez duenean, mozkorraldi txar batean norberaren zilborrari besterik begiratzen ez diogunean…
Imajinatu lanbide publiko batera aurkezteko bete beharreko irizpideetan euskara eskakizuna eskatzen dela, berau ikasteko baliabide guztiak eskura jarriz. Imajinatu hizkuntza hori menderatzen ez duen baina lanpostu hori eskuratu nahi duen pertsona bati ez zaiola ongi iruditzen, eta Telegram talde bat egiten duela berak bezalaxe pentsatzen dutenekin. Kasketa birtuala. Imajinatu talde horretan abokatuak daudela, eta kasketosoak sortzen ari diren negar antsien ondorioz epaitegietara jotzea erabakitzen dutela, eta bertan, epaileek, isiltzeko goxoki gisa arrazoia ematen dietela. Kasketa judiziala.
Imajinatu unibertsitatera sartzeko proban (USaP) zuzentzaile batek behar den bezala zuzentzen dituela azterketak, irizpideei jarraiki. Eta imajinatu euskarazko gutxieneko jakintzarik ez duten ikasleek ez dutela azterketa hori gainditu -fisikako gutxieneko ezagutzarik ez dutenek gainditu ez duten bezalaxe- eta imajinatu gainditu ez dutelako protestak antolatu dituztela. Kasketa kolektibo bat. Eta imajinatu irakasleek, ikasle horien ezagutza ezaren jakitun babestu egiten dituztela hedabideen aurrean, eta gurasoek beraien seme-alabatxoak babesteko asmoz, epaitegietara jotzen dutela. Heldu kasketa. Imajinatu instituzioetako ordezkariek zuzentzaile horiek seinalatzen dituztela, eta imajinatu epaitegiek guraso horiei arrazoia ematen dietela, eta agindu dutela ikasle horien nota eskasa kontuan ez hartzea, beste arloetako ikasleen nota baxu guztiak kontuan hartzen diren bitartean. Kasketa inpartziala.
Imajinatu herriko festak direla, demagun, Algortan. Eta imajinatu bertako talde euskaltzaleak tonu umoretsuz ekimen bat egiten duela txosnetan: txosnaren izkina batean leihatila bat jartzen duela, «Ventanilla para pedir en castellano. Lasai, beste guztietan euskaraz». Imajinatu euskararen aurkako oldarraldi betean egiten dela ekimen hau, euskaraz bizitzea ezinezkoa bihurtzen ari den ingurune batean. Imajinatu Bizkaia aldean gehien saltzen den egunkariak «albiste» bat egiten duela gaiarekin, eta jai giroan sortzen ari ez zen polemika artifizial bati bazka ematen diola. Kasketa publikoa. Imajinatu herri horretako alderdi batek, Alderdi Popularrak, demagun, sare sozialetan salatzen duela txosnetan egindako parodia: «Probokazioa eta gaztelera erabiltzen dugunok markatzea bilatzen duen erabaki berri bat. Horrela ez da euskara bultzatzen, banaketak eragiten dira». Kasketa popularra(?).
Utzi imajinatzeari momentu batez. Azken hilabeteetan euskararen aurka erregistratutako kasketen historia laburra da hau. Euskara eta euskaldunok etengabe eta estrukturalki zapaltzen gaituztenek «biktima» papera hartuta dinamizatu dituzten kasketak. Eta ez, inorentzat ez dira atseginak kasketak, baina gogora dezagun nondik sortzen diren, eta kasketaldi txar batek ez duela inor arrazoia izatera eramaten. Kasu egin nork hartzen dituen kasketak eta zergatik, eta kasu nork egiten dien jaramon •
Kasketa euskarafoboak
Erabileraren obsesioa

«Langile batek urtean egiten dituen orduak guk sei hilabetetan egiten ditugu»

«Abesti-omenaldi hau grabatzea niretzat zirkulu bat ixtea bezalakoa izan da»

