Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Rohingyen krisialdia, munduak ahaztua

(Muhammad Amdad Hossain | EUROPA PRESS)

Ahaztutako gatazken zaku zabal horretan rohingyak ere badaude. Aberrigabeak, Bangladeshen 1,2 milioi errefuxiatu bizi dira egoera lazgarrian, Cox´s Bazarren eta beste kanpaleku batzuetan. Myanmarreko Armadaren errepresio gordinetik ihesean iritsi ziren. 2017. urtean militarrek etnia honen komunitateei erasotzeaz gain, bonbardatu eta su eman zieten. Milaka pertsona hil dira ihesean, itsasoz Blangladeshera, Indonesia, Malaysia edo Thailandiara iritsi nahian. Pasa den uztailean, bi hondoratze gertatu ziren Myanmarreko kostaldean. Horietan, 500 rohingya hil ziren beldur dira Nazio Batuetako agentziak. Arakan estatutik atera ziren ekainean eta itsasoan zeudela ontziekin kontaktua galdu egin zen. Errefuxiatuentzako kanpalekuetan bizi direnen egoera ere larria da. Cox´s Bazarrekoa -irudian- munduko handiena da eta ez ditu oinarrizko bizi-baldintzak bermatzen. NBEko adituek ohartarazi dutenez, bertan bizi diren errefuxiatu asko -gehienak emakumeak eta haurrak- pertsonen salerosketa sareen biktimak dira. «Talde armatuak eta sare kriminalak errefuxiatu horien aukera faltaz baliatzen dira haurrak eta gazteak erakartzeko, enplegu, hezkuntza edo ezkontza eskaintza engainagarrien bidez», adierazi dute. Hori ekiditeko, neurriak eskatu dituzte. Orain arte, ez dira sekula iritsi.