Nor diren zahartu direnetik
Azken boladan behin baino gehiagotan suertatu zait ospitalera joan behar izatea. Ez zait tokatu ipurdia bistan uzten dizun bata tantoduna janztea, ohatilan etzatea edo plastikozko erretiluko menua dastatzea; azkenekoetan bisitan joan naiz eta ondoan egotea, besaulkian jartzea zein kafe makinaren ondoko elkarrizketei eustea izan dira nire zeregin nagusiak. Bertaratzeko nahitaez motibo bat behar izaten den leku horietakoa da ospitalea, osasun langile batzuen mimoei esker izanen ez balitz, bizipoz eskasa dariona. Intimitatea nekez banatzen den geletako ate gehienak irekita zeuden egun hartan, eta jendea sumatzen zen ahopeko elkarrizketetan. Etengabeko zurrumurru bat lixiba eta alkohol usainarekin nahasita. Eskaileretan goiti-beheiti aritu nintzen, azkenean, sendagile baten argibideei esker 410. ateraino ailegatu arte.
Besaulkian eserita ikusi nuen, parean erizain bat zuela. Ondoko aulkia tentuz eta isilik neureganatu nuen elkarrizketa ez oztopatzeko. «Ez begiratu horrela, ez da ulertzeko hain zaila», erran zion langileak irri erdi batez. Infekzioari buruzko probak eginak zizkion jada, eta bertze kontu batzuez ari ziren. Erizainak azaldu zion gizakion garuna epe luzeko eta epe motzeko memorietan banatzen dela, eta lehendabizikoa osasuntsu zuen arren bigarrena entrenatzeko premia handia zuela. Hargatik gogoratzen zituela hain ongi datak eta izenak, baina, aldi berean, horregatik kostatzen zitzaiola oroitzea zer bazkaldua zuen edota zein astegun zen. Ez kezkatzeko eta ez zela larria, 90 urterekin normala zela neuronen arteko komunikazioa moteltzea. Ulertzen zuela erantzun zion, inolako protestarik egin gabe: arrazoia zuela. Elkarrekin egiteko hainbat ariketa proposatu zizkidan niri. Arratsalde hartan hitzen zerrendak gogoratzen eta irudiak identifikatu ahala errepikatzen aritu ginen, nahiz eta nahigabe garai bateko kontuak aipatzeko tranpa egin. Etxean eta errutinaren zurrunbiloan ez da hain erraza ariketetarako pausa bat hartzea.
Aldi hartan lehendabizikoz egon nintzen adineko bat zaintzen eta bakarrik ospitale batean. Zahartzaroa modu ezberdin batean ikusi nuen parez pare eta ezin dut gaia bistatik kendu ordutik. 24 urte bete berri ditut eta batzuetan zaila egiten zait zahartzaroari buruz solas egitea. Ez dakit zehazki elkarrizketari nondik heldu, ez bada zaintzatik, bakardadetik, heriotzatik, zaurgarritasunetik… Buruan sartu zaizkidan zahartzaroaren alde ilun horietatik guztietatik. Egia erran gutxitan aditu dut zerbait zoriontsua zahartzeari buruz. Nahiz eta une oro hurreratzeko pausu bat eman, neronek ere nekez irudikatzen dut nire zahartzaroa nolakoa izanen den edo nolakoa izatea nahiko nukeen.
Egunerokoan adineko jendea hagitz presente dut nire bizitzan, baina konturatzen naiz haien umezaro, gaztaro edo helduaroko kontuez solastatzen naizela eurekin gehienbat. Gutxitan galdetu diet ea nor diren zaharrak direnetik, ea nolakoa den zahar baten gorputza bizitzea. Zer sentitzen duten orain eta hemen, zein behar dituzten, zein amets, zein ezinegon eta zein poztasun. Nor ziren baino, nor diren zahartu direnetik, horixe jakin nahiko nuke. Nik ere, agian, epe motzekoari erreparatu beharko nioke epe luzekoari beharrean. •



