
Galdakaoko Udalak prest dauka Ahalduntze Eskolaren 2026-2027ko ikasturterako programa eta asteazken honetan, irailaren 2an, zabaldu du izena emateko epea. Berdintasun arloak bultzatuta, urtez urte sendotzen joan den ekimenak besteak beste, prestakuntza, esperientzien trukea eta hausnarketa uztartuko ditu, betiere ikuspegi feminista oinarri hartuta. Izen ematea irailaren 16ra arte egongo da zabalik.
Galdakaoko Udaletik jakinarazi dutenez, 11 ikastaro eskainiko dira ikasturte berrian, eta bakoitzak hainbat saio, tailer eta adituen hitzaldi bilduko ditu. Programak hitzaldiak aurreikusten ditu hilero, urria eta apirila bitarte, baita frankismoa eta trantsizioa ardatz izango duten lau ibilbide feminista eta hitzaldi ere.
Jarduerak doakoak izango dira eta interesa duen edonorentzat daude irekita. Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 16ra arte egongo da zabalik, eta matrikula Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan edo Udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da. Onartuen zerrenda irailaren 21ean argitaratuko da Udalaren webgunean eta onartutako pertsonei soilik jakinaraziko zaie emaitza.
Ikastaro, tailer, ibilaldi eta hitzaldiak 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta daude, eta bakoitzak gehienez bi modulutan eman ahal izango du izena, lehentasun ordena adierazita. Plaza kopurua gaindituz gero, Galdakaon erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Matrikularen prezioa 20, 30 edo 40 eurokoa izango da, aukeratutako ikastaroaren arabera.
Ikastaroak urritik maiatzera bitartean izango dira, Torrezabal Kultur Etxean; Trebetasun Digitalak ikastaroa, berriz, Eperlandan (Aperribai) izango da, urritik otsailera.


