GAUR8

Huthien ofentsiba ezin geldituta dabil Yemengo Armada

Saudi Arabiak bonbardaketak areagotu arren, huthiek erasoekin erantzun dute eta Itsaso Gorriko kostaldearen kontrolak Bab el Mandebeko itsasartea eta nazioarteko merkataritza arriskuan jarri ditu. Bien bitartean, krisi humanitarioa gora doa eta 100.000 desplazatu baino gehiago daude jada.

Huthien ofentsiba gelditu ezinik jarraitzen du Mendebaldeko eta Golkoko estatuen errekonozimendua duen Yemengo Armadak. Azken honen aliatu nagusi den Saudi Arabiak ere areagotu ditu huthien aurkako bonbardaketak, Bab el Mandebeko itsasartearekiko kezka handitzen ari den bitartean. 

Era berean, Huthiek Saudi Arabiaren aurkako erasoei eutsi diete azken orduetan. Yemengo gobernu zaharra berrezartzeko helburua duen koalizio militarrak azaldu duenez, astearte honetan Huthiek misilak eta droneak jaurti zituzten Saudia Arabia hegoaldeko hiru hiriren aurka, 13 zauritu utziz gutxienez.

Huthien Armadako bozeramaileak berriz, Saudi Arabiako Khalid Erregea base militarraren aurkako eraso baten berri eman du eta ohartarazi du euren operazioek aurrera jarraituko dutela Saudi Arabiak Yemengo herriaren aurkako «eraso bidegabea» mantentzen duen bitartean.

Riadek, berriz, «beharrezko neurri operatibo guztiak» hartuko dituela agindu du, baina momentuz, frontean huthien ofentsiba gelditu ezinik jarraitzen dute eta babes eske ari dira, Golkoko estatuen artean edota Egipton.

Nazioartearen kezka nagusia, Bab el Mandebeko itsasartea da. Pasa den astean Mokha hiria okupatu ostean, praktikan, Itsaso Gorriko kostalde osoa euren kontrolpean dute huthiek eta are eta eraginkortasun handiagoarekin itxi dezakete nazioarteko merkataritzarentzako kritikoa den itsasartea. Eta ezin ahaztu, esparru geopolitikoan eduki dezakeen eragina, Irango Errepublika Islamikoaren aliatu direlako huthiak eta horrek esan nahi du Ormuz eta Bab el Mandeb aldi berean itxi ditzaketela orain. 

Bien bitartean, Djiboutirantz Bab el Mandeb zeharkatzen ari diren errefuxiatuen kopurua gero eta handiagoa da, momentuz 2.400, gehienak emakumeak eta haurrak. 100.000 baino gehiago dira barne desplazatuak.