Luis Peña Ganchegui

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Euskal arkitekto esanguratsuen zerrendan norbait egotekotan, askok adostuko lukete Luis Peña Gancheguik egon beharko lukeela hor. Euskal arkitekto etiketarekin esan nahi da Euskal Herriko lurraldean jaio eta bertan egin duela ibilbide profesionala eta lanik esanguratsuena. Eta aurten Peña Ganchegui arkitektoaren mendeurrena ospatzen dela-eta, efemerideak hainbat ekitaldi mugitu ditu. 2012an Peña Gancheguiren legatua babestu nahi duen arkitektoaren familiak arkitektoak egindako obren artxibategi bat sortu zuen, eta artxibategiak hartu du ekitaldien antolaketaren gidaritza, Euskal Arkitektura Institutuaren funtsekin. Artxibategia publikoa da eta edozein unetan kontsulta daitezke bertan dauden plano, marrazki eta maketa original guztiak, zita aurrez eskatuta. Institutuaren helburua baita euskal arkitekturaren eta arkitektoen lana zabaltzea eta bultzatzaile izatea. Institutuan bertan uda partean eta irail bukaera arte izan dugu Peña Gancheguiren sona handieneko obrari buruzko erakusketa: Teniseko plaza, Chillidaren “Haizearen orrazia”-ren aurreko espazioa.

Tenis plazak hartu du beraz Peña Gancheguiren lanaren zentralitatea, arrazoi askorengatik, eta artxibategiak argitaratzen duen liburu bilduman aurtengo liburua berari eskaini zaio. Izan ere, aurten 50 urte dira Tenis plazaren lanak bukatu zirela, eta aurten bukatu dira plazaren gaurkotze lanak (bide batez, hirian sortutako polemika askoren foku izandako lana, irisgarritasunaren lobbyaren eskutik). Omenaldi ekintzetan esan da Mies van der Rohe eta Lilly Reichek diseinaturiko Bartzelonako pabiloiaren adinako kategoria duela Donostiako Tenis Plazak, eta leku horretarako aukeratutako granitoak laburbiltzen duen gordintasun eta edertasunaren erabakia arkitektoaren epifania bat izan zela. Liburuan jasotzen den dokumentazioaren artean aipatzekoak dira Peña Gancheguik berak Kontxa hondartzari egindako erretratuak, hondartza barnetik ateratakoak eta ibilbide urbanoaren bukaeraren paisaia ulertzeko gakoak eskaintzen dituztenak. Anekdoten artean, Tenis plazaren inaugurazioan Mondragon orkestraren kantuak izan zirela aipatu da.

Peña Gancheguik etxebizitza kolektibo asko egin zituen eta euskal etiketaren estilo moderno batekin eraikitzea egotzi zaio. Ezaguna da pragmatikoa izateagatik, zorrotza, sortzen zuenarekiko ekonomiaren gaineko ardura izateagatik eta espazioaren adierazkortasun materialagatik. Interes gutxiko obrarik ere badu, eta Gasteizko Foruen plazak aldeko eta kontrako herritar asko ditu. Eta esan ohi da azken urteetan belarrian sonotonea jarrita zuelarik, askotan itzali egiten zuela aurrean zuenaren interesaren arabera.

Zeinen zaila (eta arriskutsua) den iraganari begiratzean aipagarriak direnen zerrenda bat osatzea. Sentsibilitate garaikideak zerrenda osatzen ari gareneko balioetan gogoeta egitea eskatzen digu, kanpoan eta barnean uzten denaren jabetze ariketa delikatu bat egitea, alegia. Bestela efemeridearen sinbolismoak eramanda, goraipatze gogaituan erortzeko aukera asko daude.