GAUR8

‘Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin’ sukaldaritza tailerra egingo da larunbatean Eibarren

Ane Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistek gidatuko dute larunbatean Eibarren egingo duten nutrizio eta sukaldaritza tailerra. Asmoa da eguneroko errezetak modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzen ikastea.  

Sukaldaritza tailer bat, artxiboko irudian.
Sukaldaritza tailer bat, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Azoken Sareko lantaldeak ‘Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin’ tailerra antolatu du Eibarko Udalarekin elkarlanean. Nutrizio eta sukaldaritza tailer berezia larunbatean egingo da, irailaren 26an, Errebaleko merkatu plazan, eta helburua da herritarrak azokara hurbildu eta, sasoiko eta gertuko elikagaiekin, eguneroko otorduak modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzea.

Antolatzaileek jakinarazi dute proposamenaren ardatza argia dela: egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Tailerrean parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dira, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz.

Saioa 11.00etan hasiko da eta Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistek gidatuko dute, sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak uztartuz. Bien eskutik, parte hartzaileek aholku praktikoak eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte.

Tailerrean ez da aurretik izena eman behar, eta bertaratzearekin nahikoa da. Saioan, egun horretan sukaldatutako platera dastatzeko aukera egongo da, eta ‘Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin’ tailerrean egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere eskuratuko dira.

Ekimena Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatu du Gipuzkoako Azoken Sarearen parte den Eibarko Udalarekin elkarlanean, landa garapena eta tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin. Azpimarratu dutenez, «aukera paregabea eskainiko du elikadura ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta, aldi berean, inguruko produktuen balioa ezagutzeko».