Gartzea Zaldua
Arkitektura ikaslea

Botereari

Ikasleak, Legebiltzarrean eserita.
Ikasleak, Legebiltzarrean eserita. (Gartzea ZALDUA)

Arkitekturak eta botereak duten harreman luze eta sakonaz idazten duen lehena ez naiz izango, ezta azkena ere, baina aitor dezadan eskolak aitzakia paregabea eman didala gai hori jorratzeko. Ikaskideak eta ni azken urtean gaude jada eta “Proiektuak IX” irakasgaian Eusko Legebiltzarraren birgaitze proiektua landu dezagun eskatu digute. Egin baino errazago idazten da, egia esan.

Boteredunak izan dira beti arkitektoen bezero nagusietakoak, izan botere militarraren buruak, ekonomikoarenak, politikoarenak… Sarritan, haiek egindako enkarguen arrazoia nagusiki funtzionala izan den arren, izan dira karga sinboliko handia eduki dutenak ere; hain zuzen, maiz, azken horiek izan dira oroituenak eta makurrenak, aldi berean. Diodanaren adibidetako bat dira historian zehar egindako eliza eta katedralak: otoitzerako espazio beharragatik eraikiak, baina aldi berean Elizaren eta jainko omen den haren boterearen adierazle direnak. Beste etsenplu ezaguna Haussmanen Parisko bulebarrak dira, Erdi Aroko hiria modernizatzeko eta edertzeko eraikiak eta, era berean, Estatuaren boterea adierazten eta begirada haren ikurretara bideratzen dutenak. Gaur egun, aldiz, enpresa pribatuen bulego eraikin hipermoderno eta hiperteknologikoak izaten dira, askotan, begiradak harrapatzen eta hiriko zeruertza menderatzen dutenak.

Testuinguru horretan, pozgarria da Eusko Legebiltzarrak, EAEn bizi garenon demokraziaren etxeak, haren ikur den eraikina birgaitu nahi izatea eta, batez ere, hemengo unibertsitate publikoa den EHUko ikasleon begiradekiko interesa adieraztea. Hara egindako bisita batean argi utzi ziguten zeintzuk diren egungo eraikinak, 80ko hamarkadan birgaituak, dituen arazoak eta ahuleziak. Ikuspuntu tekniko batetik haratago, esango nuke, beharbada, eraikinaren gabezia handiena benetako ikur izaera eza dela. Bertaratu ginenean izandako lehen sentipena izan zen izkina batean (hesi altuen atzean) galtzen den eraikin batean geundela. Gero, sarrerako ateak zeharkatu ondoren, begitandu zitzaigun hotel batean geundela. Azken horrek ez du, berez, zertan txarra izan, baina ez du iritsarazten legebiltzar batean espero den gorentasuna; ez politikari edo agintariena, ez eta herritarren boterearen ikurrarena ere. Aldiz, onartu beharra dago, osoko bilkuren aretoak lortzen duen etxekotasunak, argi eta garbi, eraikineko espazio atseginena bihurtzen duela, nahiz eta, funtzionaltasun aldetik, bistako arazoak eduki.

Proposamenera itzuliz, eraikina hiriarekin lotuagoa eta herritarrentzat irekiagoa izateko nahia azaldu zitzaigun. Beste edozein eraikin motatan ez litzateke bereziki azpimarragarria izango eskaera hori, baina, kasu honetan, berebiziko indarra hartzen du. Egun, Legebiltzarra oso opakua da paretik oinez igarotzen den edonorentzat, gehiegi, han hartzen diren erabakien garrantzia kontuan izanik. Han dihardutenei ez zaie ahaztu behar herritarrek aukeratzen dituztela, eta euren ardura dela guztion bizitza hobetzen ahalegintzea, ez interes propioak eta berekoiak aldeztea.

Agian, inozentea izaten ari naiz pentsatzeagatik, harekin duen harreman estua dela medio, arkitekturak baduela boterearengan eragiteko gaitasuna. Atsegin zait pentsatzea aldaketa fisikoek politika egiteko eran aldaketak ekarriko dituztela Legebiltzarrean. Lanak amaitu bezain azkar ez ziurrenik, baina, agian, denborarekin, gauzatzen edo zertzen diren -guk egindako- zenbait iradokizunek izango dute eraginik politikariengan. Boteredunek diseinatutakoak beti izan du eragina herritarrok haiek nahi duten moduko portaera izan dezagun. Ea, behingoagatik, guk geuk egindako planoekin eta proposamenekin haiek “zuzen” ditzakegun.

«Utopia jasotzen ez duen munduko mapa batek ez du begiratzea ere merezi, gizadia beti lehorreratzen den herrialde bakarra kanpoan uzten baitu. Eta gizadiak, han lehorreratzen denean, ingurura begiratu eta, herrialde hobe bat ikustean, berriro belaontziak itsasoratzen ditu. Aurrerapena utopiak egia bihurtzea da». Oscar Wildek esana. •