
Galtzagorri elkarteak Lakuako Gobernuko Liburutegi zerbitzuarekin lankidetzan antolatuta, Liburu Hari Boom ekimenaren 2026ko edizio jarri dute abian. Proposamena 12 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta sinplea da: «Liburuak irakurri, bat aukeratu eta horri buruzko gomendioa bidali».
Gomendio horren inguruko sorkuntza ariketa da gakoa. Izan ere, nahieran gomendatzeko aukera ematen du lehiaketak: «idatzia, ilustratua, antzeztua, audio bidezkoa...». Formatu bakoitzak baldintza batzuk bete behar ditu. Idatzizko iruzkina, adibidez, 1.500 karakterekoa izan behar da; audioak eta bideoak 2 minutuko iraupena izan behar dute... Oinarrietan zehazten dira bete beharreko baldintzak.
Bertan zehaztu dutenez, ez dira onartuko Adimen Artifiziala (AA) erabiliz egindako lanak, eta webgunean liburu gomendagarrien zerrendak argitaratu dituzte.
Gazteak, literatura eta gazteen arteko harremanak erdigunean jartzea da ekimenaren helburu nagusia. «Dinamika honen baitan 12-18 urte bitarteko gazteei irakurtzeko bide berriak zabaldu eta gazteen artean irakurketak partekatzeko espazioak sortzen dira, irakurleek elkarri entzun diezaioten eta gazteek elkarri irakurketa-gomendioak egin eta haiek arrazoitu ditzaten», adierazi dute.
Lehiaketan parte hartzeko, inprimakia bete behar dute online, azaroaren 20a baino lehen.


