
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko egitarau feminista prestatu du eta hainbat jarduera eskainiko ditu urritik abendura bitartean, ahalduntzea eta hausnarketa ardatz hartuta. Autonomia lantzeko prestakuntza, kontsumo ohiturak ikuspegi feministatik aztertzeko tailerrak, osasunari buruzko saioak eta literaturatik abiatutako hausnarketa saioak egingo dira, besteak beste.
Urriaren 17an, 10.30ean, Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo da udal azokan, eta herritarrek aukera izango dute etorkizuneko gunearen izaerari, erabilerei, antolaketari eta lehentasunei buruzko ekarpenak egiteko. Saio horrekin, proiektua gauzatzeko bide orria adosten hasiko da Bermeoko Udala, eta horretarako, herriko emakumeen eta emakumeen taldeen beharrak eta interesak hartuko dira kontuan.
Udazkeneko egitarauko lehenengo ikastaroa ‘Biziraupenerako Brikolajea II’ izango da. Martxan dago jada eta azaroaren 17ra bitartean egingo da. Parte hartzaileek tresna elektrikoak erabiltzen eta etxean sor daitezkeen ohiko konponketak egiten ikasiko dute. Elektrizitateari eta iturgintzari buruzko aurreko ikastaroen ildotik, emakumeek tradizionalki presentzia txikiagoa izan duten esparru batean trebatzea du helburu.
Azaroan, ehungintza eta kontsumo ohiturak
Azaroan, ehungintzari eta kontsumo ohiturei erreparatuko zaie. Ehungintza birziklatzeko tailerrean, arropa berrerabiltzeko eta eraldatzeko teknikak ikasiko dituzte parte hartzaileek; ez da beharrezkoa josteko makina izatea.
Alderdi praktikoa ez ezik, lantegiak hausnarketarako tartea ere izango du: arropa merkeak atzean zer duen aztertuko da, eta ehungintzak emakumeen eskubideekin, migrazioekin eta ingurumenarekin duen loturaz hitz egingo da. Saioak azaroaren 12an, 19an eta 26an izango dira, 18.00etatik 20.00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.
Abenduaren 10ean eta 17an, ‘Menopausia eta perimenopausia: elikaduraren bidez ongizatea zaintzen’ tailerra egingo da. Saioak euskaraz izango dira, eta bi egunetan egingo dira, toki eta ordutegi berean. Lehen saioan, menopausian eta perimenopausian gertatzen diren aldaketak eta elikaduraren inguruko zalantzak landuko dira; bigarrenean, ikasitakoa praktikan jarriko dute parte hartzaileek.
‘Ez erran inori’
Literaturak ere izango du bere lekua udazkeneko egitarauan, Irakurle Txoko Feministaren bidez. Hiru saio egingo dira, hilean behin. Urriaren 28an Maddi Ane Txoperenaren ‘Ez erran inori’ izango dute hizpide, azaroaren 25ean Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’, eta abenduaren 16an Samara Velteren ‘Eta Karmele?’.
Nagore Fernandez Zabalak gidatuko ditu saioak, eta, liburuetatik abiatuta, generoak eguneroko bizitzan eta gizartean duen eraginari buruz hitz egiteko eta hausnartzeko gunea izango da Irakurle Txoko Feminista.
Zaintza eta Puntu Seguruen Sarea
Orobat, udazkeneko programazioarekin batera, Berdintasun Sailak abian dituen beste lan batzuen berri ere eman du. Horrela, besteak beste, zaintzen arloko diagnostikoa eta I. Zaintza Plana lantzen ari da, baita indarkeria matxistaren aurreko arreta protokoloa eguneratzen ere, eta Puntu Seguruen Sarea zabaltzen ari da. Azaroan, Puntu Seguruen Sareko taberna eta saltokien mapa berria aurkeztea aurreikusi du Udalak.
Ikastaroetako plazak mugatuak dira eta Bermeon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute. Informazio gehiago jasotzeko, izena emateko edo irisgarritasun beharrizanak jakinarazteko, Berdintasun Sailarekin harremanetan jar daiteke berdintasuna@bermeo.eus helbide elektronikoan edo 688 63 84 49 telefonoan.

