
Jabeak etxeari ez, etxeak ematen zion jabeari izena. Zenbat bertsolari, zenbat kirolari, etxe izenez izendatuak. Izenik gabeko etxeetara joan ginen gero: kale bat, portale bat, solairu bat, hizki bat. Horiek gure koordenatuak. Etxeek harrizko izateari utzi zioten. Porlana ikusten dugu orain, pladurra.
Eta bizitzak ere utzi dio harrizko izateari. Nomada gabiltza, motxila bizkarrean, etxez etxe, maizter. Bizitza batetik bestera joango bagina bezala, beste giltza bat beste sarraila batean biratu eta beste bizitza bateko atea zabaldu. Tarteka gutun despistatuak irekiko ditugu, beste norbaiten izenean. Publizitatea. Perfume promozio bat. Eta zuk lurrina zabaldu eta zure gorputzari emango diozu, beste norbait bilakatu nahian. Eta orain zure gorputzean sumatzen dituzun usainak etxeko txoko bat garbitzen ari zinela nabaritu zenituenekin lotuko dituzu berehala. Eta etxe hori zenbateraino den zurea galdetuko diozu zeure buruari; zenbat duen zuretik, zenbat aurretik egon zirenetatik. Aspiragailua altzari azpietan sartzen duzun aldiro arkeologia lanetan ari zarela irudituko zaizu: zureak ez diren ileak, eskumuturreko bat, belarritako bat, paper txatal bat. Joandako bizitzen sedimentuak. Baina eskabazioak bukatzerako etxejabearen mezu bat jasoko duzu; aurten alokairuaren prezioa igo beharra daukala, edo etxea beretzat behar duela, edo erostun bat azaldu zaiola. Eta zuk motxila bizkarrera berriz. Zure ondasun guztiak, ustez zaren guztia, kartoizko kaxetan pilatzeari ekingo diozu. Eta zure bizitzak hartzen duen espazioak harritu egingo zaitu. Ustekabean pilatu zaizkizu liburuak, arropak, argazkiak. Kaxen erdiak baino gehiago utziko dituzu zaborretan, Emausen, gurasoen etxean. Eta han joango zara, pisua arinduta, beste etxe batera. Libre sentituko zara. Baina zalantza egingo duzu, zenbateraino zaren libre benetan, eta zenbateraino den askatasun sentsazio hori, zure sustraitu ezin behartua, derrigortutako zure heldulekurik eza justifikatzeko autoengainua.
Etxe berriko barne patioko leihoa ireki, eta arropa zabaltzeari ekingo diozu. Hantxe dago bizilaguna ere, bera ere arropa zabaltzen. Esaldi hura etorriko zaizu burura, hizkuntzak munduari begiratzeko leihoak direla. Garai batean uste zenuen leihoak paisaia zabal bat zeukala parean. Orain barne patio bat irudikatzen duzu. Horixe baikara. Nork bere etxeko leihoa zabaldu eta arropa zabaltzen ari garen bitartean egiten dugun hori da hizkuntza. Eta gure hitzen jardunari gaina hartzen diote zabalik dauzkagun leihoetatik ihes egiten duen telebistaren hotsak, erretzen ari diren dilisten usainak, arropak zabaltzeko soken ñir-ñir kexatiak.
Motxilen eta maizter nomaden garaietan, 999 aldiz egin dugu topo barne patio honetan. GAUR8 berriro zabalduko ditugu arropak. •


