Herri kirolak beste dimentsio batera eraman nahi dituen proiektua
Inhar Urruzunori galdetzen omen zioten ea herri kirol erakustaldietan ikusitako hori non probatu zitekeen, orain arte erantzunik ez zuen galdera. Baina Bilboko Herri Kirol Zentroak egoera aldatu du. Herri kirolak egin nahi dituen edonork horretarako aukera bikaina du Txurdinagako kiroldegian.
Maiatzaren 15ean inauguratu zuten, ohore guztiekin, Bilboko Herri Kirol Zentroa. Txurdinagako kiroldegian kokatuta dagoen eraikin handi honek 846 metro koadroko azalera du eta Bilboko Udalak 1.367.621,50 euroko aurrekontua izan du proiektua gauzatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak ere 229.675 euroko laguntza eman dio.
Aurkezpen ekitaldian proiektua «Euskadiko herri kiroletako entrenamendu profesionaleko lehenengo zentroa» bezala aurkeztu zuten, «herri kirola garatzeko eta profesionalizatzeko erreferentziazko zentro bihurtzeko helburua betetzen» duela gaineratuz. Zehazki, zentroa kudeatzeaz eta proiektua garatzeaz arduratuko dena Bilboko Txirrika Herri Kirol Kluba da, eta GAUR8k bertatik bertara ezagutu nahi izan du proiektua klubeko kideekin.
Joseba Etxebarria zuzendariak egin digu ongietorria, klubaren jarduera azalduz. «Bilboko Txirrika Herri Kirol kluba da Bilboko Herri Kirol Zentroa kudeatzen duen elkartea, Bilbao Kirolak udal erakundearekin lankidetzan. Hemen bi eskaintza mota nagusi daude. Batetik herri kirol eskaintza daukagu, bai Eskola Kiroleko mailan eta bai 15 urtetik gorakoentzat. Eskola Kirolarekin dugun hitzarmenaren arabera Bilboko ikastetxe desberdinetako haurrei ikastaroak ematen dizkiegu, herri kirolak sustatzeko. Hona etortzen dira, modu horretan espazioa ezagutzeko aukera daukatelako eta haientzat egokitutako materiala daukagulako hemen. Eta gero, arratsaldetan eskolaz kanpoko eskaintza aurkezten diegu, herri kirolak landu nahi dituzten 6-14 urte arteko gaztetxoentzat».
«Bestetik, 15 urtetik gorakoentzat eskaintza espezifikoa daukagu. Hor herri kirolak bi multzotan banatzen ditugu. Batetik, harri jasotzea eta Iparraldeko jokoak. Hor daude lasto altxatzea 5 eta 7 metrora, lasto botatzea, ingude jasotzea, txinga eroatea, zaku eramatea, lokotx biltzea eta orga jokoa. Hilabetean zortzi saio egiteko aukera dago 35,5 euro ordainduta. Eta diziplina horiei aizkora eta trontza gehitu nahi izanez gero kuota 65 eurokoa da, egurren gastua dezente igotzen delako. Inhar Urruzuno da harri jasotze eta Iparraldeko jokoen entrenatzailea, oraindik aktiboan dabilen harri jasotzailea. Eta aizkora entrenatzailea Aitzol Atutxa da», nabarmendu du.
«Baina horrekin batera, eskaintza berri bat gehitu nahi izan dugu, ‘BaiForce Training’ izenekoa. Indarra lantzera zuzendutako entrenamendu funtzional bat da, indarra, erresistentzia eta koordinazioa modu integralean lantzeko. Horretarako entrenamendu funtzionaleko makineria erabiltzen dugu alde batetik, baina herri kirol diziplina desberdinekin uztartzen dugu. Pisuak bakoitzaren beharretara moldatu daitezke edozein motatako erabiltzaileri bideratu ahal izateko. Eta beste eremu batean Open entrenamendurako tresnak ditugu, kuota mugagabea hartzen dutenek nahi dutenean entrenatu ahal izateko».


Egia esan, txundituta geratu gara ekipamendu berri-berriari begira. Indarra lantzeko ohiko makineriaren artean ikusi ditugu orga jokoa lantzeko gurdia, ingude distiratsuak edota sokatira entrenamenduetarako polea. «Indoor sokatira esaten dena da, goma gainekoa. Hemen polearen aurka entrenatzen dute. ‘Sokatira Landuz’ proiektua jarri dugu martxan Bizkaiko Herri Kirol Federazioarekin batera», zehaztu du Etxebarriak.
Hizketan ari garela iritsi da Aitzol Atutxa, zentroan aizkoraz eta trontzaz, egur kontuez, arduratzen den kirolari ezaguna. Beste lorpen askoren artean, Euskal Herriko Aizkora Txapelketa bost urtez jarraian irabazi zuen bizkaitarrak eta orain berak dakiena ikasi nahi duen pertsona orori irakasteko konpromisoa hartu du.
«Hasiera-hasieratik jarraitu dugu proiektua, eta bertakoei laguntzen saiatu gara, kirol bakoitzean zer behar dauden azaltzen. Asesoramendu lan hori ere egin dugu apur bat, nahiz eta hau zer izango zen ez duzun inoiz erabat irudikatzen. Baina behin inauguratuta... Herri kiroletan sarritan eduki dugu aurreiritzi hori, askotan egia izan dena, zaharkitutako egiturak edukitzearena, eta ziur gehientsuenok entrenatzen dugula horrelako lekuetan, baserri aldamen batean edo poligono batean, horrelako luxurik gabe. Kasu honetan, berriz, punta-puntako makinak daude, punta-puntako tresnak; harriak, adibidez, egin berriak dira, egurra ere juxtukoa ekartzen dugu egun bakoitzerako berde-berdea... Mimoz zaintzen dugu dena eta kluba horretan saiatzen ari da», nabarmendu du.
Eta goi mailako entrenatzaileak ere luxu horren parte dira. «Gaizki dago nik esatea -bota du barrez Atutxak-, baina palmaresari dagokionez bai behintzat! Inhar Urruzuno da irakasle nagusia eta Euskal Herriko txapelduna izan da pare bat aldiz harri txikietan, Bizkaikoa ere irabazi du hamar bat aldiz, eta beste makina bat txapel. Bost Kirol txapelketan ere aritu ginen batera, herri kirol modalitate desberdinak konbinatzen zituen lehiaketa. Beraz, badakigu zer den ingudea, zer den txinga, nahiz eta nirea aizkolaritza izan eta hor moldatzen naizen ondoen. Trontzarekin batera, egurraren arlo hori nik daramat».
HIRIAREN BIHOTZEAN
Herri kirolei zuzendutako klub bat eta kiroldegi bat Txurdinagan, Bilbon, hiriaren bihotzean kokatuta egoteak ere ematen dio proiektuari balio berezi bat. «Ni neu, erdi dimoztarra naizen arren, berez bilbotarra naiz. Horrelako rara avis moduko bat. Hiri batean herri kirolari bat ateratzea zaila izaten delako. Baina nire kasuan aita aizkolaria izan zen eta horregatik errazagoa zen oinordetza hori hartzea. Baina bai, orokorrean herri kirola gurasoengandik transmititu izan da, edo herri txikietan eta baserri giroan. Hori hiriburura ekartzea, Bilboko erdialdera ekartzea, uste dut erakargarria dela», dio Atutxak.
Eta antzeko iritzia eman digu Inhar Urruzunok ere. «Ni auzo batetik nator, baserritik nator, eta bazen garaia baserritik hirira salto hori egiteko. Eta salto hori horrelako leku batean egitea sekulakoa da. Uste dut herri kirolentzat albiste bikaina dela eta zoriondu behar dugula proiektua, herri kirolak hirira modu honetan ekarri dituelako. Beharrezkoa zen, eta orain lan egin behar da, baina nik ez daukat zalantzarik lan horrek emaitzak emango dituela», egin du apustu ondarroarrak.
«Nahiz eta gurea izan eta gure sustraietatik datorren, badirudi herri kirolak askorentzat arrotzak direla. Eta hori da egin behar dugun lanketa. Herri kirol zentro honetan bertan euskararekiko sentsibilitate hori ere badaukagu, euskara asko entzuten da hemen. Erdaldunak ere etortzen dira, noski, baina moldatzen dira, hona datorrenak badaki nora datorren gutxi gorabehera», gehitu du Atutxak.

Izan ere, hiri erdian egoteak eta herri kirolak bestelako entrenamendu motekin eremu berean elkartzeak herri kirolak ezagutzen ez dituen jendea erakartzea erraztu dezake. Nolabait, azken urteetan crossfit mundutik harri jasotzera hurbildu den jendeak egin duen bide hori erraztea.
«BaiForce Training eskaintzaren antolaketa egiten hasi ginenean helburuetako bat hori zen», dio Joseba Etxebarriak. «Fitness mundu horretako erabiltzaileak herri kiroletara erakartzea. Gainera, urriaren 10ean egingo da Red Bullek antolatutako Cross Kirolak txapelketa. Hyrox proba bat da, baina landuko diren diziplinen artean herri kiroletakoak izango dira: trontza, ingude jasotzea, lokotx biltzea, giza proba arrastaka eta zaku eroatea. Beraz, hemengo kirolari asko horretarako entrenatzen hasi dira. Guretzako bada amu moduko bat herri kirol horiek ezagutu eta jendeak ikus dezan zertan ari garen».
Alde horretatik, kritikaren bat ere entzun dutela aitortu du Etxebarriak. «Onartu behar da talka moduko bat badagoela, eta guk ere denetik entzun behar izan dugu. Iritziak dira, eta, errespetuz ematen badira, entzun beharrekoak dira horiek ere. Hemen azkenean zer da lortu nahi duguna? Herri kirolak egiteko aukera edozein hiritar motari eskaintzea. Hona etorriko diren erabiltzaileen %90ek, ez bagenieke hemen aukera eskura jarriko, ez lukete inoiz herri kirolik egingo. Hau bada modu bat, formatu desberdinetan, herri kirolak egiteko. Batek agian aste tartean probatuko du entrenamendu gisara eta listo, besteren batek agian fitxa federatua atera nahiko du lehiatzeko. Hemen bi aukerak aurkituko ditu erabiltzaileak».
Eta azalpenarekin jarraitu du: «Noski, ikuspegi tradizionala duenak pentsatuko du: ‘baina ordaindu egin behar da herri kirolak egiteko? Orain arte ez denean inoiz horrela egin, jendeak borondatez erakutsi duenean?’. Bai, hala da, borondatez erakutsi duzu, baina nori? Normalean zuri bereziki interesatzen zaizun norbaiti, oso gertukoa delako, edo familiakoa, edo errendimendu altu batera bideratuta eta plazara aterako dela dakizulako... Eta beste bati agian ezetz esango diozu. Proiektu honek beste ikuspegi bat dauka».
Inhar Urruzuno ere bat dator iritzi horrekin, eta oso modu grafikoan azaldu digu zegoen beharra. «Oso polita da Aste Nagusian Bilbora etorri, erakustaldi bat egin jendaurrean eta etxera itzultzea, baina erakustaldi hori ikusten dauden lagunek askotan galdetu izan didate niri adibidez: ‘nik hau egiteko nora joan behar dut?’. Eta galdera horrek orain arte ez du izan erantzunik. Nik nire bizitza daukat, nire lanak dauzkat, eta oso zaila da bat-batean kanpotik datozen pertsonei ateak zabaldu eta erakusten hastea. Ba une honetan galdera horrek badu erantzuna. Txirrika klubera jo dezakezu eta bertan probatu. Eta hori sekulako albistea da gure kirolarentzat».
BESTE KIROLARI MOTA BAT
Era berean, aurrez herri kirolekin harremanik izan ez duen jendea entrenatzeak ere beste ikuspegi bat izatera behartzen ditu entrenatzaileak. «Maiatzetik gabiltza hemen eta egia da etorri diren gehienak inoiz aizkora hartu gabeko pertsonak zirela. Beste batzuk bai etortzen dira probatuta daukatenak eta teknika apur bat hobetu nahi dutenak. Aizkoran bi aukera horiek eskaintzen ditugu, hastapenekoa deituko genukeena eta teknifikaziokoa, eta beste kiroletan ere antzera. Etorri da bat edo beste lehiaketei begira teknika hobetu nahian, baina gehienak jende berria izan dira, kuriositatez hurbildu direnak guregana, probatzeko gogoarekin. Daukagun bonuarekin zortzi klase har ditzakezu nahi duzun kirolean, ez du zertan aizkora bakarrik izan. Modalitate desberdinak probatzen joan zaitezke eta esperientziaren arabera aukeratzen joan, zure gaitasunen arabera zein den ondoen moldatu zaitezkeena edo besterik gabe zein den zure gustukoena», kontatu digu Atutxak.

Urruzunok, bere aldetik, ahalik eta jende gehien biltzearen garrantzia azpimarratu du, hortik etorriko delako hobekuntza, bai haurrekin epe luzeago batera begira, bai heldu hasiberriekin ere. «Nik Sustabiz-ekin jada esperientzia apur bat badaukat eta hori ikusten dut. Ni mundu tradizional horretatik nator eta ikusi dut hor gauzak nola egin izan diren. Ni duela 22 urte hasi nintzen harri jasotzen eta ez dauka zerikusirik orduan zegoen pentsatzeko moduak eta gaur egun dagoenak, zorionez. Ateak denentzat zabalik daude eta uste dut kantitateak kalitatea ekartzen duela. Ezin dugu atzamarrarekin aukeratzen ibili, zuk bai balio duzu herri kiroletarako eta zuk ez. Lehenik kantitatea landu behar da, ahalik eta jende gehienera heldu, eta, hori ongi egiten bada, uste dut kalitatea irtengo dela. Denbora izango da lekuko, baina uste dut lan horrek emango duela emaitza».
Gainera, herri kirolen loraldi horretan lagundu dezake indarra lantzearekiko garai batean zeuden aurreiritzi eta beldurrak gainditu izanak. «Sasoia da horretarako. Aurreiritzi batzuk galdu ditugu, indarra lantzeko ariketak osasuntsuak direla argi ikusi da azken urteetan, halaxe erakutsi dutelako ikerketa eta datu guztiek. Eta ez gizonetan bakarrik, emakumeetan ere bai. Hor jauzi handi bat egon da parekidetasun horren bila, eta hori argi ikusten da crossfit probetan. Bai emakumezkoak bai gizonezkoak ikusten ditugu gogor entrenatzen eta indarra lantzen. Crossfit gimnasioak ikusten ditugu edozein herri edo hiritako edozein poligono edo txokotan, eta hortik trasbase bat eman izan da. Ez dezagun ahaztu Sustabiz Fundazioa Gernikan hasi zela crossfit box bateko txoko batean. Eta horren beste erakusle bat da nola egingo den Red Bull txapelketa, Hyroxa eta herri kirolak batuko dituena, eta hemen ditugun bi erabiltzaile txapelketa hori prestatzera etorri dira. Horrek ere laguntzen du. Nork daki, agian probaren bat gustatuko zaie eta engantxatuko dira. Uste dut horrelako gauzek ere herri kirolak merezi duten lekura eramaten lagunduko dutela», iritzi dio Atutxak egiten ari diren saiakerari balioa emanez.
Eta antzeko ideiarekin amaitu nahi izan du Urruzunok ere, askotan kanpokoa miresten dugulako bertakoaz ahaztuta. «Azken urteetan frogatu da indarrak zer garrantzia daukan osasun arloan ere, ez bakarrik kirol ikuspegitik. Eta lanketa hori egin daiteke herri kirolen bitartez. Crossfita etorri zitzaigun duela urte batzuk, estatubatuarrek asmatutako sistema bat da eta ongi esplotatu dute. Baina begiratzen badugu, hor egiten diren ariketa asko eta asko herri kiroletan betidanik egin izan diren berdinak dira. Gure kirola da, bertakoa. Orduan, zergatik ez gure kirol honekin egin lanketa hori. Jendeari aukera hori eman eta ikusi dezatela herri kirolak eginez entrenamendu hori aurrera eraman dezaketela».



