Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Peckham esperimentua

Peckham esperimentuak osasun eredu prebentiboa bultzatu zuen.
Peckham esperimentuak osasun eredu prebentiboa bultzatu zuen. (GETTY)

Mendebaldeko osasun sistemek bide bat aukeratu zuten XX. mendean, gaur arte indarrean dagoena: gaixotasuna sortu arte itxaron, eta ondoren tratatu. Ospitaleak, botikak, kirurgia, azterketa teknologiko gero eta sofistikatuagoak, eredu terapeutiko horren oinarria dira. Baina badago beste bide bat, apalagoa eta askoz merkeagoa. Londresko Peckham auzoan eginiko esperimentuak argi frogatu zuen bere eraginkortasuna: osasuna sustatzea, jendea gaixotu baino lehen.

George Williamson eta Innes Pearse medikuek, galdera erradikal bat egin zieten beren buruei 1926an: «zer da, benetan, osasuna?». Erantzuna bilatzeko, auzo estandar bat aukeratu zuten, Londresko populazioaren batez besteko ezaugarriak zituena, eta bertan osasun etxe berezi bat eraiki zuten: Pioneer Health Centre. Igerilekua, gimnasioa, haurtzaindegia eta jantokia zituen zentroak, eta bizimodu osasungarria eramateko programa bat eskaintzen zuen; auzoko familiek astean txelin bat soilik ordainduz parte har zezaketen.

Peckham esperimentuak iraun zuen 24 urteko epean, ondorio interesgarri asko atera zituzten. Garrantzitsuena, hauxe: horretarako baldintzak ematen zaizkienean, herritarrak gai dira beren osasuna modu egokian kudeatzeko. Argi geratu zen osasuna landu beharreko prozesua dela, ez aurrez determinatutako fenomeno bat; informazioa duen jendeak erabaki hobeak hartzen dituela; eta prebentzioak eta ahalduntzeak funtzionatzen dutela.

Zergatik amaitu zen, orduan, esperimentua? Arrazoi ekonomiko eta politikoengatik, nagusiki. 1948an sortu zen Erresuma Batuan Osasun Publiko Nazionala (NHS), eta horrekin batera, ongizate estatuaren eredu zentralizatu eta terapeutiko bat bultzatu zen. NHSren sorrerak finantzaketa arazoak ekarri zizkion Peckhamen ereduari, eta 1950ean itxi egin zen. Ordutik aurrera arreta guztia gaixotasunaren kudeaketan jarri zen -ospitaleak, sendagileak, tratamenduak-, osasuna sustatzearen gainetik.

100 urte pasatu direnean, ordea, Peckham auzoan eginiko esperimentua oraindik itsasargia bezalakoa da prebentzioa eta Lehen Mailako Arreta bultzatu nahi ditugunondako. Gaixotasunen tratamendua garrantzitsua bada ere, arlo horrek ez du zertan aurrekontu publiko osoa “jan”. Begirada epe luzeagora jarri behar da, gaixotasun horiek etorkizunean gutxituko dituzten neurrietan, alegia. Izan ere, gaur egungo ereduan, baliabide terapeutikoetan eginiko gastu gorakariak ez baitu gaixotasunon intzidentzia neurri berean jaisten.

Fisioterapiak, bistan denez, osasun eredu prebentibo horretan paper garrantzitsua jokatuko luke. Lehen Mailako Arretan, adibidez, fisioterapeutok gaixotasunak eta erorketak, min kronikoak edo desegokitzapen funtzionala aurreikusteko eta ekiditeko aukera izaten dugu, bestela Arreta Espezializatura iritsiko liratekeen hainbat kasu konponduz. Peckhamek argi erakutsi zigun, eta gaur egun berretsi dezakegu, prebentzioaren emaitzak hamarkadetan zehar neurtu behar direla, eta osasun sistema baten egoera ez dela ospitale kopuruarekin neurtzen, baizik eta jendearen osasun mailan. •