Bikoteak

Bikote bakoitza galdera ikur batekin jaio ohi da: «Zenbat iraungo ote dute horiek elkarrekin?», galdetu ohi dugu ikustean. Bikote oso asimetrikoak gustatu ohi zaizkigu: zerbitzariarekin ezkontzen den printzesa edo kaleko kantariarekin maitemintzen den orkestrako zuzendaria.

Exogamia pixka bat ondo dator maitasunean: institutuko neskak ez dira sekula gelako mutilekin maitemintzen. Azpeitiko kuadrillak Azkoitira joaten ginen igande arratsaldetan.

Baina urrunegi joan gabe, hala ere: sendagilea erizainarekin ezkontzen da, gerentea idazkariarekin, farmaziako jabea bertako neskarekin, jatetxeko sukaldaria zerbitzariarekin, ikastolako andereñoa irakaslearekin eta, garai batean, baserriko neska morroiarekin. Horrela, leinu apal baina egonkorrak sortzen dira irakaskuntzan, bankuen munduan, ostalaritzan edo nekazaritzan. Endogamia horren muturra bikiak bikiekin ezkontzea da.

Politikan ere ematen dira bikoteak. Kanpainaurre honetan konbentzionalena Pedro Sanchez eta bere emaztearena izan zen, mitin batean, Obamatarrei imitatuz, estu besarkatu zutenean. Bikoterik arraroena, berriz, Gabriel Rufian eta Irene Monterorena: lehena ezker zabal bat batzeko operazioan porrot egitetik zetorren, eta bestea, aurreikuspen guztien arabera, porrot egitera doan alderdi bateko burua. Laborategiko esperimentu baten itxura zuen kontuak, kalkulu luzeegien ondorioa. Rufian aktore on bat da hemizikloan. Bere galdera zuzenek, isiltasun ikasiak, imintzio estudiatuek ikuskizun bilakatzen dute politika instituzionala, eta eskertzekoa ere bada askotan. Bartzelonako plaza batean ikusi nituen, ordea, bideo batean, jakina, eta aire librean gizonak galdu egiten zuela iruditu zitzaidan, txikiagoa dela, apalagoa. Ez dakit operazio honek ERCri zer emango dion, gauza handirik ez, seguru asko, eta Podemosi ere, ezer askorik ez.

Madrilen gauzak okerrera joan ez daitezen benetan erabakigarriak izango diren bikoteak jubilatuenak izango dira. Sei milioi jubilatu daude Estatu espainolean. Hiru egun lehenago abenduko extra kobratuta egongo dira. Extra batek pentsarazi egiten du, eta pentsa dezakete, «ez ote dugu hobe daukagunari eustea?» •