Oier Imaz
Filosofoa

Hauteskunderik gabeko demokrazia?

Berriz ere hauteskunde giroan gauden honetan, sareetan topatu dut galdera iradokitzaile bat: demokraziak egiazki behar ditu hauteskundeak? Baina nola irudika dezakegu hauteskunderik gabeko sistema demokratiko bat? Erantzunari jira eta bira ibili dira aurreko astean eta titular batera ekarri beharko bagenu, proposatzen duten erantzuna hau da: zozketa. Bai, loteria. Alegia, instituzioetako ordezkariak hautatu ordez, zozketa bidez izendatzea.

Ideia, apur bat freak-a dirudien arren, ez da berria. Antzinako Grezian, adibidez, zozketa bidez hautatzen ziren Bostehunen Kontseilua osatzen zuten herritarrak eta haiena zen Herritarren Biltzarrera eramango ziren gaien zerrenda osatu eta lantzeko ardura. Baina, zaharra izateaz gain, zozketaren defendatzaileek azpimarratzen dute zozketaren bidez egin ahal diegula aurre egungo sistema demokratikoetan ondo identifikatuak dauden hainbat arazori.

Terry Bouriciusentzat, adibidez, arazoa politikariak dira. Bernie Sandersen jarraitzaile, Bouricius politikan aritua da; hamar urtez izan zen Vermonteko Ordezkarien Ganberako kide. Aldiz, politika utzi eta gero izandako bizipena dakar gogora. 2004an Columbia Britainiarreko Gobernuak deituriko herritar biltzar batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Gaia hauteskunde sistemaren erreforma zen. Biltzarra zozketa bidez hautatutako 160 herritarrek osatzen zuten. Hamaika hilabetez aritu ziren gaia aztertu eta proposamenak lantzen eta, bere hitzetan: «Ez zegoen ezkutuko asmorik. Jende arrunta zen: ordezko irakasle bat, abeltzain bat, era guztietako lanbideak. Amaierarako, zera esan nuen: hau benetan da herriaren Gobernua».

Landemorek, aldiz, arreta beste arazo batean jartzen du; egungo erronkek eskatzen dituzten tamainako erabakiak hartzeko gaitasun falta. Bere ustez, egungo politikagintzan alderdien eta alderdietan eragina duten botereen interesak gailentzen dira. Adostasunak itunerako aukerak dira, baina eztabaidaren oinarrian dauden ikuspegiek ez dute aintzat hartzen jasangarritasuna edo gizarte kohesioa bezalako erronka konplexuek eskatzen duten ikuspegi aniztasuna. Bere liburuetan hainbatetan aipatu izan du “Diversity Trumps Ability” teorema. Labur, teoremak dio erronka konplexuetan erabaki hobeak hartzen dituela askotariko ikuspegiak biltzen dituen talde batek, gaiaz asko dakiten adituen talde batek baino. Zozketa bidez, berma dezakegu erabakiak hartzen dituen taldearen aniztasuna, eta modu horretan segurtatu hartzen den erabakiaren kalitate epistemikoa.

Badira beste hainbat argudio zozketaren alde. Sarri aipatzen dira autohautaketa efektua edo ustelkeria. Aldiz, beti pentsatu izan dut zozketaren ereduak oso oinarrian dituela eskala handiko sistema demokratikoak. Eskala handiko sistemetan, alde batean dago erabakia hartzen duen ordezkarien ganbera eta, beste aldean, herritar isolatua. Bien arteko zubi lanak egiten dituzte egitura sozialek, adibidez, alderdi politikoek. Dena den, batetik besterako distantzia hain da handia, usu zubia erori egiten baita. Zozketak soluziobide teknikoa proposatzen du: zubiaren zimenduak ezartzen dituen teknologia aldatzea, hauteskundeetatik zozketara. Hala ere, pentsatzen dut soluzio teknikoa ez dela aski, bereziki, eskala txikiko sistema demokratikoei erreparatzen badiegu.

Gurean, adibidez, hauteskundeetan sortzen den zarata txikiagoa da, ustelkeria badago baina ez maila berean eta politikarien artean aurkitzen ditugu hainbat eta hainbat herritar xume. Bada, pentsatzen dut gure eskalako sistema demokratikoek erakusten digutela demokrazia ez dela egun batean ebazten den ekuazioa, baizik eta egunero landu beharreko ariketa. «Herrigintza» deitzen dugu. Askotariko eragileak biltzen ditu. Harremanak sortu eta elikatzean oinarritzen da. Elkarrekiko konfiantza landu eta zaindu. Eta, horretarako, bitarteko egituretan antolatzea ezinbestekoa da, adibidez, alderdi politikoetan. Bistan da, ez da hau intuitiboki jasotzen dugun euskal demokraziaren lehen inpresioa. Horrenbestez, beti dira ongi etorriak sistema hobetzeko helburuz egiten diren proposamenak.

Arazoak hor daude, eta berdina egiten jarraituz gero, hor egongo dira etorkizunean ere. Baina, kasu, iparra galdu barik! Hurrengo hauteskundeetan denon botoa izango baita ezinbestekoa. •