APR. 02 2025 - 07:30h 1995eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan Estitxu Arozenak bere lehen txapela jantzi zuen 1995eko apirilaren 2an, duela 30 urte, Nafarroako Bertsolarien Txapelketa ospatu zen Leitzan. Estitxu Arozena izan zen txapela irabazi zuen lehen neska bertsolaria. Txapelketan, Manolo Arozena Estitxuren aitak ere parte hartu zuen. Estitxu Arozena, 1995eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. (EGIN) GAUR8 1995eko apirilaren 2an Leitzan jokatu zen Nafarroako Bertsolarien Txapelketa. Herrialdeko txapelketan txapela jantzi zuen lehen neska bihurtu zen Estitxu Arozena garaipen horrekin. Kartzelako gaira iristean ausardia handiarekin kantatu zuen Estitxu Arozenak. Bi gai zituzten aukeran. Bata, krisiak dagoen enpresan zozketaz erabakitzen da kalera nor bidali eta zuri tokatu zaizu. Bigarrena, ohean maitearekin goxo-goxo zaudela zarata bat entzuten da eta armairura sartzeko eskatzen dizu. «Behingoagatik gaur izandu dut, aukera bat ligatzeko/ mutil polita, mutil ederra, guztia nere oneko/ nahiz eta uste nik banuela mauka on bat ezartzeko(?)/ ordua heldu da nere honetan egiaz konturatzeko/ politegia ikusten nuen dena egi izateko», esan zuen lehen bertsoan eta «dena nerea uste nuen baina erdibana izango da», bukatu zuen bigarrena. Final honetan, Manolo Arozena Estitxuren aitak ere parte hartu zuen. Bertsozale askoren ustez, Manolok izan behar zuen txapelduna, baina bigarren lekuan amaitu zuen. Kartzelako gaian Manolok bere hiru bertsoak kantatu zituenean, pronostikoa zen eramango zuela txapela, eta bigarren posturako zeuden dudak. Baina ez zuten asmatu. Xabier Silveirak azken agurrean ETBko kamarei begira egin zuen jestoa bertsolaritzaren historia txikira pasatzeko modukoa izan zen. Silveirak Belodromoan Egañak Lazkao Txikiri bere txapela eskaintzeko erabili zuen doinu eta bertso egitura bera erabili zituen, baina azken puntuan aldatu eta «zuen txistuak hoientzat dira, nere txistuak ere bai» kantatu zuen indar izugarriarekin, behatzarekin lehenik kamarak seinalatu eta ondoren berak mikroaren bi behatzak ahoan sartu eta txistu eginez.