APR. 15 2025 - 16:01h Ondarea eta historiari begira egin daitekeen orientazio zirkuitu iraunkorra Galdakaon Lehen orientazio zirkuitua aurkeztu dute Galdakaon, orientazioaren prakatika eta kirola egiteko ematen dituen aukerez gain, ondarea eta historiari balioa ematen dion ekimena eskainiz. Mailaka bereizitako hiru ibilbide proposatzen ditu. Orientazioaren zirkuituaren aurkezpena Galdakaon. (Galdakaoko Udala) GAUR8 Galdakaon, Aperribai inguruan, lehen orientazio zirkuitu iraunkorra estreinatu dute. «kirola eginez udalerriko ondarea, historia eta kulturari» balioa ematen dion «logika eta estrategia» joko gisa aurkeztu dute ekimena. Ganguren Mendi Taldeak aurkeztu du herriko lehen orientazio zirkuitu hau. Aurten 80. urteurrena ospatzen duen mendi taldeak aurkeztu zuen atzo Udalaren babesarekin egi bilakatu den proiektua, eta azaldu zutenez, hainbat eragileen arteko elkarlana dago egitasmo honen atzean. Asier Korta Galdakaoko Kirol zinegotziak, Eduardo Olea Ganguren taldeko presidenteak, Joseba Bolaños Bizkaiko Orientazio Klubeko (COBI) presidenteak, Alberto Boveda Bizkaiko Orientazio Klubeko kide eta mapak egiteko arduradunak, Ainara Ibarra Orbelako ordezkariak eta Xabier Valencia historialariak hartu zuten parte aurkezpenean. Oleak azaldu zuen 2019an hasi zirela seinaleztapen lanak eta dagoeneko 200 kilometro inguruko eremua seinaleztatu direla Udalaren laguntzarekin. Iaz sortu zen zirkuitua egiteko proiektua, eta kirola egiteaz gain, «kultur ondareari, leku historikoei, toponimiak berreskuratzeari eta abarri balioa» ematen dion egitasmoa dela nabarmendu zuen Valenciak. Zehaztu zutenez, orientazioa ezagutarazteko aukera da zirkuitua, baita «paisaiaz eta naturaz errespetuz» gozatzekoa ere. Mailaka bereizitako hiru ibilbide ditu zirkuituak: «horia, Jugu-Aperribai, 2,1 kilometrokoa; laranja, Aperribai-Olabarrieta-Txistulanda, 3,5 kilometrokoa; eta gorria, Jugu-Aperribai-Olabarrieta-Txistulanda, 5,5 kilometrokoa». «Plano batean markatutako ibilbidea egin behar da. Horretarako, orientazioa oinarri hartu, eta kontrol puntuak bilatu beharko dira. Kasu honetan, zentzu ludikoari erabilera didaktikoa gehitu zaio, izen, toponimia eta leku ez oso ezagunak eta interes kultural eta historikoren bat dutenak ezagutarazten saiatuz», zehaztu dute. Jakinarazi zuten, bestalde, aplikazio bat erabil daitekeela kontrol puntuetatik igarotzen dela egiaztatzeko, baita balizetan jarri diren QR kodeak ere. Informazio guztia eta planoak Ganguren MTren webgunean daude eskuragarri.