MAY. 11 2025 - 10:41h Duela mende bat jaio zen Seber Ormaza ANVko kide historikoa Duela mende bat jaio zen Seber Ormaza politikari abertzale eta abestigilea (Bermeo, 1925eko maiatzaren 11 – 2010eko otsailaren 9a). ANV eta HBko kidea, Euskal Herria herrien interesetatik eraiki behar dela defendatu zuen sutsuki, eta ez kapitalismoa, Opus Dei eta EAJ bezalako botere faktikoetatik. Bermeon 2010ean egin zioten omenaldia. (Gari GARAIALDE | FOKU) Amaia Ereñaga Severiano Ormaza, Seber, EAE-ANV alderdi historikoaren kide historikoa duela mende bat jaio zen Bermeon, gaur bezalako egun batean. Franco hil ondorengo urteetako eferbeszentzia garaietan konpromiso sendoagoa erakutsi zuen lidergo politikoaren parte izan zen Ormaza, independentzia eta langileen interesen aldeko defendatzailea mitin anitzetan. EAE-ANV ordezkatzeaz gain, Albertiaren urteroko ekitaldian presentzia nabarmena izan zuen. HBren Mahai Nazionalean ere parte hartu zuen, 1985ean hautatua izan zelarik. eta Gasteizko Legebiltzarrerako hautagaia izan zen koalizio abertzalearekin. Alderdiko Batzorde Historikoko buru zen 2002az geroztik, eta 2007ko urriko Kongresuan hautatu zuten azkeneko aldiz horrako. 2007ko udal hauteskundeetan ANVko zerrendetan aurkeztu zen Bermeon. Urte bereko irailean omenaldia egin zioten herrian. «Duela 150 urtetik hona `bakea' esaten digute, eta guk ere maite dugu. Baina askatasuna ere nahi dugu, eta itzul daitezela preso eta erbesteratu guztiak. Hori gabe ez da posible», esan zuen Seber Ormazak 1984an`Argia'-ri eskainitako elkarrizketan. Eta hau gehitu zen: «Esan izan da ANV Euzko Alderdi Jeltzaletik sortu zela eta ez da hori egia –argitu nahi izan zuen–, gure etxean betidanik izan gara abertzaleak eta ‘Eusko Lurra’ oso inportantea izan zen niretzat».