MAY. 17 2025 - 00:00h Familien basoa Baso bateko zuhaitzak bezain anitzak dira familiak. (Andoni CANELLADA | FOKU) Nerea GODOY FUENTES Maiatzaren 17a Familiaren Nazioarteko eguna da eta herriko lagunek familien basoa osatu dute. Bakoitzak bere zuhaitza egin du eta ez, denak ez dira binaka antolatutako behetik gorako pinuak. Haritzak, gereziondoak, baobab-ak, izeiak, urkiak, pagoak, sagarrondoak, kimu txiki berriak, landatu berri dauden haziak… zuhaitz batek ez diezazula basoa estali, zabaldu begirada! HAZI Oihaneren amatxo Nekane da. Bere sabeletik irten zen, ez dauka oso argi nola, baina bertan eraman zuen bederatzi hilabetez. Koskortutakoan, Marta ere bere familiako kide bihurtu zen eta ordutik, bi ama ditu. Peioren familia erraldoia da, aitatxu, bi aitite eta amama dira, ama izarretan bizi denetik egunero gogoratzen dira berarekin. Bera ere familiaren parte da, noski! Luka eta Kai etxeko txikiak dira, alua eta zakila dituzten bikiak, eta Peiok egunero bihurrikeria berri bat irakasten die. KIMU Lamineren familia txiki-txikia da, baay (aita) eta bera dira. Gainontzeko senideak Dionewarren bizi dira eta urtean birritan elkartzen dira denak thiéboudienne-z betetako mahaiaren inguruan elkar maite dutela ospatzera. Marak literako goiko ohean egiten du lo, 8 lagun bizi baitira etxe berean. Batzuetan primeran jolasten dira elkarrekin, besteetan banaka nahiago dute, eta tarteka, haserretu ere egiten dira. Familia guztietan egoten baitira tirabirak bizikidetzan, ezta? Mararen laguntxoa, Amina, harrera-familia batean bizi da orain, eta literaren beheko ohea libre dago. Josu eta Joana Aminaren bizitzan daude orain, ez dira ama eta aita, Joana eta Josu dira, eta hirurak batera, familia. Jareren ahizpak jaio eta gutxira eman zuen azken arnasa, aita, ama eta Jareren bihotzetan betiko biziko den arren. Heriotza ere bizitzaren parte da, nahiz eta batzuetan bidegabe egokitzen zaigula sentitu. Nikolairen sabeleko amak erabaki zuen haur jaio berria Moskuko adopzio-etxera eramatea, askotan pentsatzen du horretan Nikok. Baina Edu eta Joxemariren maitasunak ez du mugarik ulertzen eta udan Errusiara joango dira bere lehen haurtzaroko etxea ezagutzera. ENBOR Patriken amatxok eta aitatxok elkarrekin bizi nahi zuten, harik eta egun batean, elkarrekin hitz egin eta etxe desberdinetan bizitzea erabaki zuten arte. Orduan, Patrik tristatu eta amorratu egin zen, biekin eta baita munduarekin ere. Denbora eta bi etxeetan jasotako maitasuna izan ziren emozioak baretzeko bidea, luzea baina emankorra. Paulen familia Harri eta Zur ziren, katutxoak. Behin, ordea, kaletik zihoala katakume bat aurkitu zuen zabor artean eta bere kolkorako pentsatu zuen “animaliak abandonatzen dituena, hori bai basatia!”. Eta orain Harri, Zur, Lur eta Paul dira. Peru baserrian bizi da eta ez ditu katuak atsegin, artaldea eta Pott txakurra ditu bizilagun. Noizean behin, Jone bere laguna gonbidatzen du baserrira eta elkarrekin egiten dute lo, irri eta zirri. Egun batzuk elkarrekin pasa eta Jone bere etxera itzultzen da. Eta hainbat egunen buruan, Peru herrira jaisten da, Joneren etxean gaupasa egitera. LORE Ihintza, Maria, Maialen eta Jadiya adiskide eta pisukideak dira, baina familia asteburu oro hazi egiten da. Batzuk badatoz, besteak badoaz, mahaian lekurik gabe gelditu eta sofan afaltzen dutenak, lurrean eseri behar dutenak. Tetris jolasa dirudi etxeak, denentzako lekua dago eta hormak gomazkoak direla dirudi. Zoritxarrez, bonbaz txikitutakoak izan dira Malek eta familiaren etxeko hormak. Ama! Aita! Abdul! Bilal! Suleiman! Laguntza oihuak entzun ezingo dituzten senideak, erantzunik izango ez dutenak. Familia horiek ere irudika ditzagun basoan, ahanzturan erori ez daitezen. FRUITU Eta honela, basoan sartu baino ez gara egin, ederra da bukaera, urrunean antzematen da. Baina dagoeneko, zuhaitz berriak landatzen ari dira amaiera dirudien horretan. Oraindik haien izenik ere ez dugu ezagutzen, baina hau edonoiz irakurtzen dugula ere, basoa aurrez aurre begiratu eta zera esango dugu: gure familia besteak bezalakoa da, besteak ez bezalakoa delako. •