GAUR8

Erlezaintza gaztea

Inaxio Arin eta Mattin Jauregi, «Balerdipeko erleak» proiektuaren sortzaileak. (Josu OZAITA)

Ez hurbildu erleen mundura, gomendio bat da: geroz eta gehiago ezagutu, zu liluratzen saiatuko da, eta ez du bakerik izango: “Zu, zu, atrapatu arte!”. Orduan, zizta egingo dizu zure kontzientzian. Duela ez asko, baserri askotako parte, erlauntz bat edo bi ganbaran bizi ziren, ia familiako kide. Hamarkada gutxi batzuetan, ordea, erlea gure gizarteko ezezagun bilakatu da.

Hala ere, tarteka, azaltzen da erleekin batera bizi den norbait, erleen mundu horrek erabat liluratuta duena. Batzuek afizioz egiten dute, naturara hurbiltzeko edo gizartearen onerako dela pentsatuta. Horiek beharrezkoak dira. Baina badira ezinbestekoak direnak: erlezain profesionalak, erleen zaintza ogibide dutenak, eta dozenaka erlauntzari jarraipena egiten diotenak, eta gizartean beraien lana jendarteratu. Garai batean, erleak ia bakarrik bizi ziren, ez zuten laguntza handirik behar. Gaur, ordea, ezinbestekoa da erlezainaren figura, bere izenari omen eginez, zainketa eta laguntza beharrezkoak baititu erleak, batez ere, barroa izeneko akainaren eta Asiatik etorritako liztor hiltzaile baten aurrean defendatzeko. Diotenez, jaten dugun barazki eta fruituen % 75 polinizatzaileen mende daude. Polinizazioa, hitz gutxitan, zera da: polena hartu lore batetik eta beste batera eraman, ernaltzea bideratuz. Fruitua emango du lorek horrek. Eta betiko galdera: polinizatzailerik gabe posible al litzateke mundua?

ERLEZAINTZA GAZTEA

Munduak jarraituko luke, gizakiak agian ez. Nahiz eta behar bezala ez den aitortzen bere balioa, erleak asko laguntzen dio biodibertsitateari. Geroz eta gehiago ezagutu bere mundu konplexua, bere funtzionamendua... maitemindu egingo zara. Eta kuriosoa da hori: sentimenduak agertzen ez dizkizun animalia bat maitatzea, zure laztanak eskatzen ez dituena, keinu berezirik egingo ez dizuna. Baina laguntasun bat sortzen da, errespetu bat, batez ere gizakiaren partetik.

Erlauntz bat “probatzeagatik” jarri zuenetik iruditu zitzaion Mattin Jauregiri (Ikaztegieta) mundu kuriosoa. Geroz eta gehiago barneratu, orduan eta misterio gehiago topatzen zituen. Engantxatu egin zen. Sukaldari gaztea zen Inaxio Arin (Tolosa), eta behin, Mattin laguntzera joan zen erle tokira. Laguntzera joan eta galdera pila sortu etengabe. Hala, duela bost urte egindako bisita hark txispa bat piztu zion: «Hau kristorena da; eta zerbait serioagoa egiten badugu?». Eta “Balerdipeko erleak” proiektua jarri zuten martxan 2023an.

Gaztetasunak ematen duen indar, ilusio eta gogo horrekin hasi ziren mundu honetan, zerbait berria egiteko grinarekin, beldurrak alboratu eta “erlezaintza gaztea” praktikara eramaten ari dira. Hala, lehengo erlezainen filosofia mantendu eta egungo begiratu baten ekarpena egin dute: eztia saltzen dute, baina azoketako postuan 6-7 ezti desberdin dituztela topatuko duzu. Baita urra eta kakaoarekin egindako krema desberdinak ere, ogi xerran zabaltzeko. Erleen mundua erakusten dute hitzaldiekin, erle dastaketa eginez amaieran. Polinizazio zerbitzuak eskaintzen dizkiete sagastizainei, loraldi garaian beraien erlauntzak eraman eta uztak emankorragoak izan daitezen. Hainbat udalekin elkarlanean, asiar liztorra harrapatzeko tranpak jarri dituzte kanpaina batean, ia 5.000 liztor harrapatuz. Gehiago jakiteko grina dutenei, eta pauso bat aurrera eramateko zalantzan daudenei, erlezaintzako oinarrizko ikastaroak eskaintzen dizkiete. Grina hori elikatuz, beste erlezainak izan dituzte. Ikasketa zehatzik ez dagoenez, praktikarekin ikasi dute, eta inguruko erlezainei galderak eginda. Nahiz eta jakintza handia pilatu duten, badakite oraindik asko dutela ikasteko, edota, izpiritu hori mantendu nahi dute.

Arinek eta Jauregik 150 erlauntz zaintzen dituzte Euskal Herrian. (Josu OZAITA)

Erlezaintzako “Zipi eta Zape” dira. Mattinek dio Inaxio oso-oso langilea dela. Inaxiok, berriz, Mattin “buru pentsalaria” dela, eta jada erle bat bezala pentsatzen duela, «erle aurpegia jartzen ari zaio», botatzen du irribarrez. Osagarriak dira beraien ezberdintasunean, erle langilea eta erle erregina bezala. Mattinek meditazioa, isiltasuna eta arnasketa maite ditu; Inaxiok zezenen aurrean errekortari ibili eta adarren aurrean bizkarra airean etzatea. A ze parea! Bikote berezi honek 150 erlauntz zaintzen ditu Euskal Herrian zehar: bakoitzak 60.000 erle izan ditzakeela kontuan izanda, 9.000.000 erle dira guztira.

BIZI ERLEEN MUNDUA

Beraien pasio hori sentitu eta erleen munduan gehiago barneratzeko, denboraldian eskaintzen duten bisitara hurbildu ginen. Bi orduko esperientzia, erleei buruzko master azkar bat, jada betiko markatuko gaituen bizipena.

Bedaion, mendian galduta, Balerdi tontorraren azpian, jarri zuten hitzordua, argirik ez duen borda batean. Berez, mendian topatu ditzakegun horietako hildako borda bat gehiago izatera kondenatuta zegoen, baina beraiek turismo edo erlezaintza gizartera hurbiltzeko espazio bezala bizia eman diote. Mattin eta Inaxio azalpenak ematen hasi dira, bisitariak erlerik gabeko erlauntzen gainean eserita jarrita.

«Erle larrelari batek, alegia, larrean dabilenak, egunean 10-20 bidaia egiten ditu, eta horietan, 10.000 lore bisitatu ditzake», ari da Inaxio azalpenekin. Hasi kalkulatzen, erlauntz batek izan dezakeen eragina inguruan. «Loreen nektarra eta polena hartzen dute. Nektarra, ura eta glukosa da, %80-%20 proportzioan. Erleek, erlauntzean, hegalak astinduz, hezetasun hori kendu eta proportzioa iraultzen dute, ezti likatsu bilakatuz». Eta oinarrizko azalpenekin batera, beti informazio interesgarria, beti zerbait ikasiz: «Eztiak ez du iraungitze datarik».

(Josu OZAITA)

Erleek, ia denak langileak direla ahaztu gabe, 40 eguneko bizia omen dute. Lehen 20 egunetan gazteak izaten dira, eta barruko lanak egiten dituzte: gelak garbitu, “igeltsero” lanak, abaraxkak osatu.... eta gero, heldu garaian, 20 egun dituztela, kanpora ateratzen hasten dira. Erregina bakarra egon ohi da, eta ia lau urteko bizia omen du: bere lana arrautzak errutea da. «Crossfit pixka bat egiten du indartsu egoteko hasieran». Egunero ia 3.000 arrautza jartzeko gaitasuna duelarik, denboraldi betean.

Erlamandoak ere badira, ar bakarrak etxean. Funtzio nagusia beroa mantendu eta erregina berriak estaltzea da. 15 soilik izaten dira, eta “eztei-bidaian” egiten dute festa. Estaltze horretan, hil egiten da, maitasuna egin ostean barruak aterata, eta airean erortzen da.

Informazioak gure buruan gainezka egiterako, “erlezain izateko gonbita” egiten dute, eta bisitari bakoitzak buzo zuria janzten du. Momentu ederra da, ia denentzat lehen aldia. Eta buzoa, maskara, zure larruaren parte bilakatzen da. Mozorroa jartzea bezala da; aldaketa, metamorfosia... agian norbaitentzat errebelazioa; hasiera bat. Hauspoan sua piztu eta belar moztu berria sartzen dio, ke freskoa izateko, erleei ez erasotzeko. Inaxiok dio, erle trajearekin batera, erlezainaren erreminta garrantzitsuenetarikoa dela. Orain, badute Instagram kontua ere, beraien dibulgazio lana bertan egiten dutelako; komunitate zabalago batekin harremanetan egoteko tresna bilakatu da, ia 3.300 jarraitzailerekin. «Hotza egiten duenean, ez da komeni erlauntza irekitzea, hori neguan etxeko leihoa irekitzea bezala da». Erlauntza irekitzea herri bat deskubritzea bezala da. Gertuko sentitzen dira, dzzzzz, dzzzzz... errespetu handiagoa zaie, beldurra baino, jada. Aurreko hizketaldia entzunda, beste onarpen eta miresmen batekin ikusten dira. Kaos bat dirudien erlauntza supraorganismo bat da, komunitate bat.

LOREEN DASTAKETA

Berriro harrizko bordan sartu gara. Eta ia erritu moduan, ezti potoak hasi dira jira-bueltan. Ezti dastaketa egiten da: ez da eztia, eztiak dira, pluralean. Ia Euskal Herri guztian ditugu erlauntzak, gaur egun erlezaintza transhumantea egiten delako, loraldien arabera mugituz kaxak. «Eztia jatea paisaia desberdinak jatea da», dio Mattinek. Lizarragako eztia lehenik, 630 metrotako altueran, udaberrian bildua. Likidoagoa da, anis ukitua du zaporean, elorria eta kardua loreak batik bat. Gero, San Martin de Unx-eko eztia, labanda lorearekin egina. Bedaion bertan, Balerdipean, egiten duten Mila lore eztia. Zuia herriko ezti iluna. Eta dastaketarekin batera, paisaia desberdinak sentitzen dira, loreen zukua jaten ariko bagina bezala. «Balerdi, Gorbeia, Beriain... dira gure lantoki, paisaia hori ikusten dugu lanean ari garela», irribarrea atera zaio Mattini.

Usain desberdinak, lore aniztasuna, gorputz diferenteak, kolore dibertsitatea... deskubrimendua eztien mundua ere. Behin jada taldea gertukoago eginda, galdera bota die bisitari batek: «Zer erakutsi dizuete erleek?». «Ufa, galdera ona... -animatu da Inaxio-. Natura beste begirada batekin begiratzen. Lorezaintza eta botanika pila bat erakutsi didate. Inguruan ditugun loreen inguruan ideiarik ez nuen, eta orain, behintzat, zein lore diren eta noiz loratzen diren behatu eta sentitzen dut. Zerura asko begiratzen dut, eguraldia. Naturarekin beste konexio bat dut».

Mattinek ere gustura erantzun du galdera. «Natura ulertzen, azken finean. Naturaren erritmoarekin lan egiten dugu: lorea noiz hasten den, gero fruitua noiz datorren... Erleak argizaria sortzen du ekainera arte: zergatik? Eguzkia ekainetik aurrera beherantz doalako, orduan erleen populazioa ere bai... eguzkiarekin bat. Erritmo horren parte bilakatzen gara. Bizitzeko modu bat da». Erleak entzun behar ditugu, hitz egiten ari zaizkigu.