GAUR8

Lurrarena

Hainbat pertsona, maiatzaren 17an, Marieneko lurretan haziak ereiten. (Guillaume FAUVEAU)

Lurrak ez dik heltzen». Halaxe bota zidan sententzia, San Isidro egunez, Usurbilgo baserritar batek. “Heldu lurrari” leloarekin akordatu nintzen ni, asteburuan Marieneko lurrei buelta eman eta landatze lanetan aritu ziren militanteekin. Edo Aroztegian, lurraren alde, makinen aurrean eseri ziren herritarrekin bestela. Eolikoak hemen eta eguzki plakak han, “lur arraroak” Ukrainan eta itsasoko autopista berriak Artikoan. Nik lurra ikusten dudan lekuan excel-eko taulak eta galdu-irabazien balantzeak irudikatzen dituztenekin ere gogoratu nintzen. San Isidro joan eta San Isidro etorri, baserritarren aurpegi etsiak izaten ditugu mahai-inguruan, eta hondeamakinak ikusten ditut nik, zizareen gisa, lurra azpitik jan eta jan, porlanezko betelanak egin eta egin, eta esku zailduak eta azkazal belztuak haien gainean, lurrari nolabait buelta eman nahi eta ezinean; hortzak galdutako sardeak eta kamustutako aitzurrak, hormigoi gainean baratze bat egin nahi eta ezinean. Lurrik gabe geratzen ari den lur bat.

“Lurrak ez dik heltzen” esan zidan eta haren esanari buelta eman nahi izan nion nik. Baietz, lurrak heltzen duela, begiratzeko bestela pandemia-osteko “hobeak itzuliko gara” horretan hiriak utzi eta arnasa bila herri txikietara joan direnei; edo balkoirik balkoi ugaltzen ari diren tomate eta piper landareei. Orain baratzea gauza progrea bihurtu dela. Erreleboa gero eta zailagoa izan arren alternatibak sortzen ari direla, kontsumo-taldeak, kooperatibak, Amillubiak, sindikatuak eta bestelako mundu baten alde korapilatzen ari diren hari horiek guztiak. Ez zen horretaz ari ordea.

«Lurrak ez dik heltzen» esan zuenak horixe soilik esan nahi baitzuen: lurrak ez duela heltzen. Bera eta bere ingurukoak azken aldian aritu izan direla zuhaitzak landatzen, baina lurrak ez diela heltzen, ez dutela zainik ematen, sustraiak ez direla lurpean zabaltzen, eta udazkeneko lehendabiziko haizeteak lurrarekin berdintzen dituela. Aldamenean bazen beste baserritar bat, ezizentzat bere etxearen izena zeramana, ezizena bera izena baino izenago bilakatu zitzaiona. Eta bi hariak mataza berera ekarri zizkidan senak. Zaila da garai honi buruzko sententzia hoberik aurkitzea hori baino. Lurrak ez digula heltzen, airean gabiltzala, helduleku bila aldiro, sustraiak zabaldu nahi eta ezinean. Ez gaituela etxeak definitzen, nomada gabiltzala, lanez lan, lagunartez lagunarte, lehen heltzen ziguten oinarriak zalantzan jarrita eta, aldi berean, bestelako lur batean zainik bota ezinda bezala.

Irri-murritz bat atera zitzaion aldameneko baserritarrari. Eta halaxe konturatu nintzen lurrari buruz aritzea guri buruz aritzeko modu bat ere badela. •