MAY. 31 2025 - 00:00h Eta adimen artifiziala erabiliko bagenu gure osasuna hobeto ulertzeko? Sendagileen idatziak ulergarriago egiten lagundu dezake adimen artifizialak. (Roman SHASHKO | GETTY) Maite ORONOZ Medikuen idazkerak beti izan du fama txarra. Pazienteari kasu ganoraz egiteko, idazteko denbora gutxi dute, eta hori izan daiteke garai batean haien letra ez ulertzearen arrazoietako bat. Hori horrela da orain ere, denok nahiko genukeena baino denbora gutxiago dute, baina pazienteok letraren ulergarritasunarekin ez dugu jada arazorik, ordenagailua erabiltzen baitute osasun-txostenak idazteko. Gure osasunari buruz esaten digutena ulertzeko, ordea, baditugu oraindik bestelako buruhausteak. Medikuntzan erabiltzen den hizkuntza zaila da kaletar arruntontzat, oso teknikoa baita. Tamalez, zailtasun hau erakusteko euskarazko adibideak topatzen saiatu naizenean, nekez topatu ahal izan ditut, oraindik osasun-langile euskaldunek lantokian euskaraz idazteko aukera gutxi baitute. Hori, adimen artifizialari esker, Itzulbide itzultzaile neuronala tarteko, konpontzeko bidean gaude. Osasun-langileek euskaraz idatzi ahalko dute, eta erdaradunek osasun-txostena gaztelerara itzuliko dute. Eta adimen artifizialak, horrez gain, hizkuntza teknikoa ulertzen lagunduko baligu? Aurrekoan CLARA-MeD proiektuaren berri izan nuen. Proiektuan “hallux valgus” moduko termino konplexuak testuan markatu eta termino sinpleago batekin, kasu honetan “juanete” (euskaraz juanikote) hitzarekin, ordezteko aukera proposatzen dute. Horrez gain, osasun alorreko testuen sinplifikazio automatikoa egiteko asmoa dute, hau da, adierazpen bat edo egitura bat ulertzeko errazagoa egiteko helburua dute. Hizkuntza-teknologietako kongresuetan, “ataza partekatua” izeneko lehiaketak ohikoak dira. Antolatzaileek ariketa bat proposatzen dute, testu-bilduma bat eskaintzen dute eta parte-hartzaileak haien artean lehiatzen dira programa eta hurbilpen ezberdinak erabiliz emaitzarik hoberena lortzeko. Aurten, atazetako batean, helburua pazienteen galderei erantzutea izan da, ebidentziak osasun-txostenetatik erauziz. Adibidez, demagun pazienteak galdera hau egiten duela: «Nire 59 urteko aita larrialdietara eraman nuen, eta ekografia bidez aortako aneurisma bat zuela aurkitu zioten. Salbamendu-konponketa bat egin zioten (hodi-txertoa). Zergatik egin zioten ebakuntza hau?» Ariketan osasun-txostenekin osatutako datu-bilduma bat aztertu eta erantzun hau espero da: «Bere aortako aneurisma aorta torako abdominaleko aneurisma baten hausturak eragin zuen, eta horrek larrialdiko kirurgia esku-hartzea behar izan zuen. Konponketa konplexu bat egin zioten 34 mm-ko Dacron mentu tubularra eta zirkulazio-geldiera hipotermiko sakona erabiliz, haustura konpontzeko». Kasu honetan, sistema adimendun bat sortu ahalko litzateke, gure osasunaren inguruan ditugun duden inguruan galdetu ahal izateko. Eta galderak egiteko tresna eta hizkuntza sinplifikatzeko gai dena bateratuko bagenitu, eta euskaraz erabili? Orduan, gure osasunaren inguruko dudak ulertzen laguntzeko tresna baliagarria izango genuke... baina hori litzateke... laguntza-tresna, eta ez medikua. •