JUN. 14 2025 - 00:00h Sugar Dating, OnlyFans... eta «ezkutuko prostituzioa» Sareetan ageri diren diskurtso asko emakumeen ahalduntze ariketa gisa aurkezten dira, baina zer barneratzen dute gazteek neskak etengabe se-xu-objektu bilakatzen direnean? Sexua eta indarkeria ia bat direnean? Towanda Rebels-ek egoeraren kronika gordin bat utzi zuen Laudion. Towanda Rebelsen «Ezkutuko prostituzio berria: Sugar dating, OnlyFans eta ahalduntze faltsua» hitzaldia Laudion. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Nerea Goti Igo ezazu sare sozialetara emakume baten argazki bat txakurra paseatzen, norbaitekin hitz egiten..., eta emakume horren beste argazki bat jarrera sexualizatuago batean, zeinek jasoko du “like” gehien? Bigarrenak, dudarik ez dago. Hain ohiko egiten zaigun ariketa horren atzean, halere, sareetan gertatzen ari diren hainbat fenomeno eta normalizatzen joan den diskurtso sakonago bat daude, emakumeak kokatzeko eremu sinboliko bat, ahalduntze hipotetiko batez mozorroturik baina betiere objektu bilakatuz. Zati handi batean, baina ez era esklusiboan, irudiek eraikitzen duten diskurtso horretatik edaten duten prostituzio eredu berriak daude, eta mundu digital horretan, gazteak eta nerabeak dira kontsumitzaile nagusiak, masan, eta oso gaztetatik, gainera. «Sugar dating, OnlyFans eta ahalduntze faltsua» protagonistak dituzten sareen munduari eta «ezkutuko prostituzioari» heldu diete Laudioko azken Jardunaldi Feministek, Towanda Rebelsen eskutik. Komunikazio feministarako proiektu iraultzaile gisa jaioa, Towanda Rebelsek curriculum zabal bat du formazioan eta sexu indarkeriaren prebentzioan; tailerrak eskaintzen dituzte ikastetxeetan, hitzaldiak publiko orokorrarentzat, eduki feministak sortzen dituzte... Zua Mendez proiektuko kidea izan zen Laudioko “Zukutu feminismoa” jardunaldietako gonbidatuetako bat. Batez besteko adina altua zen gela batean, belaunaldi zaharragoentzat ezezaguna den beste mundu batetik etorritako berriemaile gisako zerbait bilakatu zen bi orduz aktibista feminista, eta deskribatu zuen errealitateak behin baino gehiagotan asaldatu zuen publikoaren zati bat. Towanda Rebelsek abolizionismotik hitz egiten du: prostituzioa ez da lan bat, ez lanbide zaharrena ezta sexua ere, ez baita berdinen arteko harreman bat, eta ez da egia ezingo denik inoiz desagertu. Prostituzioa pentsatuta dago gizonak orgasmora iris daitezen, eta ez da sexu-plazera jokoan dagoena, baizik eta boterea, dominazioa, baieztatu zuen Mendezek. Oinarri horretatik eraiki zuen gizonen artean hain «ezarrita» eta «normalizatuta» dagoen praktika bat, beste formatu eta marko batzuk bereganatu dituena, dena posible den unibertso batean, sareetan. Datu pare bat eman zuen argazkia osatzeko: Estatu espainola lehen herrialdea da Europan prostituzio kontsumoan, eta munduan hirugarrena. «PROSTITUZIOA 2.0» Mugarri bat aipatu zuen honetan guztian, pornografia kontsumoen eztanda ekarri zuena: pandemia, «prostituzio-etxeak izan ezik dena itxita zen garai hura». Sortu zituen bakardade egoerak, arazo sozialen haziera eragin zuen unea zen... eta gazteek sare sozialetan ematen zuten batez besteko denboraren igoera ikaragarria ekarri zuen, 7 ordutara helduz, eta gero eta adin txikiagoetan, gainera. Besteak beste, osagai horiekin joan zen pornografiaren aldeko atmosfera bat sortzen, eta unibertso birtual horretan negozio berriak sortu ziren. «Prostituzioa 2.0» deitu dio Towanda Rebelsek. Nesken azalean jarrita, mundu horretara bidaiatuko bagenu, Instagram aplikazioan egin beharko genuke lehen geldialdia, eta sare horren erabiltzaile diren 10-12 urteko neskatoen buruan jarri, adin horrekin izan daitekeen espiritu kritikoa kontuan hartuta. Zer aurkitzen dute han? Frida izeneko kontua aipatu zuen adibide gisa Zua Mendezek, eta «Frida enpresa bat da». Kontu horrek zabaltzen dituen istorioen artean, «gauza bat eta kontrakoa» saltzen dela azaldu zuen. Amelia Tiganus bezalako aktibista ezaguna ager daiteke; eta ondoan, bere burua sexu langile gisa aurkezten duen gazte bat, lanbide hori aukeratu duela esaten duena, emakume askea delako, baldintzak berak jartzen dituela adierazi eta, gainera, funtzio sozial bat ere egiten ari dela defendatzen duena. «Kutsu alternatiboa duen mezua da, urratzailea, eta apur bat intelektuala, ahaldundua». Hala izan daiteke ikusle gazteentzat, baina prostituzioa normalizatzen duen mezu bat da -dio Mendezek-, beste edozer bezalako aukera bat dela saltzen duen ideia zabaltzen ari baitira. Zua Mendez Towanda Rebelseko kidea, Laudioko «Zukutu feminismoa» jardunaldietan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Mezuak jaso eta barruraino heltzen dira askotan, emakumeak sozializatzen diren erarekin lotuta baitaude: «Zaintzearen rolean sozializatzen gaituzte», eta gainera, «zer ulertzen ari da haur bat? Emakume horrek dioenak balio handia duela, zeren sareetan dago, apurtzailea da, eta gainera etorkizuna duen zerbait dela, zeren zuzenbideko karrera utzi badu horretan aritzeko, irteera gehiago izango dituelako da». Instagram-etik, OnlyFansera, «prostituzioa kontsumitzeko gure herrialdeko lehen plataforma» eta konfinamenduan erabaki estrategikoa hartu zuena: «Premium edukiak askatzea». «Egiten ari zena putazaleak masan haztea zen; izan ere, zer gertatzen da orri pornografikoetara libreki sartzen garenean? Ordaindu gabe, mugak ezabatzen direnean?», galdetu zuen. Publikoa artegatu zuen datuetako bat jarri zuen mahai gainean adituak: azken bost urteetan egindako erregistroek diote adin txikikoak 8 urterekin hasten direla pornoa ikusten, eta ez dute bilatu behar, «telefonora heltzen zaie». PORNIFIKAZIOA ETA ‘MILF’-AK Gertatzen den beste fenomeno bat aipatu zuen: «Kulturaren pornifikazioa». Ingurune digitalean bereziki gertatzen den zerbait da, arlo askotara zabaldu dena. Hizkuntzan dago, sarri erabiltzen ditugun eta pornografiarekin zerikusia duten hitzetan; ikus-entzunezko diskurtsoan, bideoklipetan eta argazkietan, emakumeak euren burua aurkezteko erabiltzen dituzten eretan, kanten letretan... Beste adibide bat, erabiltzaileen artean ezagun egin den termino berrien arteko bat: MILF, “Mother I'd Like to Fuck” ingelesez, hau da, “larrua joko nukeen ama”. Bilatzailean aurki daitezkeen hainbat definiziotan azaltzen da sareetan ospe handia irabazi duen hitza dela, «gogo biziz partekatzen den» horietako bat bihurtzeraino. Eta izurriteak eragindako hain erabilera handiko une batean, sare sozialetan zein da indarrean egon den genero politika? Hori itaundu zuen adituak. Telefono arrosa batekin irudikatu zituen emakumeei lotuta zabaldu dituzten balioak: gorputza, edertasuna, estetika, gaztetasuna, pasibotasuna, konplazentzia, feminitatearen errefortzua eta desira-objektua. Gizonen kasuan, balioak telefono urdin batean irudikatu zituen: gogoa, ideiak, arrazoia, diskurtsoa, lidergoa, garaipena, maskulinitatearen errefortzua eta desira-subjektua. Nabarmendu zuenez, kutxa arrosa eta urdin sinboliko horien balioen inguruan hazten dira haurrak, eta sexualitatearen ikuspuntutik begiratuta, «bada txarto etortzen zaigun zerbait»: lehena da gizonak direla desira-subjektuak, eta “nahi duzuna lortuko duzu zuk”, “nahi duzun tokira helduko zara”, “zure ametsa garrantzitsuena da” eta “ez onartu ezetzik” bezalako mezuak dira jasoko dituztenak; baina ezetzik onartzen ez duen pertsona bat zer da sexualitatean? Galdetu zuen berriz. Inon idatzita ez dauden arau absurdo horiek azalean itsatsiko balira bezala errepikatzen dira, eta «neska eta mutilen arteko distantzia izugarri bat markatzen doazen rolak dira». Irudian, gazte bat telefono pantailan agertzen diren irudiei begira. (Robert ALEXANDER / GETTY IMAGES) Espazio publikoan, politikoan, berdintasunaren mezua zabaltzen den bitartean, sareetan zirkulatzen diren irudietara itzuli zen Mendez, pantailan arropa gutxirekin dauden eta ipurdia punpaka duten artisten irudiak erakutsiz. Denek nahi dutelako egiten dute, antza, baina bitxia da emakume guztiek gauza bera egitea, hau da, ipurdiaren lehen planoen bidez erakustea haien burua. Gizonekin ez da gauza bera gertatzen. Arrazoi bat aipatu zuen: ezin da ipurdi batekin enpatia izan, ipurdi baten irudiak ez du zoriontasuna edo tristezia adierazten, emakumeen “gauza bihurtzea” adierazten du. «Irudiak diskurtsoak dira eta oso arriskutsuak dira. Ni txapa ematen ari naiz hemen eta zuek espiritu kritikoa aktibatuta daukazue, baina irudiak, musika era akritiko batean sartzen dira askotan, eta pentsa dezakegu irudi batek garrantzirik ez daukala, baina irudietatik eraikitzen dugu erreferentziazko espazioa», adierazi zuen Mendezek. Ikastetxeetan ematen dituzten hitzaldietan izandako esperientzia aipatu zuen adituak. Adibidez, irudiei buruz galdetzen dietenean, ez dute ezer arrarorik ikusten emakume horiek erakusten duten jarreran, emakume horrek egindako hautu libre gisa hartzen dute, “egiten dute baina nahi dutelako egiten dute”. Ezberdin ikusten dute subjektua aldatzen denean. Emakumeek erakusten duten jarrera horretan bertan haien aita imajinatzeko esaten zaienean. Barreka hasten dira pentsatzearekin bakarrik, eta barre zergatik egiten duten galdetzean, erridikulua dela diote. Azaldu zuen irudi horiek ez daudela emakume horientzat eginda: «Hau ez dago eginda guretzat, ikuslearentzat eginda dago», eta gizonen begiradaren barneratzearekin lotuta dago, nesken sozializazioaren parte den zerbait da. Neskak dira Instagram, Only Fans eta TikTok bezalako sareen erabiltzaileak eta eduki sortzaileak, «eta hara, kasualitatez, irudiarekin zerikusi handia duten sareak dira, argazkiak eta bideoak nagusi dituzten plataformak». Sare hauek, gainera, emakumeen sozializaziorako osagai bat izaten dute, sortzaileek elkarri eragiteko aukera eskaini ohi dute: «Bihotz bat jarri atsegin duzula adierazteko, zure follower-a (jarraitzailea) naizela erakutsi, ‘emadazu gehiago’ adierazteko...». Gizonen artean beste sare batzuk dira erabilienak, Twitch, adibidez. Horretan gizonak dira “streamer” handiak, baina emakumeak sartzen ari dira. Sistemak, halere, ikasi du zer den funtzionatzen duena, eta sare sozialak, Mendezek esan zuenez, nitxo txikiak bilakatu dira, non bakoitza burbuila batean bizi den eta sareek atsegin duzuna ematen dizuten, zure interesen eremuaren araberako eduki hornitzaileak. «(AUTO)KOSIFIKAZIOA» Agertoki horretan iritzi emaile profesionalak daude; tartean, gazteen iritzi-liderrak direnak. «Oso gizarte indibidualizatu batean eta autoritate intelektual falta handi bat sumatzen den une batean, ematen du «edozein argudiok balio duela, edozeinek edozertaz hitz egin ahal duela, eta dinamika horretan feminismoa kuestionatuta egon da beti, eta are gehiago orain», gogoratu zuenez. Autokosifikazioa da fruituetako bat. «Ez da erosi dezakedan termino bat; zeren dena gauza bihurtzen duen gizarte batean, ez da bidezkoa zeure burua gauza bihurtzearen errudun zeu egitea», adierazi zuen Towanda Rebelseko kideak, eta erantsi zuen behin kosifikazioa eta sexualizazioa hain normalizatuta daudenean nagusitu daitekeen ideia: «Ez izan leloa, azkar ibili, etekina atera gaztea eta ederra zaren bitartean». «Normalizatuta dute jada gizarteak haietaz zer espero duen», eta trantze horretan OnlyFans plataformak lur emankorra aurkitu du adituaren hitzetan, zeren «Instagramen bikiniarekin dituzun hain argazki ederrak OnlyFansera igo ditzakezu, eta gainera, ordaindu egingo dizute». Neskei mezu hori heltzen zaien bitartean, mutilei haien neska-lagunen irudiak OnlyFans-era zabal ditzaten behar duten informazioa heltzen zaie, eta kanalak sortzen dira, dirua nola atera azaltzen dutenak. Bi orduko saioan, sare sozialetan ematen diren hainbat fenomeno aletu zituen Mendezek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Era horretara joan da hazten OnlyFansen unibertsoa, hasiera batean bertan proiektuak partekatu eta dohaintzak jasotzeko aukera ematen zuena. «Horrela izan zen Leonard Kavinsky heldu arte», azaldu zuen Mendezek. Kontatu zuenez, plataformetan material pedofiloa sartzeagatik ezaguna zenak OnlyFans erosi zuen, eta «prostituzio plataforma publiko bat» eraiki zuen; lehen gustuko zuten proiektuengatik ordaintzen zuten erabiltzaileek orain katalogoa begiratzen dute, eta horren %90 baino gehiago emakumeak dira. Fans-ak gizonak dira nagusiki, katalogoa errepasatzen dute eta noren fans-ak egin erabakitzen dute; une horretan zuzeneko negoziazio batean sar daitezke neskarekin. «Prostituzioa ez da sexua, boterea da, botere ariketa bat da, eta gizon hauek kitzikatzen dituena ez da emakume bati zakila sartzea, bere gorputza ukitzea edo biluzik ikustea, ez da hori, emakumeen gainetik egotearen botere ariketa bat da», azpimarratu zuen Towanda Rebelseko kideak. Horren adibide gisa jarri zuen “bukake”-ren praktika, azken urteetan bisita gehien jaso dituenetakoa. Mendezek azaldu zuen “bukake” tortura metodo bat izan zela Japonian, arauak hausten zituzten emakumeentzako. Plazan lotzen zituzten biluzik, edozein gizonek haien gainean eiakula zezan, zigortzeko, iraintzeko, zikin zeudelakoan. Pornoak kategoria pornografiko bihurtu du, non neska bakar bat ikusten dugun, haur itxurakoa, biluzik, belauniko, gizonak igarotzen diren gela batean. Ehun izatera ere iris daitezke; zehaztu zuenez, ez dugu haien aurpegirik ikusten, baina neskaren aurpegiaren gainean eiakulatzen ari direla ikusten da. Agerikoa da indarkeria, baina kamerak erakusten duena neskaren irribarrea da. Horrelako edukiak dira oso adin txikiko haurrak kontsumitzen ari direnak, eta horrek ondorioak ditu: horrelako harremanak normalizatu dituzten mutil gazteak eta indarkeria hori gustuko izan behar dutela pentsatzen duten neskak. Gazteekin egiten dituzten saioetan aurkitu dituzte jokabide horiek: «Sexua gustuko ez dutela adierazten duten 15-17 urte bitarteko neskek diote ez dutela ezer sentitzen». Adituaren esanetan, kitzikapena eta sexu plazera nahasten ari dira, eta praktika batzuetan sentitzen dutena ez da plazera, adrenalina baizik, adibidez, lepotik heltzen dizutenean eta itotzeko zorian zaudenean, baina hori da sareen sozializazioan barneratzen doazena, eta gustatu ala ez, saldu egiten zaie etekin ekonomiko bat atera dezaketela. «Horrela eraikitzen dira puta berriak», adierazi zuen Mendezek. ADINEKOAK ETA ZERO KILOMETROKO NESKAK Beste herrialde batzuetakoak ziren lehen prostituzioan aritzen zirenak, eta «ez genuen ezer egin, baina gure alaben bila datoz orain, lortu dutelako neskek pentsatzea hor dagoela izan dezaketen irteerarik onena», gaineratu zuen Mendezek, putazaleak ere eraikitzen diren rolak direla aipatuz. Sexu harremanak pornografian ikusitakoarekin lotzen dituzten gazte horiek gurutzatuta dituzte sexua-desira eta indarkeria irudiak, eta fantasia pornografiko horiek ohiko prostituzio ereduetara heltzen ari direla ikusi da: «Prostituzio egoeran dauden emakumeek esaten digute fantasia horiek egia bihurtzera jotzen dutela haiengana. Emakume bati entzundakoa ekarri zuen gogora: ‘Jendeak uste du okerrenak adineko gizonak direla, baina ni 16 urteko gazte bat datorrenean ikaratzen naiz, indarkeriazko performance osoa egitera datorrelako’». Gizonen gustukoa izatea emakumeen kapital erotikoa bilakatu denean, “Sugar dating” fenomenoa ere sartu da indarrez. Joera horren atzean ideia argiak daude, gorputz gazte eta lirain bat izatea, «baina besteentzat, eta gainera iraungipen data duena. Gizonen kapital erotikoa, berriz, heldutasuna, jakituria eta ile zuria den bitartean. ‘Sugar dating’ pertsona gazte baten eta zaharrago baten artean ematen den harremanei deitzen zaie, tartean opariak eta mesede sexualak egon daitezke, eta esan beharrik ez dago, gizonak direla nagusiki ‘Sugar dady’-ak eta neskak ‘sugar baby’-ak». Azken hau ere ez da kasualitatea; Mendezen hitzetan, “dady” hitzarekin lotuta daude hierarkia eta autoritatearen ideia. 35 urteko aldea duen gizon baten “maitasun” horren atzean, «ile zurien eta samurren atzeko errealitatearen hornitzaile baten figura dago, fidagarria den eta esperientzia duen gizon bat; ‘Greyren 50 itzalak‘ istorioaren eskema arrakastatsua jarraituz, gizon aberatsa, babeslea eta heldua, neska erregina bailitzan edukiko duena, eta gauza gutxi den neska pobrea. Towanda Rebelseko kidearen ustez, berriz, ez dago maitasunik ezta inongo misteriorik ere, hain ospetsu egin diren “harreman” horietan. «Benetan egiten ari direna prostitutaren performancea da, baina zero kilometroko neskekin», nabarmendu zuen Mendezek.