JUN. 21 2025 - 00:00h Inspirazioa Hafsat Abiola, 2013ko irudi batean. (INSTITUTE FOR INCLUSIVE SECURITY | FLICKR) Garazi Goia Bihar ekitaldi berezi batean egoteko pribilegioa izango dut, nire enpresak antolatu duen saio bat da, etorkizuneko lidergoari buruzko hausnarketa bat. Besteak beste, arrakasta komertziala eta gizarte-onura elkarrekin lotuta doazela erakustea da helburua, erresilientzia eta eragina ardatz nagusi bezala dituelarik. Mundu mailan erreferentzia diren ahotsak gonbidatu ditugu, haien artean Hafsat Abiola humanista, "Nigeriako Bakearen Arkitektoa" bezala ere ezaguna dena. Nigerian demokratikoki aukeratua izan zen lehenengo presidentearen alaba; gurasoak bertako diktadura militarraren garaian galdu zituen, askatasunaren alde borrokan ari zirela. Orduz geroztik, demokraziaren eta justiziaren aldeko konpromisoa erakutsi ditu Abiolak. Demokraziarako Ekimenaren (KIND) sortzailea da, eta Women in Africa (WIA) erakundeko zuzendaria ere bai, berrehun mila ekintzaile baino gehiago konektatzen dituen komunitate globala. Ekitaldia antolatzen ari ginela, Abiolak lantzen dituen bi kontzeptuek atentzioa eman zidaten. Alde batetik, bere diskurtsoaren mezua oso zehatza da: «Zailtasun eta erronka handien aurrean, norberaren esku dago eragin esanguratsu bat lortzea, helburuetan oinarritutako lidergo baten gidaritzapean». Norberak egin beharreko urratsez ari da, erantzukizun indibiduala hartzeaz, eragin kolektibo bat bultzatzeko. Bestetik, lidergo inklusiboa da lantzen duen kontzeptua, eta puntu konkretuetan oinarritzen dira bere lana eta duen eragina; (1) narratiba aldatzearen beharraz ari da, ikuspegi eta perspektiba anitzak hartzearen beharra azpimarratuz; (2) emakumeak eta gazteak ahalduntzea da beste ardatzetako bat, batez ere baztertuta dauden haiei lagunduz; (3) gobernantza etikoa sustatzea du helburu, boterean oinarritutako lidergotik haratago, osotasunak eta helburu sozialek gidatuta. Eta azkenik, (4) Afrikaren eraldaketan bultzada handia ematea da helburua, kontinenteak duen potentziala lortuko duen lidergo batean pentsatuz. Testuinguru honetan, askotan errepikatu duen esaldi bat datorkit gogora: «Afrika ez da bere liderrek egiten dutenagatik bakarrik izango, herritarrei haien balioekin eta ahots kolektiboarekin gidatzeko aukera eman zaielako baizik». Abiolaren parte-hartzea eragin handiko beste emakume batzuen artean egongo da: Farmida Bi, finantza etikoaren eta enpresa munduan lidergo inklusiboaren aitzindaria dena. Eta Mary Robinson, Irlandako lehendakari ohia eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen arduraduna. Enpresetako lidergoaren garapenean benetako apustua egiten ari direnekin egunero egoteko zortea baduzu, orduan konturatzen zara badagoela beste estrategia liburu bat aldaketarako. Are gehiago, enpresetako arazoak gizarte-arazoekin nola gurutzatzen diren ulertzeko gaitasuna duten horiek askoz hobeto prestatuta daude aurkezten zaizkigun erronkei eta egunetik egunera handituz doazen ezegonkortasun eta aldaketa garaiei aurre egiteko. Aldiz, erregela zurrunak berrezarriz autoritatea inposatzen duten “lider” horien jarrerak ulergaitzak egiten zaizkit; adibidez, egunero bulegora itzultzera “behartzen” ari diren horiek, langileenganako konfiantza zalantzan jarriz; edo aniztasunaren kuotak kentzen ari direnak; edo aurreko belaunaldietako lan egiteko modu zaharkituetan, boterea eta indibidualismoa nabarmenduz. Horrek guztiak epe motzean izango duen eragin negatiboaz ez dira ohartzen. •