JUN. 21 2025 - 00:00h Misoginiari ateak itxiko dizkioten espazio digital feministen bila Posible al da internet seguru eta feminista bat? Posizio atzerakoien gorakada betean, espazio digitalak mezu antifeministen bozgorailu dira maiz. Ez da kasualitatea, egitura oso bat dago horren atzean, gizonezkoen pribilegio eta botereari lotutakoa. Ikerketen arabera, emakume gazte asko deseroso sentitzen dira sare sozialen bidez jasotzen dituzten mezuengatik. (GETTY) Iraia Oiarzabal Sare sozialen kontsumo betean bizi gara. Zenbait aplikaziok sareotan pasatzen dugun denbora ere neurtu dezakete, izutzerainoko datuak parez pare jarrita. Eremu digitalen ezaugarriak, balioa, aukerak eta arriskuak aztertzeko ikerketa lan andana egin da, eta gehiago etorriko dira, halabeharrez. Bizi dugun testuinguru politiko eta sozial honetan, posizio erreakzionarioen babesleku bihurtu da eremu digitalaren zati handi bat, emakumeen eta kolektibo minorizatuen kontrako diskurtsoak zabaltzeko zelai. Posible al da hori aldatzea? Galdera horri erantzuten saiatu dira hasi berri diren EHUko Udako Ikastaroetan, adituen laguntzaz. Eremu digitalaren egitura, bertatik jasotzen ditugun mezuak eta horien eragin soziala izan dituzte hizpide. Emakumeengan ondoeza eta ezinegona sortzen duen eredu baten aurrean, internet seguru eta feminista bat aldarrikatzen dute. Horretarako, ezinbestekoa da ulertzea nola funtzionatzen duen egungo egitura digitalak, eta, filtroz beteriko garai honetan, maskara kentzea adituek “2.0 misoginia” deitzen dioten horri. MISOGINIA ETA MANOSFERA Jatorriz, interneten ezaugarri nagusia horizontaltasuna zela gogoratuz hasi du bere hitzaldia Agueda Gomez Vigoko Unibertsitateko Soziologia irakasleak. Gizartearen zerbitzura eta, zenbait kasutan, aktibismoari lotuta egon da. Hori aldatu egin da, «estatu kolpe txiki bat gertatu balitz bezala», eta espazio horiek pribatizatu egiten dira. «Korporazio handiek bere egin dituzte espazio horietako asko. Ondorioz, egun politizatuta dago. Ez dago pluraltasunik, ez da demokratikoa, ezta horizontala ere», ohartarazi du. Interes ekonomiko eta politikoak jokoan sartzen diren unetik, helburu askatzaileetatik urruntzen da internet. Gomezek azaltzen duenez, plataformek irabaziak bilatzen dituzten aldi berean, botere erreakzionarioen aliantza ematen da. Horrek definituko ditu sareen izaera eta bertatik zabaltzen diren mezuak. «Teknologia enpresa handiek definitzen dute zer den ikusgarria eta desiragarria. Eta teknologia horien lidergoa gizonezkoen gutxiengo batena da», argitu du. Ondorioa begi-bistakoa da: espazio digitalean gero eta misoginia gehiago dago. Zehazki, “2.0 misoginiaz” hitz egiten du Gomezek. Logika algoritmikoen bidez sortzen den egiturazko biolentzia berri baten aurrean gaudela dio. Narratiba sexistak gailentzen dira nonahi, eta horrekin batera, «emakumeen gaineko bijilantzia, esposizioa eta gauza-bihurtzea», gaineratzen du. Horrek guztiak «gidoi patriarkal» bati jarraitzen diola ere azpimarratzen du, alegia, ez dela ezustean gertatzen. Arkitektura algoritmikoa modu zehatz batean dago diseinatua, helburu batzuk lortzeko, mezu batzuk hedatzeko eta beste batzuk ezkutatzeko. Baldintza horietan, bortizkeria misogino digitala ugaritu da, eta karga sexista handiko eduki digitala sortzen da. «Emakumeekiko gorrotoari etekin ekonomikoa ateratzen zaio», baieztatzen du soziologoak. Datuak ere aipatzen ditu, algoritmoek feminismoaren kontrako mezuak lehenesten eta biralizatzen dituztenaren adierazgarri. Adibidez, X sare sozialean, mezuen %50 omen dira. Feminismoaren kontrako posizioez gain, genero indarkeria sustatzen duten eduki eta mezuen hedapena nabarmentzen du Gomezek. «Emakumeen egoteko moduak diziplinatu egiten dira, eta semiotika sexistak nonahikoak dira», dio. Baina ze dimentsio du honek guztiak? Eta kontziente al gara gizarte bezala? Clara Ines Guillo UCM-ko Soziologia irakasleak argi du ezetz. Bere ustez, gero eta indibidualistagoa da gure gizartea eta horrek egituren gaineko kontzientzia hartzea galarazten du. «Berdintasun eza berdin-berdin garatzen da espazio digitalean; are modu negatiboagoan, askoz ezkutuagoan dagoelako». Clara Ines Guillo ikerlariak emakume gazteek euren buruen inguruan duten pertzepzioaren inguruko analisia egin zuen Donostian. (Maialen ANDRES / FOKU) Ikusezintasun horretan mugitzen da manosfera delakoa. Intentzio politiko argi batekin antolatutako gizonezkoen foro bezala definitzen ditu Gomezek. Aurten estreinatutako “Adolescence” telesail arrakastatsuak lortu du, neurri handi batean, errealitate hori ikusaraztea eta kontzientzia soziala astintzea. Gizonezkoen arteko adiskidetasun toxikoa eta biktimismoa ditu ezaugarri nagusi, Gomezen hitzetan. «Narzisismo biktimista» ere aipatzen du. Emakumeak errudun egiten dituzte, euren pribilegioen galera emakumeei eta talde minorizatuei egotziz. EMAKUMEEN ONDOEZA Testuinguru honetan, zer jasotzen dute emakumeek espazio digitaletik? Eta nola sentiarazten ditu jasotzen duten horrek? Horiek izan ditu ikergai Guillok. Neska gazteen ezinegona agerikoa dela ondorioztatu du. Sareetatik jasotzen dutenarekin, ondoeza eta deserosotasuna sentitzen dituzte. Joera hori nabarmena da Z belaunaldiko neskengan, 1997-2012 urte bitartean jaio ziren horiengan, hain zuzen (13-18 urte bitartekoak). Azpimarragarria deritzo orain arte belaunaldi helduagoek gazteekiko zuten ezinegon hori bere egin dutela orain gazteenek. Hau da, jakitun ginen guraso, irakasle eta senide helduek gazteen kontsumo ohitura digitalari lotuta zuten kezkaz. Orain, neska gazteek euren esperientziatik adierazi dute ez direla ongi sentitzen. Aro digitalean jaiotako belaunaldi batez ari gara, eta ondorioz, ez dute bizimodu analogikoa ezagutzen. Sare sozialen kontsumo oso azkarra egiten dute, eduki laburrak bilatzen dituzte, adierazpen politikorako baino gehiago, aisialdirako erabiltzen dituzte eta osasun mentalarekiko kezka berezia agertzen dute. Horiek dira Y belaunaldiaren inguruan Guillok aipatutako ezaugarrietako batzuk. Puntualizazio bat ere egiten du: neska gazte hauek ez dute beti propio bilatzen sareetan kontsumitzen dutena. «Espazioek inbaditu egiten dituzte», dio. Publizitatea da horren adibide argiena. Edertasunari eta elikadurari lotutako mezuak daude batetik. Besteekin harremantzeko moduari lotutakoak bestetik, betiere ikuspegi heterosexual eta tradizional batetik. «Honek emakume horien identitatearen eraikuntzan eragiten du zuzenean, eta horri lotuta, generoaren sozializazioan». Neska gazteek sare sozialetan egoteko duten moduari ere erreparatu dio Guillok Berdintasun Ministerioarentzat egindako lanak. Ez dira subjektu pasiboak, edukiak sortu eta sareratzen dituzte. Bada alderik, ordea, aurreko belaunaldiarekiko. Y belaunaldiak (1981-1996) lehenengo sare sozialak ezagutu zituen eta erabilera libreagoa egiten zuen; orain, ordea, ez dira hain aktiboak, giro desatsegina sumatzen dutelako. «Agresibitate gehiago dago, kritikari beldurra zaio, baita inperfekzioak eragindako presioari ere. Horregatik, gutxiago hartzen dute parte Y belaunaldikoek», azaltzen du. Gazteenen kasuan, publizitateak eta eduki bortitzek duten esposizioa nabarmentzen dute. Presio bideak ere ugariak dira, konpentsazio moduan saltzen zaizkien arren. «Normatibitate baten barruan enkajatzeagatik sozialki sarituak sentitzen dira, ‘like’ asko jasotzen dituzte, jarraitzaileak dituzte...», dio. Ondorioz, aniztasun eta eduki alternatibo gutxi dago eta dauden salbuespen horiek -gorpuzkera ezberdinak dituztenak, loditasunaz modu positiboan hitz egiten dutenak, etab.- sistema patriarkalak bere irudia garbitzeko eta autoritatea irabazteko erabiltzen dituela argitzen du Guillok. Horren aurrean, eduki feministak ezkutatzen dituzte. «Sistematikoki kanporatzen dituzte espazioetatik», dio. Eta gaineratzen du horren atzean helburu diziplinatzaile bat dagoela. «Emakumeok modu bakar batean egon gaitezkeela helarazi nahi digute». Genero rolak erabat markatuta daude, emakumeek «zaintzaile eta bikote on » izaten jarraitu behar dute. «Eta, horrez gain, gorputz polit bat eduki, gimnasiora joateko denbora ere izan behar dutelako», dio ironiaz. Zentzu horretan, gehitzen du emakume «indartsuak» erakusten zaizkiela neska gazteei, lortu beharreko helburu gisa. Elisa Garcia Mingo, UCM-ko ikerlaria. (Maialen ANDRES / FOKU) Estresa, antsietatea, besteekiko etengabeko konparazioa, elikadura-nahasmenduak, presio estetikoa, frustrazioa, tristura, amorrua eta lotsa. Horiek dira Guilloren ikerketan emakume gazteek adierazitako egoera edo emozioak sare sozialei lotuta. Honek autoestimu baxua eta osasun mentalari lotutako arazoak ekartzen ditu. Arrakalak ere ageri dira neurketari lotuta. Zenbat eta gazteago eta ikasketa gutxiago, inpaktua negatiboagoa da. Aldiz, zenbat eta helduago eta ikasketa maila altuagoa, inpaktu gutxiago eragiten die sareetatik jasotzen dutenak. Guillok uste du egoera larriagotu egin dela. Aldi berean, esperantzarako zantzuak ikusten ditu; ikerketaren arabera, neska gazte askok «lasaitasuna» sentitu dutelako eduki feministetara iritsi denean. DESJABETZA ETA HEZIKETA «Esan dezakegu bi logika batera existitzen direla mundu digitalean. Feminismo sakonagoa batetik, eta logika neoliberalagoak bestetik, boteretze faltsua eta sexualizazioa erabiltzen dituztenak». Nola esku hartu? Guillok argi du: feminista den edukia, kritikoa, hezitzailea eta transformatzailea da. Hargatik, eduki honen sortzaileek aurrez aurre dituzten hormak eraitsi behar direla uste du: zentsura, manosferaren erasoak, prekaritatea... Maskulinitateak lantzea lehentasunezko eta urgentziazko zerbait dela gaineratzen du. Gizon gazte askok eta adin ertainekoek bere egiten dituzten diskurtso erreakzionarioek kezka eragiten diote Guillori. Puntu honetan, Elisa Garcia Mingo UCM-ko soziologoak «tekno-kultura toxikoez» hitz egiten du. Teknologiak errazten dituen kultura biolento berriak direla azaltzen du, eta, batez ere gazteei begira, neurriak hartzea premiazkoa dela dio. «Garrantzitsua da helduek ulertu dezaten askotan euren seme-alabak tekno-kultura toxiko hauek erabat markatutako espazioetan sartzen ari direla. Berandu gabiltza». Sareetan dagoena eta askotan helduek ikusten ez dutena gero hezur-haragizko bizimoduan birsortzen dela aipatzen du Garcia Mingok. «Behazun digitala» aipatzen du: gorrotoa, irainaren eta umiliazioaren kultura... «Behazun digital hori gero futbol zelaietan dago, errepideetan dago, diskoteketan dago... Oso garai gogorra da hezteko, lagun», hausnartzen du. Solasaldi guztian presente dagoen printzipioa da enpresa teknologiko handiekiko kritika. Eduki emozionala duen oro askoz ere biralagoa dela badakite, eta hori dute arma nagusi, horri ateratzen diote etekina, Garcia Mingoren hitzetan. «Enpresa horiek dirua irabazten dute ondoezarekin», gehitzen du Guillok. Bi eremutan eragin behar dela uste dute ikerlariek. Batetik, heziketa eman behar zaie gazteei. Deserosoa izan daitekeen iritzi bat konpartitzen du Garcia Mingok: «Badirudi guraso-kontroleko tresnak direla soluzioa. Badakigu kontrol hori gainditzen ikasten dutela gazteek. Horrek ez du esan nahi ez denik erabili behar, baina ezin gara teknologian bakarrik oinarritu teknologiatik harago doan arazo bati aurre egiteko». Begirada feminista eremu guztietara eraman behar dela uste du Guillok. Teknologia horien garapena eta kudeaketa gizonezkoen lidergopean dago. Ikasketa teknologiko eta zientifikoetan dagoen emakumeen gabeziak eragina du horretan. Hau ere egiturazko arazo bihurtu da; hain zuzen, karrera profesional horien eta enpresa teknologikoen egiturak etsaitasunezko eremu bihurtu dituelako emakume askorentzat. Hori aldatzearen aldeko apustua egiten dute hiru ikerlariek. Espazio alternatiboak sortzeko, presioak gorantz egin behar duela dio Garcia Mingok. «Teknologiaren sektorea aldatzeko borrokatu behar dugu, eta hori ezin dugu bakarrik egin».