JUN. 28 2025 - 00:00h 47. artikuluaren estoldak Miren Azkarate Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak dio espainiar guztiek dutela etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea, eta botere publikoei esleitzen die horretarako baldintzak sustatzeko eta eskubide hori gauzatzeko behar diren arauak ezartzeko betebeharra. Ez naiz ni izango Konstituzio arrotz horrek esaten duena meneko hartzekoa, baina, hala ere, hitz ponpoxo eta polit horien atzean istorio eta erpin asko topatu ditzakegu. Etxebizitzen prezioa edo laguntza gabe etxebizitza duin bat lortzea, adibidez. Drama bilakatu den gaia da, batez ere gazteentzat. Baina beste erpin bat ere bada, hitz larritan idatzitako drama: gero eta gehiago ematen ari diren etxegabetzeak, hain zuzen ere. Nola izan daiteke inor gai horrelako zerbait agintzeko eta betetzeko? Normalean pertsona zaurgarriz osatutako familiak izaten dira: helduak, haurrak dituzten familiak, ekonomikoki itota dagoen jendea… Eta, halakoetan, ardura politikoz eta enpatiaz jokatu beharrean, eta soluzio zibil eta baketsu bat bilatu beharrean, polizia bidaltzen duzu armak hortzetaraino hartuta lan zikin eta biolento bat egitera? Barkatuko didazue, baina ez zait buruan sartzen! Ertzain hori, edo dena delako gorputz polizial horietako kideak, lanetik etxera itzuli, bere haurra besarkatu eta haurrak «zer egin duzu gaur lanean, ama?» galdetzen duenean, zer erantzuten dio? «Indarrez, ostikoka, oihuka eta negarrez atera dut ama bat bi haur txikirekin haren etxetik». Zein aurpegirekin esaten diozu hori? Nola justifikatuko diozu, handitutakoan, hori zela zure “lana”? Ah, ez noski! Zu ertzaina, bai, baina trafikokoa edo bulegokoa! •