JUL. 05 2025 - 00:00h Itsasargia Pello Otxandiano Kanpo, EH Bilduko legebiltzarkidea Nazioen askapenaren eta jendartearen emantzipazioaren alde ari garenon bi erreferente intelektual itzali dira denbora gutxian: Pepe Mujica eta Joxe Azurmendi. Pepe eta Joxe bi mundu dira. Nor bere aldetik mundu intelektual bi, bizialdi oso bateko konpromisoz eraikiak. Bi mundu, baita ere, beraien artean distantzia handia dagoelako, testuinguru eta bizi-esperientzia arras diferenteak izan dituzte-eta. Baina hainbeste markatu bagaituzte, hain geureak baditugu, izan da, biek ala biek, gure mundu ikuskera osatzeko erremintak eman dizkigutelako eta agertu duten engaiamendu intelektualak inspiratu egin gaituelako. Joxe Azurmendi itsaso intelektual bat da, sakonera handiko itsaso zabal bat. Nik ur gainean eta hondartzatik gertu egin dut igeri itsaso horretan. Nahiko nuke etorkizunean barrurago sartu, etxeko apalean zain dauzkadan liburuetan denbora mugarik gabe murgildu. Oso gaztea nintzelarik irakurri nituen “Euskal Herria krisian” eta “Euskaldunak eta espainolak”. Geroago, ETAren ondorengo ziklo politikoa irekitzearekin batera mahai gainean jarri ziren zenbait eztabaida argitu nahian, “Hizkuntza, nazioa eta estatua”, “Gizabere kooperatiboa” edota “Barkamena, kondena eta tortura”. Iazko gabonetan, “Azken egunak Gandiagarekin” hartu nuen eskuartean; oporrak nahi baino lehenago agortu zitzaizkidan. Hori horrela, errespetu handia ematen dit Joxe Azurmendiri buruz ezer idazteak. Joxe Azurmendi gauza kolosala da, eta ni oso txikia bere legatuaren aurrean. Apaltasunetik, beraz, esango nuke Joxe Azurmendik bi ekarpen handi egin dituela (beste batzuekin batera): lehenik, euskal nazioaren erreibindikazioa oinarritu eta defendatzeko baliabideak eman dizkigu, espainolismo ilustratuak euskal abertzaletasuna deuseztatzeko egindako ahaleginari aurre eginez. Puskatuta jaso dugun gure nazioa ulertu, pentsatu eta eraikitzeko erreferentzia saihetsezina da Joxe Azurmendi: euskal pentsalari emankorrena. Bigarrenik, ideologia modernoak gure herri-senaren galbahetik pasatu beharraz ohartarazi gaitu: ireki gaitezen mundura, baliatu ditzagun ideologia modernoak eskuartean, hartu ditzagun, baina egin dezagun geuretik, eta, batez ere, euskal tradizioak eman diguna moldatu edo ordezkatuko badugu, pentsa dezagun ondo zer eta nola, ez dezagun langintza horretan hutsune edo eten bat sortu euskal herrigintzaren hari historikoan. Aktualitate osoa du Joxe Azurmendiren obrak, eta zalantzarik ez dut itsasargi fundamentala izango dela etorkizunean ere. Euskal pentsamenduaren ur-jauziak iturri berriak behar ditu: Joxe Azurmendiren obra elkarrizketan jarri behar da berak urrun izan zituen emantzipazio korronteekin, feminismoarekin adibidez. Aldi berean, edozein emantzipazio korrontek, baita euskal feminismoak ere, behar du Joxeren obrarekin elkarrizketatu. Ultraeskuinaren iraultza betean utzi gaitu Joxek, euskal nazioaren eta gizarte berdintasunaren kontrako oldarraldian, mundua amildegiaren ertzean dagoela. Esperantzari eusteko ere balio dit niri Joxe Azurmendik, itsasargiek piztuta irauten duten bitartean bideak hor egoten jarraituko baitu. Zorionez, Euskal Herriak puskatuta jarraitzen badu ere, Joxe Azurmendiren ekarpen intelektualaren tamainaz kontziente den jende asko dago gaur gure artean. Horrek zera esan nahi du: haria ez dela eten.