GAUR8

Joxe


Kalea sutzen denean, Filosofia fakultatea izango da berotzen lehenengoetarikoa. Gurea ondo epel zegoen laurogeita hamarreko hamarkadan. Atze-oihalaren parte ziren eztabaidak, sesioak, bizkartzainak, grebak, eguna hausten zuten albisteak, eta bi alde ondo bereiziak, zuri edo beltz. Zioten ginela espainolak eta euskaldunak, demokratak eta biolentoak. Kaleko haizeak harrotzen zituen fakultateko korridoreetako hautsak eta suak.

Joxeren berri bagenuen fakultatera sartzerako, eta batzuek irudikatzen genuen zuri-zuri eta besteek beltz-beltz. Pulpitutik hitz egingo zigun gizon bat sutan. Baina lehen eskola egunean aurkitu genuen gizon txiki bat, irribarretsua, atsegina, ahotsik goratzen ez zuena, presentzia lasaikoa, interesez entzuten ziguna eta esateko asko zeukana. Filosofia modernoa irakatsi zigun.

Kontatu zigun gaixo zegoela, gaitzak hartua zuela, baina ez zuela hiltzeko asmorik. Medikuek ireki zutela eta handik kendu, hemendik konpondu, txukun itxi zutela bueltan. Alemaniari buruz hitz egin zigun, eta Zegamako euskara galdu izanak tristatzen zuela esan.

Molde klasikokoa zen eskolak ematen, ez zuen gaur horren modan dauden praktiken eta talde lanen eta IKT ereduen beharrik saioari eusteko. Astearte arratsaldez izaten genuen eskola, lau orduz jarraian, eta gela betetzen genuen halere, zintzo. Eskolak ematen ordenatua zen, argia, saiatua. Astero-astero zerbait idazteko eskatzen zigun, eta astelehenerako uzteko bere buzoian: azaldu ziguna ulertu genuela ikusi nahi zuen.

Irakatsi zigun filosofia egiten dela poliki, paragrafo bera behar adina aldiz irakurriz, galdetuz, pauso bakoitza ulertzen saiatuz, pentsamendu kritikoz, txikiaren umiltasunez. Alferrikakoak direla diskurtso haizatuak eta mami gutxiko hitz potoloak filosofian. Harekin ulertu nuen Kant lehenengoz, horrekin gogoratuko dut beti. Oso irakasle ona zen, gutxi izan genituen gisakoa. •