GAUR8

Amelie ETAn egon zenekoa

Maitasun erromantikoa eta familia heteropatriarkala loriatzea proposatu digute. (RTVE)

La infiltrada” filmaren arrakastaren ondoren, espainiar fikzioaren hurrengo ekoizpen ausarta; haien ustez, inork kontatu ez duena kontatzen baitu konplexurik gabe. Espainiako negarren seriea, topikoak bata bestearen atzetik errepikatzen dituena, ETAren inguruan eraikitzen ari diren historia fikzionatuan. “La frontera” (Yolanda Centeno eta Maria Pulido, 2025) serie laburra ere bi emakumek zuzendu dute eta, beste behin, emakumeak protagonista bezala jartzearekin batera, maitasun erromantikoa eta familia heteropatriarkala loriatzea proposatu digute.

Gizon protagonista “Endeavour” Britainia Handiko serieko protagonistaren kopia da. Detektibe melomanoa, musika klasikoaz gozatzen duena, bakartia, erakargarritasun triste batekin eta bikote harremanak izateko zailtasunekin. Ez obeditzean ere eredugarri, bere lana aurrera eramateko eta krimenak eragozteko legalitatearen (eta Espainiaren) mugak ere gainditu behar dituena. Bere zeregina ETAren atentatuak ekiditea da. Izan ere, Espainiako poliziak frankismoaren garaitik izan duen obsesioari lotuta, gidoilariek interpretatu duten arazo bakarra da ETAk Frantzian “santutegia” zuela eta, horri esker, atentatuak egiten jarraitzen zuela. Eta listo, horraino interpretazio historikoa.

Pertsonaia maskulinoa nahiko arketipo errepikakorra den bezala (poliziak protagonista dituzten fikzioetan), arketipo bikainak eskaintzen dizkigute emakume protagonistek ere. Lehena femme fatale-a da. Etakide gaizto-gaiztoa da, odolzalea, psikopata, obeditzen ez duena, eta emakume arriskutsua den heinean, sexuzalea eta sasi-lesbiana. Bigarrena Amelie erakoa da, polita, panpina bat bezalakoa, nahikoa txolina, zertxobait zoroa eta arazoetan konturatu gabe sartzen dena. Pentsa zein buruarina den, ezen bere aitak, ETAko buruzagiak, identitate faltsu batekin Donostiara bidali duen, Gerra Hotzeko espioia balitz bezala, protagonistarekin oheratu eta informazioa ateratzeko, baina harrituta geratuko den poliziek etakidea dela esaten diotenean!

Hirugarren arketipoa ama arduratuarena da. Senarrak etxetik alde egin behar duela esan dio, «diru asuntoak, legez kanpokoak, beti bezala» egin behar dituela eta. Ez da broma: gidoilariek uste dute horrelakoak zirela etakideen elkarrizketak. Erakundearen barruan, literatura terroristan ohi den bezala, gogorrak eta ahulak. Hori da eztabaida bakarra: edo potroak dituzu edo kakatia zara. Emazte larrituaren gizona potrodunen artean dago. Ez du onartuko zuzendaritzako kakatien erabakirik eta bere kabuz atentatua prestatuko du... Parisen!

Femme fatale-a galdutzat eman arren, ETAri buruzko filmetan errepikatzen den istorioa kontatzen dute beste bi emakumeen bitartez. Maitasun erromantikoa eta familia heteropatriarkal nuklearra gauza guztien gainetik daudela. ETAk egin duen bakarra, bere historia osoan, familiak hondatzea izan dela. Hildako seme guardia zibil jator-jatorra, poliziarekin maitemindu den neska tolesgabea, alaba etakidea izatea nahi duen aita maltzurra, semea zaindu beharrean klandestinitatean dabilen senar burugabea... Askatasunaren eta iraultzaren ametsa matxismoa eta inposizioa diren bitartean, eskerrak gure ama Espainia beti egon den gu zaintzeko prest, horretarako legea urratu behar izan duen arren maitasunaren izenean. •