JUL. 12 2025 - 00:00h Emozioen kolorea Maider Iantzi Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Horia izan da ttikitatik nire kolore gustukoena. Jakinduriaren, intuizioaren, oparotasunaren, arrakastaren eta gaztetasunaren kolorea omen da, antsietatera, haserre bizira, inbidiara eta traiziora ere eraman gaitzakeen arren. Segurtasun faltari eta bat-batekotasunari lotua dago, Nekane Sanchez Aramendik “El color de la emoción” liburuan dioenez. Gorria desioa, bizitasuna, beldurra eta gatazka da. Laranja, poza, oreka eta erakuskeria. Arrosa, laguntasuna eta maitasuna. Berdea, natura, itxaropena, eritasuna eta eromena. Urdina patxada eta malenkonia. Beltza da ezaugarri negatibo gehien dituena: lutoa, oinazea, bakardadea, heriotza, ezkortasuna... Dotorezia, boterea eta segurtasuna ere bultzatzen ditu, ordea. Javier Yanguasen “Cuando los volcanes envejecen” dut mesanotxean. Dementzia zuen amaren zaintzan bizi izandakoak kontatzen ditu. Pasarte batean dio bertzela sentituko ez lituzkeen emozio batzuk sentitzera eraman zuela zaintzak. Une batean, adibidez, ama jotzeko gogoa izan zuen. «Sufritzen ikusi nahi nuen. Baina ez naiz horrelakoa! Ez naiz munstroa!», dio. Ez gaude prest emozio batzuk kudeatzeko. Emozioak izan zituzten hizpide EHUren eta Biziraunen “Suizidioaren humanizazioa” udako ikastaroan ere. Gazteen mahaian, Aroak kontatu zuen denarekin eta denekin haserre egon zela, baina sumin horren azpian egiaz tristura ezkutatzen zela. Tristura epaitu egiten denez, negar egin ordez, haserrean babestu zen. Niri ere gertatu zait emozioak gorde behar izatea. Ez da erraza negarra aditzea. Haurrak ere kontent nahi ditugu beti, haiek hala ikusita gu ere pozik jartzen gara eta. Baina emozioen radar fina dute umeek oraindik. Gainera, Laurak defendatu zuen bezala, emozio guztiak dira onak gutaz jabetzen ez badira. Horretarako, gazteek proposatu zuten gisan, interesgarria izan daiteke ikastetxe guztietan psikologoa jartzea eta hezkuntzan emozioak modu irekian lantzea. Kandinskik zioen koloreak ariman eragiteko botere handia duela eta hortik emozioen kolorea alda dezakegula.•