GAUR8

Hainbat txoko ezezagun, mendi eta gazta artean deskubritzeko

This browser does not support the video element.


Goierri izan liteke, agian, Euskal Herriko eskualde famatuenetako bat. Eta era berean, hiriburuak alde batera utzita, Aizkorri edo Idiazabal gazta izan daitezke Euskal Herritik kanpo ere gehien ezagutzen diren gure altxorretako batzuk. Baina errekonozimendu gehien jasotzen dituzten perla horien itzalean, badira Gipuzkoako hego-ekialdean deskubritzea merezi duten hainbat txoko. Hain zuzen ere, denboraldi honetako lehen “Gertuko planak” atalean horretan saiatuko gara: Goierrik ezkutatzen dituen sekretu txikiak deskubritzen.

«Goierrin bertan izango da jendea Otzaurtera inoiz iritsi ez dena. Edo Lizarrustitik Lareora joateko ibilbidea egin ez duena. San Adrian ingurua nik uste dut nahiko ezaguna dela, baina egongo da oraindik ere norbait hara iritsi ez dena», dio Niko Osinaldek, aurten 25 urte bete dituen Goierri Turismoa erakundeko zuzendariak. Ormaiztegiarrak sorreratik dihardu bertan lanean, eta nor bera baino egokiagoa inguruko altxor txiki horiek gomendatzeko?

«Hamar mila txoko daude ez ingurukoek ez goierritar askok ezagutuko ez dituztenak: Aizkorrin bertan Zeraingo meategiak, Aizpeako auzo hori, oraintxe eraberrituta dagoena eta oso polita dena; aldamenean, Larraondoko zerrategia; Aia auzoa Ataunen, eta Erroipe interpretazio zentroa, asteburuetan irekita egoten dena eta landa inguruneko garai bateko bizitza aurkezten duena; Lazkaotik Ataungo San Gregorio auzora Larruntza Errota ibilbidea, eta Barandiaran Museoa; Zegama eta Segura arteko ibilbidea; Seguratik Zerainera doana... Eta haurrekin joanez gero, Mutiloa-Ormaiztegi bide berdea, orientazio joko horrekin; familientzat bai Seguran, bai Zegaman, baita Lizarrustin ere, orientazio zirkuituak, batzuk motzagoak eta besteak luzexeagoak...», bota du arrapaladan Nikok, denak aipatu nahian, baina zerrenda luzea dela argi utziz.

Niko Osinalde, Ordiziako Delikatuz interpretazio zentroan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Mendiarekin edo naturarekin lotutako planak dira gehienak, eta zaku bertsuan sartu behar dira gaur egun horrenbesteko arrakasta duten kirol jarduerak ere. «Zegama-Aizkorri, Ehunmilak, udan egiten den orientazio proba... Baina hor daude, era berean, Gaztaren Ibilbidea, 100 kilometro sei etapatan; zaldian ibiltzeko aukera Ezkion eta Lazkaomendin, Adarpe zalditegian... Zikloturismo ibilbideak ere bai, Euskadi Cycling programan gaude...». Osinaldek dioenez, kirol turismoa bezeroa gehien fidelizatzen duenetarikoa da. «Oso ohikoa da kirolari bat proba bat egitera etortzea Goierrira, eta hori egiterakoan eskualde hau deskubritzea. Askotan familiarekin etorriko da, baina oso lotuta ibili ohi dira egun horietan; egiaztatuta dago familia hori, kasu askotan, lo egin zuen leku berera etortzen dela gero oporretara».

Eta nola ez, eskaintza gastronomikoa. Arlo horretan, seguruenik, euskaldunontzat zailagoa izango da gauza berriak deskubritzea, baina ziur ezustekoren bat aurkitu daitekeela, eta edonola ere, gozamena ziurtatua dago. «Delikatuz zentro hauxe, Ordizian -elkarrizketa bertan egin genuen-, Europako funtsei esker eraberritua izango dena; aurten bertan hasiko dira lanak, baina jarraituko du izaten Ordiziako Azokaren inguruko azalpen gune bat, nola izan diren beti Ordizia eta asteazkenetako bertako azoka inguruko artzain eta baserritarren bilgune. Idiazabalen, Gazta Museoa. Beasainen, talo tailerra, Igartzan; han bertan maridajeak egiten dira: gazta txakolinarekin, sagardoarekin... Basabe Artisau Garagardoa, inguruko sagardotegiak...».

PIXKANAKA ETA OREKAZ HAZTEN JOAN DEN ESKAINTZA

Esan bezala, Niko Osinaldek hasiera-hasieratik bizi izan du Goierrin turismoak izan duen garapena, ia ezerezetik gaur egungo eskaintza zabalera iristeko. «1995ean plan estrategiko bat egin zen eskualdean, eta hor argi aipatzen zen, industriaz aparte, 1993ko krisialditik gentozelako, turismoa lantzea zela dibertsifikazio ekonomikorako ireki beharreko ildo bat. Garai hartan ia ez zegoen lanketarik turismo arloan: hiriburuak, Zarautz, Hondarribia eta ezer gutxi gehiago. Horregatik, garapen turistikorako egitasmo propio bat egin zen Goierrin eta hori izan zen abiapuntua. Ni 1997an hasi nintzen hemen lanean. Argi ikusten genuen turismoak beste zutabe bat izan behar zuela eskualdearen garapen ekonomikoan, eta horretarako sortu behar genuela eragile publikoak eta pribatuak uztartuko zituen erakunde bat. Horrela sortu zen Goierri Turismoa 2000. urtean; 25. urteurrena ospatzen ari gara. Goitur Goierriko Turismo Agentzia osatzen dute 18 udalerrik, turismo sektoreko 80-85 enpresak -ostatua hartzekoak, jatetxeak, interpretazio zentroak, museoak, zerbitzu enpresak...-, Goimen landa garapeneko elkartea ere sartuta dago, eta merkataritza ere bai».

Zaldiak, Ataunen. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Hiru lan ildo nagusi dituzte. Lehena, ‘lehiakortasuna’ deitzen dutena. «Hor barruan sartzen dira dinamizazioa, antolamendua, enpresen kalitatea, irisgarritasuna, teknologia berriak... Goierriko turismoa lehiakorra izan dadin aholkularitza ematea; adibidez, gaztandegi batek edo sagardotegi batek bisita gidatuak eskaini nahi baditu». Bigarrena, produktu turistikoak sortzea: «Hainbat baliabide ditugu, baina produktu turistikoak sortu egin behar dira». Eta hirugarrena, sustapena eta komertzializazioa. «Inbertsio gehien eskatzen duena da: eskuorriak egin, kazetarien bisitak jaso, azoketara joan, nitxo eta komunikabide espezializatuetan publizitatea sartu, bidaia-agentziekin akordioak egin nazioarteko pakete turistikoetan Goierri sartzeko...».

Osinaldek aipatu duenez, turismoak garapen handia izan du urteotan Goierrin, baina lortu dute eskaintza orekatua izatea. «Azken 25 urte hauetan, turismoa lantzen hasi ginenetik, 140 ohe izatetik 900 ohe izatera igaro gara. Goierrik 43.000 biztanle inguru ditu eta 1.000 ohe azpitik egonda marjina dugula uste dugu. Ostatu horiek hainbat herritan ongi banatuta daude. Hemezortzi herrietatik bik bakarrik ez dute ostatu turistikorik, baina horietan ere badaude proiektuak. Eta modalitateen artean ere oreka dago: izar kopuru desberdinetako hotelak, pentsioak, aterpetxeak, landetxeak... Eta produktu turistikoak ere herrietan banatuta daude».

2015ean, adibidez, Europako sari bat jaso zuten turismo jasangarria lantzeagatik, eta Gaztaren Ibilbidea ere egindako lanaren adibide ona da. «Gazta daukagu, bi parke natural ere bai... lotu ditzagun, beraz. Hasieran mendi ibilbide bat zen eta gero hori apur bat jantzi egin genuen: etapak antolatu, ostatuak zerrendatu... Betiere ezer artifiziala sortu gabe. Hemen ez dituzu ikusiko hamar autobus kolpetik, beste eskala bat da», nabarmendu du.

 

JAKIN BEHARREKOAK

Eskualdeko eskaintza turistiko zabala «goierriturismo.com» webgunean kontsultatu daiteke.
...

18 herrik osatzen dute eskualdea: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.
...

Webgunean hainbat mailatako 24 mendi ibilbide, haurrekin egiteko 9 plan eta 7 kirol modalitate proposatzen dira. Baita gastronomia esperientziak eta hainbat gomendio ere.