JUL. 26 2025 - 00:00h Maitasunaren apologia Iraitz Mateo Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Oinetako lokaztuak kanpin baten sarreran. Eskuan xanpua eta gerrian toalla duzula, dutxako ilaran egindako laguna. Lehen aldiz barra erraldoi baten atzean txanda egiteak dakarren izua, eta ilusioa. Txaleko more bat soinean, mugikorrak jo ez dezan desioz igarotako orduak. Urtean behin ikusten dituzun lagun zaharrak, zaharrak eta sakonak, topo egin eta bide zuzenetik zoaztela gogorarazten dizutenak. Hesi baten parean, auskalo zer zaintzen igarotako arratsak. Milaka lagun hartzen zituen karpan, goizaldea iristearekin batera, gutxi batzuk besterik geratzen ez zaretela konturatutako unea. Gosari azkarrak, baina beharrezkoak, zeinetan begi-zuloen pisuak ez duen begien dirdira ezkutatzen. Belaunaldien gurutzaketa, kultura politiko baten transmisioa. Peto laranja bat. Beriainen magala. Leku bat maitasunaren apologiarako: Lakuntza. Agur bat baino askoz gehiago zela iragarri zuten ia duela urtebete. Agur bat baino askoz gehiago izaten ari da, zalantzarik gabe. “Hator, hator neska-mutil etxera” aldarrikatzeko sortu zen elkartasun jaialdia, senideei elkartasuna adierazi eta bultzada emateko, herri bat haiekin dagoela gogorarazteko errepideko ordu luzeetan. Eta hori musikaren bidez egiteko apustua egin zuten sortzaileek, 30 edizioz eutsi diote, eta agur esateko unea dela deliberatu dute. Inoiz ez da erraza agur esatea, baina sarritan izaten da erabakirik onena. Pentsatzen dut zaila izango zela Euskal Herriko elkartasun jaialdi handienari amaiera ematea, milaka boluntario urtez urte batzen dituen ekitaldiaren ateak ixtea -inork ez zuen esan erraza izango zenik-. Joan den igandeko 7Kn fin bezain goxo jaso zituen Aitor Agirrezabal lankideak antolatzaileen hitzak: «Ulertzen baldin badugu jaialdia bera dela tresna eta ez helburua, ez du zentzurik, garaiak aldatu direla ikusten baldin badugu, beharrak aldatu direla identifikatzen baldin badugu. Bide oso bat egin da eta jakin behar da garaipenak ospatzen ere. Dispertsioaren aurkakoa den jaialdi batean dispertsioa amaiarazi dugunean, hori ospatu egin behar da». Egunkariaren azalari begiratzen diodan bakoitzean gogoratzen dut zenbat kide ditugun oraindik ere ziegetan, ehundik gora. Egunero gogorarazten digu egunkariaren azalak, eta Lakuntzan ere presente dago hori egun hauetan. Halere, antolatzaileak esan gisara, lortu zen dispertsioa amaitzea, eta hori ere ospatzekoa da; dispertsioaren aurka sortu zen Hatortxu, eta dispertsioa amaitu da. Oraindik bidea dago urratzeke, guztiak ekarri behar ditugu etxera, baina ospatzen ere jakin behar denez, gaur gauean zuengatik egingo dugu topa. Fokuen argiek eta irudi jendetsuek gure arreta bereganatzen duten garai honetan, azpimarratu beharra dago, elkartasun jaialdirik handienak hilabeteetako auzolan erraldoia ere badakarrela ezinbestean. Hala azaldu zuten antolakuntzakoek: «Bestela gizartea ez dugu ezer aldatzen. Eta behar baldin badugu gizarte aktibo bat, erabat desberdina, indibidualismoaren aurka egin nahi duena, bere kabuz pentsatu nahi duen gizarte bat, behar dugu auzolana. Bai ala bai». Lau egun izango ziren gehienentzat, bi aste askorentzat, hilabeteak dozenaka kiderentzat, eta urteak asko eta askorentzat. Urteak ziegetan, urteak errepidean, urteak lanean. Agur Hatortxu Rock. Maitasunaren apologia handiena auzolanean egon daiteke. Maite zaituztegulako, jarraituko dugu. •