AUG. 09 2025 - 00:00h Ezinezko nobela GETTY IMAGES Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Bazirudien iluntzeko aire freskoagoak argitu ahalko zuela. Leihoa irekita, zigarrokinak ihes egin zuen behera. Badaezpada norbait kaletik pasatzen ari zen begiratu zuen, disimuluan. Ilusioa zatekeen, kaleko festa oihartzunak inspirazioa posible egingo zuelakoa. Ez zirudien hala izango zenik. Ispiluan begiratu gabe ere, begiak goibel zekusan. Pisu, oso pisutsu. Erdi irribarre batek ere bidea egiten zuen bisaiara, ez zen arren egiazkoa edo, gutxienez, ez esperantzazkoa. Aspaldi, atzerrian, abiatutako nobelari nolabait haria eman behar zion. Planteatua zen maitasun istorioa edo, hobe esanik, maitasun istorio baten eszena. Pitzadura txikiaren eszena. Bulegora iristen zen gazte lorios harena eta, sorbaldak zertxobait igota keinu instintuzko batean, hotzikara txiki batekin, bulego hartan hasi berria zen bekadunari, atean nor zegoen igarrita, ordukoan bai, irribarre txikiak elektrizitatea transmititzen ziona. Beste irudikapen bat ere prest zegoen, argumentuan aurrerago txertatu beharrekoa. Pub hartan elkartzen ziren irakasleak haien seminarioetan parte hartzen zuten bekadun eta ikasleekin. Eta han ageri zen berriz gaztea, komunetik behera jaisten ziren metalezko eskailera beltz haiek elegantziaz zapalduz. Bekaduna, irakasleak egin berri zion komentarioa ezin entzun, eskaileretara so geratu zenekoa, nahiz eta bazekien jaisten ari zenak jada ez ziola begiratuko. Antonioniren film gehiegi ikusten ote zituen, eszena haiek irudikatu zituenean. Zinema zahar hartan agertzen zen iruditegi platonikora atxikiegia zegoen, nobelari haria emateko. Agertzen ziren, han eta hemen, ideiak. Esku bat, begirada konplize iheskorra, erromantikoegia dena, norabait iris zedin. Errealismora pausoa egina zuen ordurako, leihoa irekita, zigarroa itzalia zela konturatu zenerako, eszena haiek berriz etorri zitzaizkionean. Bazen garaia ixteko, zeharka ametsetan mantentzen zuen ezin idatzizko nobela hartatik askatzeko. Ezin zuen, ordea. Bazen zerbait, atzematerik ez zena, errealitatearekiko lotura guztizkoa lortzea ekiditen ziona. Egunero, istorio erromantiko hura noizbait idazteko beharrak bere buruaren inguruan oihal fin eta ikusezina sortzen zion. Huts egiten zuen elkarrizketei atxikitzera, garagardo baso hotzean erdiko atzamarrarekin tanta bustian galtzen zen, eta hantxe beharrean, lekutan zegoela aurpegiratzen zioten maiz. Pertsonaia errealistak sortzean ere, haiek, nonbait, beste nobela batean, ezin gauzatuzko maitasun eszenetan ere imajinatzen zituen. Gero eta urrunago, ametsaren barneragoko beste alegiazko mundu batean barneratzen ari zen, nahiz eta Nolanen filmak ez zituen atsegin. Beharbada unea zen eszenatoki fikzionatu hartatik alde egiteko. Publikora jaisteko eta, negar malkoen minak erreta, ulertzeko bere aurpegian ere denborak egin zituen markak nabariak zirela ordurako. Publikoak maite baitzituen bere obra errealistak, finean erromantizismoaren muinetik idatzita zeudela jakin gabe. Aurpegiko ildo haiek ezin idatzizko eszena haien lana zirela imajinatu gabe. Idazle hura hotza zela jakina baitzen, ezin izango zuela inoiz maitasun nobela bat idazteko minik sentitu. •