AUG. 09 2025 - 00:00h Pertsonen ehiza ilegala Miren Azkarate Kazetaria Inor ez da ilegala” kamisetak ezagun egin ziren gurean orain urte batzuk. Inor ez da ilegala esaldia, zoritxarrez, ez da modaz pasatzen, beraz, berdin du noiz irakurtzen duzun hau. Inor ez da ilegala, Euskal Herria zatitzen duten hegoaldea eta iparraldea zeharkatu nahi duten pertsonengatik sortu zen leloa da. Bidasoa ibaia batetik bestera libreki ibiltzeko ahalmen ezak eragiten duen bizipenagatik sortu zen lelo bat da. Inor ez da ilegala, haurrei azaldu eta ulertzen duten kontzeptua da, baina helduen munduan gezurra galanta den zerbait da. Azken astetan Ameriketako Estatu Batuetan ikusten ari garen ehiza dela eta, begiak zabal-zabal ditut, ezin ulertu, ezin liseritu eta ezin azaldu nola den posible XXI. mendean horrelakoak gertatzea. Ehiza hitza erabili dut animaliak bailiran doazelako poliziak haien lurretan legalki ez daudenen bila, paperik gabe dauden herritarren atzetik. Berdin zaie zein momentutan; haurren bila eskolara doazenean, kaletik paseoan dabiltzanean, etxean lasai daudenean… Zu eta ni bezalako pertsonak dira. Hor, animalia bakarrak, polizia horiek dira. Izua sortzen didate irudiok; haurrak amengandik bortxaz bereizten, haurrak kalean katxeatuak izaten, haurren ospakizunetan polizia andana sartu eta jendea atxilotzen deportatuak izateko, familia osoak korrika poliziarengandik ihesi… Eta hau dena munduko beste herrialde batean jaio eta dena delakoagatik beste herrialde batera joateagatik bizitzera eta lan egitera. Pertsona batek inoiz ezin du ilegala izan, ilegala batzuek besteen aurka erabiltzen duten biolentzia da, estatu agintariek herritarren aurka erabiltzen dutena, kasu honetan. •