AUG. 16 2025 - 00:00h Bidarte, itsasoaren eta mendiaren artean Erretegia hondartzan, D810etik ikus daitezkeen bistak. (Amets SUSPERREGI) Amets SUSPERREGI Mendia eta itsasoa elkarri begira daude Ipar Euskal Herriko kostaldean, eta bien arteko elkargune horretan, herrixka bat bada, «bide artean» egotetik datorkiona izena. Turismoarendako toki pribilegiatua herrian bizitzearen aldeko borroka espazio ere bada. Hona herria barnetik eta tokikotasunetik ezagutzeko egunpasa proposamena, Erretegiatik hasi eta Parlementiaraino. LEIHO ZABAL BAT KANTAURI ITSASORA Bidartek hamaika arrazoi ditu bi bideren artean egoteko. Gaur egun pisu handiena duenetako bat da etxebizitza: turismoarendako eta bigarren etxebizitzendako herri amestua, bertako biztanleen eta, oro har, euskal herritarren sorterrian bizitzeko borroka eremu da. Horrexegatik, bertako eta inguruetakoek herria ezagutzea eta biziaraztea da herritarren nahietako bat. Bidarte ez da herri handia. Bere kokapenak eta historiak ematen diote berezitasuna bere izaerari. Biarritz eta Getariaren artean, Lapurdiko kostaldean, Bidarte bidegurutzea izan da beti, Donejakueko kostaldeko bidearen ibilguneetako bat, arrantzaleen igarobidea. Herri honek itsasertzeko landaredia eta labarrak, mendiei begira, baserri bakanak eta hondartza zabalak uztartzen ditu, eta horrek egiten du bere xarma. Bertaratzen denak, itsasoaren eta muinoen arteko lurretan, lehenik eta behin, itsasoari begira dagoen leku berezi batekin egiten du topo: Erretegia. Han, hondartzaren gainean kokatutako begiratoki natural batek Kantauri itsasoaren zabaltasunari leiho bat irekitzen dio. Olatuen urdintasuna eta haizearen melodia paregabeak elkartzen dira, bazter baketsu batean. Barnealdetik, eguzkia ekialdetik altxatzen denean, edo iluntzeko koloreek, mendebaldetik, zerua zein itsasoa kolore beroz margotzen dituztenean, Erretegiatik itsaslabarra begiratzea esperientzia paregabea da. Irudian, Uhabiako hondartza udako egun eguzkitsu batean. Patxi BELZAIZ Historian atzera eginez, aipatzekoa da Bidarteko lehen jarduera ekonomiko eta sozial nagusietako bat baleen ehiza izan zela. XIV. mendetik aurrera dokumentaturik dagoen jarduera honek herriaren nortasunean eta guneen izendapenean arrasto sakona utzi zuen. Neguko hilabeteetan, arrantzaleak itsasertzeko talaia eta mendixketatik zelatan ibiltzen ziren, itsasoaren ur sakonetatik gertu, zetazeo erraldoiren baten beha. Baleak kostaldera hurbiltzen zirenean, zuziak pizten zituzten mendi tontorretan, eta herritarrek txalupa txikietan egiten zuten haien aurkako ehiza, arpoi luze eta astunekin. Hil ondoren, balea hondartzara garraiatu eta bertan zatitzen zuten. Gantza irakiten zuten olio bihurtzeko, eta hezurdura hainbat erabileratarako gordetzen zen, hala nola eraikuntzarako edo tresnagintzarako. Jarduera horrek ez zien soilik bizitzeko modua ematen; sinesmenetan, hizkeran eta eguneroko bizimoduan ere sustraiak zituen. Horren aztarna sakona da Erretegia hondartza, Bidarteko turismo bulegoaren arabera: seguruenik baleen gantza urtzeko erabiltzen zuten toki hau, oraindik baleak gure kostaldera hurbiltzen ziren garaian. Gaur egun, zaila da balea baten irudia kostalde honetan irudikatzea, surf taula eta bainuzaleen artean, baina iragan horrek aztarna isilduak utzi ditu: leku-izenetan, herritarren kontakizunetan, eta batik bat, itsasoarekiko begirune sakonean. Balea-ehiztari haiek paisaia berberari begiratzen zioten, gaurko bisitariek bezalaxe, baina beren begiek beste zerbait bilatzen zuten: biziraupenerako aukera, eta agian, itsasoaren misterioei aurre egiteko ausardia. Udako egun eguzkitsuetan bainua hartzeko toki aproposa da, herriko gainerako hondartzekin alderatuz, jende guti bertaratzen baita. Behin freskatuta, Erretegia hondartzatik aitzina segituz, herriko plaza aldera joateko bi bide har daitezke. Bata etxebizitza zuri eta gorriak ikusteko aukera eskaintzen duen bide lasai eta ez oso erabilia da; hau da, Erretegia karrika. Bestea, berriz, RN10 errepide nagusi eta mugitua da. Udan sekulako auto metaketak sortzen dira bide horretan, eta eskaintzen duen panoramika eder bakarra hego ekialdetik zutitzen diren mendi tontorrak dira. Erretegiatik abiatu eta Bidarteko herrigunera doan bidea hartu bezain pronto, ezkerraldera, Lapurdiko mendialdea zabaltzen da. Artzamendi urrun samar baina garbi ikus daiteke, eta bere atzetik, egun argietan, Larhun mendiak altxatzen du bere silueta zabala. Zerua oskarbi bada eta airea garbi, begiak urrunago eramaten ahal dira: Zuberoako muinoak agertzen dira urrun, eta haien artean, Orhi mendiak gailentzen du bere itxura sendo eta bakartia, Okabe eta, oso noizbehinka, Auñamendi bera, Pirinioen bihotzaren oihartzun zaharra, zeruaren urdin ilunez margotua. Plazaren bihotzean, eliza, frontoia eta ostatu zaharrak elkarren ondoan, ohitura eta ospakizun askoren lekuko dira. Etxeen kolore zuri eta gorri homogeneoek xarma berezia ematen diote. Alta, inguruan gertatzen ari diren aldaketak -garraio berriak, turismoaren presioak, bigarren etxebizitzen emendatzeak- tokiko egunerokoa eraldatzen ari dira. Hala ere, oraindik ere badira garai zaharragoetako aztarnak herri honetan: latsagia zaharra, 1937an eraikitako Herriko Etxea, eta auzokoek plazan elkar agurtzeko duten ohitura. Horietan guztietan gordetzen da Bidarteren arima. Bidarteko herriko etxea. Patxi BELZAIZ Bidearekin segituz, Bidarteko herrigunea atzean utzi eta kostaldeko bideetatik jarraitzen duenak Plage du Centre izeneko hondartza topatuko du; euskaraz ‘Erdiguneko Hondartza’ dei genezake. Herriko surfaren bihotza da: Bidarteren izena duen surf eskola bertan dago, bi ostatu xume baina atseginen artean. Hondartzara iristeko, itsaslabar baten gainetik doan bide estua jaitsi behar da, itsas haizeak moldatutako belar artean. Patarrean behera, hareatza bat zabaltzen da, eta olatuek berehala erakusten dute zergatik den hau surflarien paradisua. Erdiguneko Hondartzatik hegoaldera segitu eta Les Embruns izenez ezagutzen den hondartzara iritsiko gara Uhabia karrikatik; euskaraz ‘Itsas-lurruna’ edo ‘Kresala’ dei genezake. Ez da handia, baina xarma berezia du: Erdiguneko Hondartzatik Kresalara arte, surf eskolek beren ikasleak gidatzen dituzte olatuez gozatzen ikas dezaten. Maila guztietako surflariak ikus daitezke: lehen aldiz olatua hartu nahi dutenak, itsasoari errespetuz begiratzen diotenak, eta jada marea zein olatuak menderatzen dituzten beteranoak. Bideak behera jarraitzen du, eta pixkanaka, Uhabia agertzen da, Bidarteko hondartza handiena, eta aldi berean, luze-zabalean ikusgarria den natura gune bat: urre koloreko hondarra, labar artean, eta itsasoa zabaltzen den tokian, hondartzari eskaintzen dion Uhabia izeneko ibaia bertara isurtzen den lekua. Azkenik, Lapurdiko Getariarantz segituz, Parlementia hondartzaren ataria dago. Hau da Bidarteko eta Getariako mugako altxor urdina, inguru honetako ezagunena surf munduan, baina baita haizea, eguzkia eta isiltasuna maite dituen ororentzat ere. Hondarrak, olatu handiek eta mendebaleko haizeak azken agurra eskaintzen diote gure bisitari.