AUG. 23 2025 - 00:00h American Dream Annie Ernaux idazlea, 2022an hartutako irudi batean. (Frankie FOUGANTHIN | WIKIMEDIA) Garazi Goia Idazlea Annie Ernauxen idatzietara askotan egiten ditut itzulerak. Iraganeko mamuak eta bizkarrean (edo barrenean) eraman dituen pisuak kudeatzeko duen maisutasuna miresgarria iruditzen zait. Iraganean izan zena fikzionatu ordez, orduko bere pertsona deseraikitzen ari dela esaten du. Bere aitari buruz idatzi zuen liburuan, “Lekua” izenburukoa, bere gurasoen bizitzetatik eta testuinguru sozialetik nola urruntzen joan zen deskribatuz kontaketa zuzena egiten du. Ez da terapia moduan edo katarsi baten bila joanez egiten duen ariketa; aldiz, bere bizitzako une ezberdinak eta esperientziak erabiltzen ditu egia azaleratzeko. Beste mundu edo errealitate batera mugitzean batek sentitzen duen traizio moduko horrekin aurrez aurreko elkarrizketa bat izaten du, eta Ernauxek guztion partez idazten du. Idazleei ematen dien aholku bakarra -bere hitzetan halakotzat jo badaiteke- hau da: «Idaztean arriskurik ez baduzue hartzen, ez du ezertarako balio». Norberarekin hain ariketa zintzoa egitea ez da erraza; sentimenduak eta memoriak disekzionatzeko bakoitzak daukan gaitasuna noski ez da Ernauxen mailakoa, eta subjektibotasunerako eta distortsioetarako joera duten alter-egoekin bizi gara. Duela hogeita hamabost urte idatzi nuen eskutitz bat erakutsi didate aste honetan, Amerikako Estatu Batuetara joan zen izeba bati idatzitakoa. Haur baten inozentziatik egindako kontaketa maleziagabea zen: futbola, eskola eta eguneroko anekdotak. Paragrafo berean, puntu eta bereizirik gabe, sakontasunean gora egiten nuen: noiz itzuli behar zen galdetzen nion; “hau” “hura” baino hobe egiten zuten gauzak iradokiz eta euskara ahaztuko ote zitzaion beldurra transmitituz. Bera bizi zen estatuan izandako lurrikara batek eragin ote zion galdetzen nion baita ere, hango distantzia eta dimentsioen erreferentziarik gabeko pertzepziotik. Orduko haurraren begirada. Urte berdinak dituen nire alabak ez zuen ulertzen zergatik egiten nizkion galdera horiek; “hau”’ eta “hura” bateragarriak dira bere buruan, aukera bat beste edozeinen baztertzailea izan daitekeelako kontzeptua arrotza zaio eta behin-behinekoa da aukera bakoitza, beste aukera berri eta hobe bat aurkitzen duen arte. Nire amonak hara egindako bisita batean «han ere zakurrak oinutsik ibiltzen dira» esan zidanean, iraunkortasunaren beldurretik egindako gogoetaren eragina bazegoen hor, zalantzarik gabe. Traizioaren hartzailearen begirada. Ez dakit American Dream bat izan zen G-k bilatu nahi izan zuena. Zalantzarik gabe, bere American Dream partikularra zen, baina ziurrenik Finlandia edo Australiak ere balio izango zioten modu berean, orduan sentitzen zuen hura baretzeko. Orain, ia berrogei urteren ostean, denborak ematen duen perspektibatik, elkarrekin hausnarketa egitea hunkigarria izan da. Inprobisatutako leku idiliko batean, zirkulua ixten duen une perfektu bat bezala. Egia azaleratzen du Ernaux estilora, orain daukana estimatuz eta egin duenari buruz bakean. Irribarretsu eta indar izugarriarekin. •