AUG. 23 2025 - 00:00h Burbuilak Amagoia Mujika Gaur8ko koordinatzailea Batzuetan burbuila bat puzten da eta barruan harrapatzen zaitu, plot. Gerta daiteke antzezlan bat ikusten, egoera batek sekulako grazia egin eta zure algara ingurukoenarekin nahasten dela konturatzen zarenean adibidez. Elkarrekin barre egiten duen herria inoiz ez da hilko. Edota gerta daiteke taberna jendetsu batean abesti sonatu batek han dauden denak burbuila berean sartzea; kolore, adin, pentsaera, bizimodu desberdineko jendea kanta beraren barruan sartuta. Iruñeko momentikoak horrelako zerbait direla esango nuke -iruindarren baimenarekin-. Sentipen berezia da. Gutar garela gogorarazten diguten uneak, emozio kolektibo bat norbere paparrean. Festagune batean gertatu zait. Barra ertzean trago batekin lasai. Festarako baino, pasaeran dabilenaren pausajeaz. Ingurura begiratu eta konturatu naiz burbuila bat harrotu dela han, nire begien aurrean. Jende gaztea eta batez ere askea, gorputzak gorputzak igurtziz, egiatako irriak, laguntasunaren gorazarrea, algarak, dantza, kantua... Janzkeretan, jarreretan, ibilkeretan, dantza estiloan... askatasun infinitua arnastu dut bat-batean. Haize ufada lotsagabe bat barraren ertzetik begira dagoenarentzat. Begira dagoen señorarentzat. Gaztea izatea zein gauza ederra den pentsatu dut. Gaztea eta askea izatea are ederragoa dela. Eremu seguruak festa egiteko primerako tokiak direla. Buruan ditugun apalategi zurrunak eta pareta umelak birrintzeko ariketa egin beharko genukeela. Gaurko gazteez harro beharko genukeela. Eta, pixagurearekin, plot, burbuilatik atera naiz nahi gabe. Txikiegiak izaten dira burbuilak. •