AUG. 23 2025 - 00:00h Zer eta nola gogoratu Iraitz Mateo Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Koadro zuri-gorriak dituen mantel bat mahai luze baten gainean. Alde batean pare bat ardo botila huts, alboan jada pegatina erortzen ari zaien hiru sagardo botila, ondo hustuak hauek ere. Mahaiaren erdigunean gazta erdi bat eta labana, ogi papurren bat eta menbrilloa beharrean, sagartxoa duten bost bat mugikor buruz behera. Edalontzi zikinen inguruan epeltzen hasiak diren garagardo latek iragartzen dute bazkalosteak luze jo duela. Ez du inork gonbidatu, baina guztiek dakite etorriko dela, eta azaldu da. Hamasei urte zituztenetik lagun taldeko otordu guztietan agertzen den anekdota berriro ere mahai gainean dago, ea nork hozka egingo. A-k atera du gaia, ohiko bizitasunarekin kontatu du nerabezaroko uda hartan igarotako gaua. M-k hitza kendu dio, berak lagundu behar izan ziola etxera, eta ez zela horrela izan kexatu da, B ez da eztabaidan sartu, ez omen da ongi gogoratzen baina bozkatu behar balute M-ren alde egingo lukeela bota du. L-k berak ez zegoela, baina jada beraiek baino hobeto dakiela istorioa eta entzuteko berari egin du erregu. Bakoitzak bere ikuspegi propioa du, eta barre egin dute elkarrekin, bakoitzak zeinen desberdin gogoratzen duen ikusita. Dugun/daukagun memoria eta egiten dugun memoria ezberdintzea garrantzitsua dela irakurri nion norbaiti, ez baita gauza bera, nahiz eta sarritan ezberdintzea kosta. Pankarta bat dela-eta iritsi ziren pasa den astean Txiki eta Otaegi mantel gainera, berripaperetara, pankartetara eta sare sozialetara; nahiz eta herri honen gehiengoaren gogoan aspaldidanik egon, hain zuzen ere, duela 50 urtetik. Eta koadrodun mantel klasikoaren inguruan, guztiek dute iritzi bat, guztiek ñabartu nahi dute historia, eta batzuek asmatu eta sinetsi egin dituzte euren istorio propioak. Inork ez du barrerik egin. Alberto Alonso izan da txispa piztu duena: «Txiki eta Otaegik ez zuten askatasunaren alde borrokatu, beraien ikuspegia inposatu nahi zuten». Eta jarraian, frankismoak erabilitako «tresna berak» erabili zituztela gaineratu du. Zurrumurruak entzun dira alde guztietan, ia inor ez dago ados, baina mahaiburuan eserita dagoenak isilik jarraitzen duenez, bereak lasai botata altxatu da Alonso jauna bere Gogorako besaulkira. Jada mahaitik kanpo dago, baina belarria piztuta mantendu duen Iñigo Urkulluk ere hurbildu nahi izan du bere desadostasuna adieraztera, pentsa. Eta beste batzuen esanak ez dira entzun ere egin mahaian. Aspaldi gorde nuen Virginia Woolfen aipu bat, eta, mantelaren izkina altxatuta, oihartzun egin dit aste honetan berriro: «Ezer ez da benetan gertatzen memoriak eutsi eta gordetzen ez duen bitartean». Zer eta nork gordetzen duen badago aldea, eta gaur-gaurkoz, memoriak eta botereak harreman estuegia dute. «Uste dut memoria dela herri bezala iragan luze-luze-luze horretatik zer gogoratu nahi dugun eta zer ez dugun gogoratu nahi. Nortzuk isildu nahi ditugun eta nortzuei eman nahi diegun ahotsa, eta zergatik egin nahi dugun hori», Olatz Dañobeitia dixit; mahai-inguru batean esanagatik, ez dute mahaikoek entzun. Ahanztura sozialek eta egia inposatuek indar handiegia baitute oraindik herri honetan. Memoria egin egiten da, aitortza eta erreparazioa egin egiten diren bezala, eta beharrezkoa da hausnarketa horiek ematea, egitea. Baina hori ez da epeltzen hasiak diren garagardo laten artean eraikitzen. •