AUG. 30 2025 - 00:00h Taldeak Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Elkartzen eta banatzen gaituzten talde edo jende-multzoetan antolaturik bizi gara. Talde batzuetan elkarlanerako gaude; ekoizpen eraginkor batean pentsatzea besterik ez dago, besteak behar ditugu, lagun izan edo ez. “Elkarkidetasuna” esaten diogu. Baina aurkako eragilea ere badago taldegintzan, identitarioki harremantzen garenean gu ez garen “besteak” multzokatzen ditugu, gehienetan arerio gisa kontsideratuz eta tartean partida garrantzitsu bat jokatzen ariko balitz bezala parte hartzen dugu. Errepasoa egiten badugu, ohartuko gara zenbatetan sortzen ditugun dikotomia-taldeak subjektibotasunak jota; zeren eta, agian, ez gara beste talde horretakoekiko hain desberdin, edo berdintasun elementu asko egon daitezke. Adingabeko eskola patio baten moduko jarrerak, helduen patioan. Ez dakit gainerako fakultateetan nola gertatzen den, baina euskal arkitekturan unibertsitate publiko eta pribatuen artean talde identitarioak sortzen dira. Donostiakoa, publikoa, eta Iruñekoa, Opus-ek eramaten duen unibertsitatea. Non ikasi duzun, horrek talde batean jartzen zaitu de facto, eta eremu askotan nahasketa ez da gertatzen edo gertatzea saihestu egiten da, integrazioa neurtuz beti eta zuhurtzia handiz jokatuz. Denok dakigun arren Iruñekoan ikasi izanagatik ez dagoela kutsu erlijioso gaineraturik, beste motibazio batzuek eramaten dutelako bertan ikastera. Baina bien arteko pikea historikoa da, edo irrazionala, urte luzez praktikaturikoa, eta arkitektoak taldekatzen dira ikasketak burutu dituzten lekuaren arabera, informazio datu esanguratsua izango balitz bezala. Begiradaren arabera norabide batean edo bestean iritzia baldintzatzera eramaten gaitu, alegia. Batean edo bestean ikastea ez da gauza bera, noski. Baina taldekatzeak eramaten du «nor den hobea» lehiara. Nork eramaten dituen sari gehien, zenbat arkitekto iristen diren “urruti” hobetsitako ibilbide profesionalaren bidean. Fakultatearen curriculumari begira, desberdintasunak txikiak dira, eta gainontzeko ikasketetan bezala, desberdintasunak irakasleriak ezartzen ditu, eta denetarik dago. Hemendik aurrera irakurriko duzuna komatxo artean jaso ezazu, idazten duena publikoan ikasitakoa dela jakin behar duzulako. Eskola pribatuan arkitektura eta arkitektoaren irudi eta ogibide klasikoagoa irakasten dela ematen du, eraikitzen dituzten eraikinetan antzematen dena. Hormigoi ikusiaren erabilera oso zabaldua dago Iruñean ikasitakoen artean, eraikuntza elementuen erabilera erritmiko eta homogeneoa, dekorazioaren desagerpena, testuinguruarekiko keinu sotila, neotradizioaren arrastorik gabea, forma geometriko ortogonalak. Arkitektura modernoak ezartzen dituen ezaugarriekiko atxikimendu zorrotzagoa. Estilo edo egiteko modu bat ezarriago dago, Donostian ikasitako arkitektoen artean ez dagoena, eklektikoagoa da. Agian une honetan ikasle direnei galdetu beharko genieke ea zer pentsatzen duten, ea non dauden arrakalak, halakorik badago, eta agian oinordetzan hartutako sailkapen sistematikoa doituko litzateke pixkatxo bat. •