SEP. 13 2025 - 00:00h Protestatu, baina ez molestatu Erika Lagoma Bertsolaria Gu ta gutarrak taldearen “metaforen gerratea” kantak errana da «berben jabe izatea, da arma fulminantea». Era berean, edozeinek, edozelan, erabiltzearen ondorioz erranahia galtzen ari dira horietako aunitz, nardagarri bihurtzeraino. Hitza bere horretan, soltean, testuinguruari lotu gabe, pisu gutxiko artefaktua da. Hitzen lapurrez inguratuta gaude. Espainiako Itzulian Israelgo estatua Palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa salatzeko burutu diren protesten harira adierazpen gogoangarriak entzun ditugu. Azken bolada luzean hau da joera: politikoki zuzena izan behar da, manipulaziorako gaitasuna eduki, lotsa gutxi, zure katedrarentzat hitz egin eta, batez ere, herritarrak tontotzat hartu. «Gaur ez zegoen auzitan adierazpen-askatasuna edo protestatzeko eskubidea, eta ez zegoen auzitan Palestinako egoera, uste dut gizarte honen gehiengoak oso argi duela bere jarrera horren aurrean; hori bai, modu baketsuan eta segurtasunez egin behar da, eta ikusi ditugu gizabidezkoak ez diren jokabideak, segurtasuna eta elkarbizitza arriskutan ipini dutenak». Laburbiduz, protestatu baina ez molestatu. Edo, protestatu ezer ez aldatzeko. Nepalgo protestariak ere inzibikoak izango dira. Zer axola dio urteetako gobernuaren ustelkeriak, herritarren arteko desberdinkeriak, politikarien seme-alabak luxuzko kotxeak gidatzen ikusteak, istiluetan hemeretzi pertsona hiltzeak, 300 zauritzeak…? «Palestinarekin elkartasuna adierazi du eta kritikatu egin ditu, bai Israelek darabilen biolentzia, bai Hamasen hilketak». Zein elkartasun da hori? Zapaltzailea eta zapaldua maila berean jartzen badira ez da elkartasuna. Zer espero da lurrak lapurtu dizkioten pertsonaz? Mehatxupean bizi denaz? Aire librean dagoen kontzentrazio-esparru batean bizi denaz? Zibikoa izatea? «Kirola politikatik urrun mantentzen saiatu behar dugu, uste baitut hemen gauden gehienok ez garela politikaz hitz egitera edo gai horietan sartzera etorri; kirolarekin gozatu nahi dugu, gure %100 eman eta mundu hau leku hobea bihurtu». «Kirola eta politika ez dira nahastu behar» edo «gauza bat da kirola, bertze bat gerrak, eta bertze bat politika». Faborez. Kirol ekitaldiak naziotasunaren, ahal dutenen, gorespena dira, ereserkia, bandera, banderaren koloreekin pintatutako aurpegiak, pelukak… Munduko kopak, Euroligak, Israel-Premier Tech, UAE, Real Madril… kirola erreminta politikoa da argi eta garbi, salbuespenik gabe, 1936an Hirugarren Reichak antolatu zituen Berlingo olinpiadak bezalaxe. Zer ez da ba politikoa? Beti egon dira urtikaria sortzen duten esaldiak. 2025ean gauden honetan, errepideak eskumarantza bortizki garamatzalarik, desagertu ez direnak; are gehiago, hainbat politikariren, kazetariren eta sareetako kalakarien ahotan trankil asko aditzen ditugunak. Badakigu egia ez dela absolutua, baina badakigu, gezurrak, errepikatzearen poderioz, egia bihurtzen direla. Adierazpenak ez dira auzitan jartzen, datuak ez dira kontrastatzen, iritzi guztiak maila berean jartzen dira. «Ni ez naiz matxista, ezta feminista ere». Zapaltzailea eta askatzailea pareko. «Ni ez naiz nazionalista, munduko biztanlea naiz». Ezjakintasunak erraz eusten dio ideia orori, baita lekutik mugitu nahi ez izateak ere. “¡Comunismo o libertad!”, dio Isabel Diaz Ayusok, “¡Viva la libertad, carajo!”, Javier Mileik. Noren askatasuna? •