SEP. 20 2025 - 00:00h Hizkuntza eta pasioa Asier Aiestaran Kazetaria Abuztuaren bigarren hamabostaldia. Mendi inguru baten peskizan eta leku berriren bat ezagutu nahian, zoriak ere bere kartak jokatuta, Gosol herrixkan amaitu dugu. Bergueda eskualdea da, Bartzelona eta Lleida arteko mugan, Pedraforca mendi ikusgarriaren magalean. Berehala konturatu gara ez daudela Kataluniatik kanpoko bisitariak jasotzera oso ohituta. Gure zorionerako. Inguruan katalan hiztun kontziente ugari egokitu zaizkigu. Katalanez egin digute lehen hitza ia beti, askotan baita bigarrena ere -nahiz eta guk gazteleraz erantzun behar izan-, eta katalanak ez garela konturatzean hirugarrena gazteleraz egiten hasi direnean, mesedez eskatu diegu katalanez jarraitzeko lasai, den-dena agian ez baina jardunaren gehientsuena ulertzen diegula. Goiz batean mendi bueltaxka egin dugu Moli de Gosol inguruan. Ur botila betetzera iturrira inguratu garenean, alboan eserita dagoen bertako bikote bati atentzioa eman dio gure artean euskaraz hitz egiteak. Esan diegu baietz, oraindik bagaudela euskara hutsean hitz egiten dugun familiak Euskal Herrian. Ilusioa egin die hori entzuteak eta dezente luzatu den solasaldia abiatu dugu. Gizonezkoak futbol kontuak atera ditu: Atotxa ezagutu zuela -hura bai futbol zelaia!-, Goikoetxeak Maradona ehizatu zuen egunean San Mamesen zela, Boixos taldeko kidea izan zela baina uztea erabaki zuela... Emakumeak ere ezagutzen omen du Euskal Herria, abesbatzarekin egindako bidaiei esker. Hizkuntzaz ere pasioz jardun dugu: ze injustua den gure hizkuntza babestu nahiari inposaketa deitzea, inposaketa beraiena dela, 31 eskutik eduki eta hala ere tranpetan jarduten direla... Eta halako batean ekonomiaz hasi zaizkigu: Kontzertu Ekonomikoa miresten dutela, zenbat ordaintzen dioten Estatuari, Estatuak zer portzentaje kudeatu nahi duen... Arrazoia dutela jakinda ere pasioa amaitu egin da, eta “adeu” esanda aurrera jarraitu dugu. •