SEP. 22 2025 - 13:27h Lantegiko sortzailea izan zen Lopez de Letonari buruzko erakusketa, La Encartada Museoan Santos Lopez de Letona La Encartada SAren sortzaileetako bat izan zenaren heriotzaren mendeurrenean, haren bizitza gogoratzen duen erakusketa du ikusgai La Encartada Fabrika-Museoak. 1892an Mexikora migratu zuen ekintzaileak Balmasedan sortutako negozioaz gain La Josefina zabaldu zuen Usansolon. Encartada Fabrika Museoa, artxiboko irudian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GAUR8 Balmasedako La Encartada Fabrika Museoak ‘Bi munduren artean ehundutako bizitza’ erakusketa du ikusgai Santos Lopez de Letona Apoitaren (1842-1925) heriotzaren mendeurrena oroitzeko. «Bizkaiko industriaren historiako funtsezko pertsona» izan zen eta «Encartada SAren sortzaileetako bat», azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan, «aurrerapenaren eta ekintzailetzaren konplexutasunari eta mugei buruz hausnartzera gonbidatzen» duen erakusketa da, eta, aldi berean, dituen «ikuspegi inklusiboa eta konprometitua» nabarmendu du, «lehen aldiz emaztea enpresariaren arrakastarako funtsezko figura gisa txertatzen baitu».Enpresariaren bizitzan zeharreko ibilbidea planteatzen du erakusketak alde ezezagunetara hurbilduz, eta bi kontinenteen arteko benetako zubiak eta sinbolikoak eraikiz. Indiano aberastuaren estereotipotik urrun, Lopez de Letona inbertitzaile ausarta, enpresaburu ameslaria eta Puebla eta Bilboko hiri eta industria garapenaren funtsezko aktorea bihurtu zen, Foru Aldundiak azpimarratutakoaren arabera.Santos Lopez de Letonak Mexikora migratu zuen 1892an eta Pueblako elitean sartu zen Josefa Gomez de Rueda y de la Fuenterekin ezkondu zenean. Bertan, hiriko arkitekturan, industrian eta hirigintzan aztarna ezabaezina utzi zuen. Bizkaira itzuli zenean, aktiboki parte hartu zuen Bilboko Zabalgunearen diseinuan, eta Bizkaia Zubiaren finantza-bultzatzaile nagusia izan zen, UNESCOk Munduko Ondare izendatu baitzuen 2006an, gogoratu du Bizkaiko Foru Aldundiak.La Josefina sortu zuen Usansolon, oraindik martxan jarraitzen duena, eta La Encartada SA Balmasedan, gaur egun Europako museo industrialen artean erreferente dena.‘Bi munduren artean ehundutako bizitzak’, notario-dokumentuen, argazki historikoen eta pieza originalen bidez, «Lopez de Letonaren alderik gizatiarrena eta polifazetikoena agerian uzten du: familia eta gizarte bizitza, berrikuntza teknikoarekiko konpromisoa, hiri-ikuspegia eta erabateko eraldaketan dagoen munduan aukerak detektatzeko gaitasuna».Erakusketarekin batera egingo diren jardueren artean, La Encartada Fabrika Museoak Pueblako Unibertsitate Autonomo Benemeritarekin (BUAP) elkarlanean antolatutako solasaldi bat hartuko du urriaren 1ean, Lopez de Letonaren irudiari buruzko begirada osagarriak emango dituzten lau aditu bilduko dituen topaketa batean.