OCT. 03 2025 - 00:00h India Arie soul abeslari konprometituak 50 urte bete ditu Bi Grammy irabazi ditu India Ariek bere lanengatik, eta beste bi kolaborazioei esker. Soul estiloko egungo abeslaririk esanguratsuenen artean kokatzen den musikari honek, 50 urte betetzen ditu gaur. India Arie, Belgikan eskainitako kontzertu batean. (Chris Hakkens | Wikipedia) GAUR8 1975eko urriak 3an Denverren jaioa, txikitatik harreman handia izan zuen musikarekin India Ariek. Hamahiru urte zituela Atlantara joan zen eta amak gitarra jotzen irakatsi zion. Atlantako hiri-musikaz jabetzen hasi zen orduan, eta Groovement musika-kolektiboan eta EarthShare diskoetxe independentean parte hartzen hasi zen, bere lehen kantetako batzuk horiekin argitaratuz. 1998an, bira luze baten ondoren, Motown disketxearekin sinatu zuen. ‘Acoustic soul’ (2001) bere lehen albuma argitaratu zuen, horretan lanean bi urte eman ostean, eta neo soularen lagin onenetako bat bihurtu zen. Bere lehen ekoizpenak, ‘Video’ delakoak, oihartzun handia izan zuen musika-eszenan, eta haren atzetik beste arrakasta batzuk etorri ziren, hala nola ‘Strength, courage & wisdom’ eta ‘Brown skin’. Urtebete geroago, Ariek ‘Voyage to India’ delako album berrirako gaiak bildu zituen, 2002ko irailean argitaratzeko. Album horrekin bi Grammy irabazi zituen, bata R&B-ren album onenari eta bestea Urban kanta onenari ‘Little things’ kantarekin. 2006an, ‘Testimony: Vol.1 Life & Relationship’ izeneko diskoa argitaratu zuen, eta Billboardeko hot100aren lehena izatea lortu zuen horrekin. Urte horretan bertan Sergio Mendesekin ere lan egin zuen ‘Timeless’ abestian. Aktibismoa 2010an Haitiko lurrikararen biktimei laguntzeko 70 artisten artean egindako ‘We are the world: 25 for Haiti’ abesti solidarioan parte hartu zuen, eta ‘The Imagine Project’ lanean ere aritu beste hainbat abeslarirekin batera. Urte bereko udazkenean, Carlos Santana gitarristaren ‘While my guitar gently weeps’ abestiaren bertsioari ahotsa jartzeko gonbidatu zuten. Garai horretan irabazi zituen beste bi Grammy, beste artistekin partekatuak; Dobet Gnahorekin egin zuen ‘Pearls’ kantagatik, Urban saileko interpretaziorik onenari (2011) eta ‘Imagine’ abestiagatik Pop ahotsekin kolaborariozik onenari. 2012an emakumeen aldeko ‘30 abesti/30 egun’ ekimenean ere aletxoa jarri zuen. Urtebete beranduago argitaratu zuen bere bostgarren diskoa, ‘Songversation’. Horren baitan ‘Breathe’ lana aurkeztu zuen, Black Lives Matters mugimenduan inspiratua. 2019an argitaratu zuen bere seigarren diskoa, ‘Worthy’. 2022an beste artista batzuekin bat egin zuen bere musika Spotify plataformatik kentzeko eskatzeko asmoz, plataforma horrek Joe Rogan aurkezlearen podcasta ere eskaintzen duelako, eta honek arrazari buruzko lengoaia desegokia erabili izan duelako.