OCT. 05 2025 - 00:00h Ondarroatik New Yorkera salto egin zuen Kirmen Uribek 55 urte bete ditu Gorputza New Yorken, baina begirada beti Euskal Herrian jarrita du Kirmen Uribe idazleak. 1970eko urriaren 5an jaio zen Ondarroan; nahiz eta mundu osotik ibili izan den, inoiz ez ditu bere sustraiak ahazten, eta horiek izan ohi dira bere testuen oinarri. Asier Altuna zinemagilea eta Kirmen Uribe idazlea, Zinemaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GAUR8 Kirmen Uribe Ondarroan jaio zen arrantzale familia batean, gaur duela 55 urte. Gasteizen ikasi zuen Euskal Filologia eta Literatura Konparatuzko graduondokoa burutu zuen gero Gasteizen bertan eta Trenton.Gaztetxotan poesia irakurle sutsua zen (Leonard Cohen, Dylan Thomas, Lorca...) eta 14-15 urterekin idatzi zituen bere lehen poemak. Nobela klasikoei ere gustua hartu zien. 1995 urtean, intsumiso izateagatik kartzelan zegoela, irabazi zuen bere lehen literatur sari handia, Becerro de Bengoa Saiakera saria hain zuzen ere, Jon Elordirekin batera moldatu zuen ‘Lizardi eta erotismoa’ lanarengatik.Horrez gain, bi poema-liburu ditu: ‘Bitartean heldu eskutik’ (2001, Susa, Kritika Saria) eta ‘17 Segundo’ (Susa, 2019). Eta lau eleberri: ‘Bilbao-New York-Bilbao’ (Elkar 2008), ‘Mussche’ (Susa, 2012), ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (Susa, 2016, 111 Akademia Saria eta Kritika Saria) eta ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa, 2021, Espainiako Kritika Saria). Berriki ‘En mis sueños siempre tienes veinte años’ (Visor Libros) poema aukeraketa ere argitaratu dute Madrilen. Musikarekin ere izan du harremana, Mikel Urdangarinek, Uriberen testuetan oinarritutako ‘Bar Puerto’ diska kaleratu baitzuten 2000 urtean, eta Josu Eizagirrek DVDa egin zuen. Hiru urte geroago, Urdangarinekin berriro ere, eta Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedarekin batera, Mikel Valverderen ilustrazioekin, ‘Zaharregia, txikiegia agian’ CD-liburua argitaratu zuen. Euskaratik munduraHainbat hizkuntzatara itzulia, bere liburuak sona handiko argitaletxeek atera dituzte munduan zehar, hala nola Gallimard (Estatu frantsesa) edo Coffee House Press etxeek (Estatu Batuak). Japoniarrera Hakusuisha argitaletxeak eraman zuen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ eta Nami Kaneko itzultzaileak zuzenean itzuli zuen euskaratik. Egin zuen aurkezpen biran emanaldia eskaini ahal izan zuen Tokioko Shinjuku auzoan zegoen eta euskal artistak beti esker onez jaso izan zituen Cafe Lavanderia ezagunean (pandemia ostean ateak itxi zituen). Hain justu, ‘Bilbao-New York-Bilbao’ lanak eman zion nazioarteko ospea, horri esker Kritika saria irabazteaz gain, Espainiako Narratiba Saria ere irabazi baitzuen. Bere lanak ‘The New Yorker’ edo ‘The Paris Review’ bezalako aldizkarietan agertu dira. 2017an Iowako Nazioarteko Idazleen Programarako (IWP) hautatu zuten, eta 2018an New Yorkeko Liburutegi Publikoak idazketa beka eman zion. Geroztik, New Yorken bizi da. Handik, Euskal Herriko hedabideetan parte hartzen du sarritan, eta maiz etortzen da bere sorlekura.Izan ere, Asier Altuna zinema zuzendaria bere ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ lanean oinarritu da ‘Karmele’ filma sortzeko, Zinemaldian ikusi ahal izan dena. Karmele Urresti erbesteratuaren historia kontatzen du. Filmaren aurkezpenean Uribe ere izan zen Donostian.