GAUR8

Asteklima EAEko Klimaren eta Energiaren Asteak ekintzara jauzi egitera deituko du gizartea

Urriaren 17tik 26ra Asteklimak, klima aldaketa eta energia trantsizioaren asteak, eredu jasangarriago baterako urratsen beharra azpimarratuko du hainbat ekimen eta jardueraren bitartez. Udalek jarduerak proposa ditzakete urriaren 10era arte.

Gatikan eraikizten ari diren energia azpiegitura berria. (Gorka RUBIO | FOKU)

2025eko Asteklima, energia trantsizioa eta klima aldaketa ardatz dituen ekimena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ospatzen da, Lakuako Gobernuaren mendeko Ihobek eta Energia Euskal Erakundeak.

Trantsizio energetikoa eta klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko lanetan aurrera egitearen beharra izango dira mezu nagusietako bi, «Euskadi energia eredu jasangarriago baterantz eta klima aldaketara egokituago eta erresilienteago den gizarte baterantz eramango duten ekintza indibidual eta kolektiboak bultzatuz».

Ihobe sozietate publikoak eta Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sustatutako ekimena da Asteklima, eta, hamar egunez, tokiko erakunde publikoek, ikastetxe publiko eta pribatuek, unibertsitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste eragile sozial edo ekonomiko batzuek antolatutako ekintzen programazioa izango du herritar guztiek parte har dezaten.

Helburu horrekin, Asteklimak 2025eko egitarauan jarduera berriak txertatzeko deia egin die aipatutako eragileei. Jarduerak doakoak eta irekiak izan beharko dira, eta «jakintzatik ekintzara» jauzi egitera bideratu beharko dira hainbat esparrutan, hala nola etxeko energian, mugikortasunean, kontsumo arduratsuan, ekonomia zirkularrean, naturan eta osasunean.

Aurkezten diren proposamenen ebaluazioan alderdi batzuk lehenetsiko dira, esaterako, argitasun pedagogikoa, inpaktua eta parte hartzea, irisgarritasuna eta inklusioa eta trantsizio energetiko eta klimatikoko mezuekiko koherentzia. Horrez gain, erreplikagarriak izatea ere baloratuko da. asteklima.eus webgunean dagoen formularioaren bidez egin daiteke inskripzioa, eta urriaren 10eko 14.00ak arteko epea izango da.

Era berean, Asteklimak aurten ere sarituko du euskal erakundeek klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean herritarren sentsibilizazio eta erantzunkidetasuna lortzen egindako ahalegina. Aurtengo edizioan sartzeko onartu diren proposamen guztiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.

Sariek tamaina desberdineko udalerri eta eskualdeetan garatutako ekimenak nabarmenduko dituzte, bai eta hezkuntza, gizarte eta ekonomia arloko proiektu nabarmenak ere. Guztira, sei sari emango dira, diploma batekin; ikastetxeei eta GKEei dagozkien sariek 1.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute, diplomaz gain.