OCT. 11 2025 - 00:00h Eredu bat Bartzelonako «Superilla» baten argazkia. (Claudia MAURIÑO - Marta VIDAL) Gilen Txintxurreta Beitia Arkitektoa Ingelesez turismo egiteari «sightseeing» ere esaten zaio, leku edo gauzak ikustera apropos joateko ekintza, eta, azken urteetan, milaka aldiz ikusi dugun argazki hori gure mugikorrarekin ateratzeko lehiaketa bihurtu da turismoa. Lekuak bisitatzeak, ordea, kale, plaza eta parkeetan alderrai ibiltzearekin zerikusi gehiago du niretzat, leku bakoitzaren atmosfera arnastearekin. Argazki tipikoa atera eta gero, hori bai. XIX. mende hasieran, Internazional Situazionistak, Guy Debord buru zuela, hiriko bizitza esperimentatzeko noraezean ibiltzearen jolasa proposatzen zuen; errutinari jarraitu ordez, esperientziez eta emozioez eginiko ibilbideak sortuz. Honek hiria modu intuitiboan bizitzea dakar. Senak eta ez beharrak gidatzen du gorputza, eta espazioak bata bestearen segidan agertzen dira, esperientzia bakar eta errepikaezinak sortuz. Hirietan ibiltzea esperientzia estetiko bat da. Askotan jarri izan dut Bartzelona praxi onaren eredu gisa, baina han egon berri naizenez, beste behin ere lerrootara ekarri nahi izan dut. Hiriak ezagutzen dituzunean, jada ez zara soilik museo edo eraikin esanguratsuetara joaten, paseatze hutsak eskaintzen duen plazeraz gozatzea aski izaten da, eta Bartzelonak badu zentzu horretan eskaintza zabala. Duela urte batzuk, Sant Antoni merkatuaren inguruan, hirigintza taktiko estrategien bitartez, Bartzelonako lehenengo «Superilla» gauzatu zen. Lehenengo proba hartan 6 etxadiren barnealdetik motordun ibilgailuak kanporatu ziren eta, pintura eta egurrezko altzariak soilik erabiliz, gaur egun auzoaren bihotza dena sortu zen asfalto hutsetik. Esperimentu honen eskutik, mundu osoan ikusi ditugu espazioak eraldatu dituzten proiektuak, Hernaniko Urbieta kaletik Times Square-ra bertara. Oraingoan, “superilla” kontzeptua “supereix”-arekin ordezkatu dute. Saiakera erradikalagoa egin da oraingoan, hiriko zabalgune osoan zehar guztiz oinezkoa izango den kale sare bat egitea erabaki baita. Hiru kaletik bat oinezko bihurtzea da helburua, eta lehenengo pausoa Consell del Cent kalean eman da. Cierto Estudiok zuzendutako proiektu konplexu honetan, 3 kilometroko ardatz horizontal bat zeharkako trafikoari itxi zaio, eta landaredia, banku, mahai eta bestelako hiri altzariz bete da. Kasu honetan ez da hirigintza taktikoa izan: proiektua behin betikoa da, apustua serioa dela eta atzera ezin dela egin argi uzten du. Sarritan esan ohi da plazak hiriko saloiak izaten direla, baina plaza gutxik lortzen dute kale honek baino hobeto sentsazio hori. Bertatik paseatzea lilura moduko egoera batean erortzea da, adin guztietako jendeak partekatzen baitu denona den esparru hori. Publikoa eta pribatua, luxuzkoa eta zatarra, modernoa eta zaharra… dena nahasten da 20 metro eskas dituen kale honetan. Izango dira eraikin modernisten fatxada ederrak, izango da Bartzelonako zorua osatzen duen panot (lauza) erregular eta garbia, edo izango da kalea kupula bat bailitzan estaltzen duen arbolen errezela, baina kale horretan zehar ibiltzeak lilura eta inbidia sortzen du aldi berean. Zeinen ederra, zeinen sinplea, zeinen ona. Hain da horrela, non alderdi politiko guztiek “supereix” hauen bariazioak eta egokitzapenak eskatzen dituzten, baita hasieran aurka egon zirenek ere. Eredua jada ez da zalantzan jartzen, proiektu partekatu bat da. Beldur nagusia, arrakastaz hiltzeko duen arriskua da. Bartzelonako batezbestekoa baino %14 gehiago igo dira alokairuak haren inguruan, eta, beste faktore batzuek eragin badute ere, gentrifikazioaren arriskua hor dago. Horrek ez du esan nahi hobekuntzak egin behar ez direnik, kontrara, hobekuntzak hiri guztian egiteko pizgarria izan beharko luke, edertasuna eta harrotasuna hiriko txoko guztietara zabaltzeko anbizioaz. Bartzelona laborategi bizi bat da arkitektura eta hirigintzari dagokienean. Bertan landutako esperimentuak mundu osoan zehar probatu eta garatzen dira, eta, zenbaitetan zaputzak ere egon badira ere, esperimentatzen, arriskatzen, ikasten eta egiten jarraitzeko konpromisoa duen hiria da. Norabide argi bat duen hiria, bertatik noraezean ibiltzera gonbidatzen duena. Bon viatge! •