OCT. 11 2025 - 00:00h Jolastuko al gara? Kafe Antzokian ospatutako urtebetetze festa. (GAUR8) Nerea Godoy Hezitzailea eta Bizipozako kidea Jolastu al zara inoiz kurkuluxetan? Edo, ba al dakizu kurkuluxak zer diren? Bilboko Kafe Antzokian aurkituko duzu erantzuna, eta zin degizut irribarre egingo duzula. 25 urte daramatzate elkarrekin jolasean, besteak beste, Ane Monna, Oskola, Karramarroi, Txintxeta, Klipa, Txorroskilo, Borragoma, Panpoxa, Mari Peka, Mister Kaskarin, Muturrandi, Morgan eta Pellot piratak, Pakito pinguinoa, Pepita, Bonbardino eta Jon jakintsuk. Pentsa, Mari Domingi, Olentzero eta galtzagorriak ere gerturatzen zaizkie negu aldean! Eta batez ere, haur eta gaztetxoak dira nagusi eta nagusi dira haur eta gaztetxo zirenak duela 25 urte, gaur egun, beren seme-alabekin batera kurkuluxetan jolasten direnak. Kurkuluxetan, familian, lagun artean Kurku deitzen dioten jolas, arnasa eta babes den horretan. Antzerkigintza, musika eta aisialdia oparitu zizkioten Bilbori duela mende laurden, euskaratik eta euskaraz kultura estu besarkatuz, dagoeneko bi hamarkadatik gora daramatzan koloretako amets zurrunbiloan. Biribilketan. Kalejira erraldoia da, elkarri eskutik helduta saltoka eta brinkoka Kafe Antzokian hasi eta munduko hamaika txokotara heldu dena: Venezuela, Kuba, Kolonbia, Marinaleda… enpatia, aniztasuna, elkartasuna eta berdintasuna lau haizeetara zabalduz. Antzerkiak, musikak eta kulturak hizkuntza guztiak ulertu eta herrialde-muga guztiak gainditzen dituztelako, kultura ilusioa da eta ilusioa ametsa. Ameslari talde batek eman zion hasiera jolas eder honi; euskara eskolako harreman mugatuetatik at plazaratu nahi izan zuten. Esan, ahalegindu, sortu, asmatu eta egin! Txiki eta handiak oholtzara igo, eta ehundaka dira amestu eta gauzatutako ikuskizunak. Batik bat Bizkaia inguruan ibilitako pailazoak eta bestelako artistak dira, eta haiekin batera, Dantzalamiak. Euskaraz gozatu eta sortu daitekeela oholtzaratuz, publikoa dantzan jartzen zuten haurrak zirenek. Eta zer da antzerkia, norbere burua ezagutzea ez bada. Galdetzea, nor naiz? Zergatik? Nondik nator? Nora joan nahi dut? Zer sentitzen dut? Nola adieraziko dut? Mela-mela eta blai-blai! Marijaia bera ezaguna da jolastia izateagatik, eta noski, berak ere badu Kurkuluxetanen berri. Urtero egiten du dantza eskuak gora-gora jarrita Zaparrada haur konpartsarekin. Txupina, irrintziak, muxu eta besarkadak eta… gora Zaparrada! Jaietako saltsa! Festaren taupada! Xune bularrean, kamiseta urdinak jantzi eta 10 egunez bazkariak, tailerrak, jolasak, ikuskizunak, kontzertuak eta abar antolatzen dituzte hurbiltzen den haur ororentzat. Eskuzabaltasunaren zaparrada, hori bai ospatzeko modukoa. Jatorrak eta bihurriak, aukera izanez gero, urarekin busti eta «ezetz harrapatu!» esango dizutenak mihia ateraz. Marijaiari besapeetan kili-kili egiten diotenak eta, bazkalorduan ere, jolasten jarraitzeko desiratzen daudenak. Haurrei hitza ematea, haurrak entzutea eta parte-hartzaile aktibo egitea, hau bai jolas polita. Urtebetetze festa. Aurreko urriaren 5ean, urtebetetze festa galanta antolatu zuten Kafe Antzokian, sorlekuan. Urte guztiotan bidelagun izandakoak elkartu ziren bertan; tartean, Porrotx, Yogurinha Borova, Txintxeta, Txorroskilo eta Borragoma eta kalez jantzitako beste hainbat pertsonaia. Zenbat oroitzapen eta zenbat etorkizun. Amestu al daiteke iraganarekin? Nostalgiaz oroitzen zituzten askok haur garaiak, antzerki eskola, ikuskizunetako dantzak, aterpetxeko gaubelak eta bizitakoak gogora ekarri zituzten tertulia goxoan. Esker onez eta bihotza beteta, oraina iraganeko amets hura dela ohartu ziren, eta hortaz, etorkizuna ederra izango dela dioen doinuaren pean ekin zioten berriro dantzatzeari. Zenbat ikuskizun, zenbat pertsonaia, zenbat abesti, zenbat ikastaro eta zenbat bidelagun, zenbat bide egina eta zenbat aurretik. Bilbo euskahalduntzeko bidean zenbat ahalegin, ameslari talde batek antzoki baten estalpean hasitakoa familia erraldoia da orain. Koloretako tarta erraldoiaren inguruan abestu zuten zorionekoak zirela, garela, eta beste horrenbeste urtez elkarrekin ametsetan jarraitzea opa zioten elkarri kandelak itzaltzerakoan. Amets egitearen ederrena partekatzea baita, jolasa bezala, elkarrekin goxoago. Gu bai aberatsak, zuekin ikasi dugunok bihurri izaten, koloreak maitatzen, Bilbo abordatzen, euskara kalera ateratzen, jaiak antolatzen, duguna partekatzen, aurpegia margotu eta mundua hankaz gora jartzen. Eskerrik asko bihotzetik bihotzera ematen duzuen guztiagatik, eta orain, jolastuko al gara kurkuluxetan? •